Sidenor: dominak eta zuhurtzia

Hiru urte dira Clerbil inbertitzaile taldeak altzairu enpresa erosi zuela, eta Jose Antonio Jainaga buruak ibilbidearen balorazio positiboa egin du. Epe motzeko etorkizunak, baina, beltzagoa dirudi; automobilgintzarekiko menpekotasuna handia da, eta «dibertsifikazioa» da argitzeko itxaropena.

Jose Antonio Jainaga Sidenorren jabea, enpresaren egoeraren berri emateko atzo eginiko agerpenean. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2019ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Hiru urte pasatu dira Clerbilek,Jose Antonio Jainaga buru duen inbertitzaile taldeak, Sidenor erosi eta altzairu ekoizlearen lema hartu zuenetik. Kudeatzaileak urte horien erradiografia luze-zabala egin zuen atzo, eta iazkoa «krisiaz geroztik izandako urterik onena» izan dela nabarmendu zuen, 56 milioi euroren irabaziekin. Dena, baina, ez dira argi izpiak bere diagnosian, eta hurrengo urteetan ekoizpenaren bolumena jaitsi egingo da. Beherakadari aurre egiteko, jarduna dibertsifikatzeko inbertsioak egin ditu. «Gure ekoizpenaren %70 auto industriara bideratzea ez da osasungarria», onartu zuen.

HIRU URTE ON

Clerbil taldeak 2016ko ekainean erosi zion Sidenor Gerdau multinazional brasildarrari, eta Jainagak harro nabarmendu zuen altzairu enpresak izandako «bilakaera positiboa». Emaniko kopuruen arabera, fakturazioa hiru urtean 670 milioitik 898 milioira igaro da Sidenor, eta 2016an milioi bat euroko irabazi garbia zena 56 milioiraino hazi zen iaz. Modernizazioari, kostuen murrizketari, eta «automobilgintzaren egoera onari» egotzi zien jabeak emaitza ona.

2019, KASKARRAGOA

Automobilgintzarekiko menpekotasuna, baina, bi ahoko ezpata da, eta Jainagak ohartarazi zuen bi urte barru «ezinezkoa» izango dela hain datu onak ematea. 2019ko lehen datuak eskuan dituzte jada, eta ekoizpena %10 jaitsi da. Fakturazio beherakada, gainera, are handiagoa izango da. 2020rako ez du espero datu hoberik. «Autogintza egonkortasun gutxiko aro batean dago, zalantza asko dituzte: auto elektrikoa, muga zergak... Autogintza enpresen erosketa politika zuhurra da. Auto salmenta jaisten denean lehengaiak erosteari uzten diote biltegietan duten guztia agortu arte».

85 MILIOI EURO BASAURIN

Sidenorrek «berrikuntzak» egingo ditu menpekotasun horri aurre egiteko. 85 milioi euroko inbertsioa egin du Basauriko fabrikako makinerian —taldeak duen handiena da, 900 langilerekin—. 2016az geroztik 175 milioi euro sartu dituzte bertan, Gerdau taldeak aurreko 30 hilabeteetan inbertitu zuena baino hiru aldiz gehiago. Horri esker, produktu berriak ekoitzi ahalko dituzte, «sektore ezberdinetarako». Besteak beste, haize errotak eta trenak egiten dituzten enpresak dauzkate begiz jota. CAFeko ordezkariak, esaterako, makineria ikusten egonak dira.

ENERGIA, METALA...

Altzairuarentzako bezero berriak aurkitzea dibertsifikatzeko modu bat da, baina ez bakarra, eta Sidenor «enpresak erosteko» prest dago, hori bai, beraiekin «sinergiak» dituztenak. Hiru motatako inbertsioak dituzte buruan: hondakin metalikoak birziklatzen dituzten enpresak —txatarra da Sidenorren lanabesa—, energia berriztagarri parkeak eraikitzea, eta energia berriztagarriak sortzea. «Guk diru pila bat bat gastatzen dugu energian. Gure energia, gainera, oso garestia da. Guk sortzea kostuak murrizteko modua litzateke».

«GAUZAK EGITEKO» DIRUA

Merkatuan mugitzeko, baina, dirua behar da. Sidenorrek bankuekin zuen zorra birnegoziatu ahal izan du —60 milioi eurokoa da—, eta uztailean Europako Inbertsio Bankuak 50 milioi euroko mailegua eman zion. Bi urte ditu erabiltzeko, eta hamar bueltatzeko. Horrenbestez, 100 milioi euroko poltsa du «gauza errentagarriak egiteko». Sinergiak lehenetsiko dituzte, baina ez dute zertan guztiekin lotura izan. «Enpresa asko» eskaini dizkiete, eta dei gehiago espero dituzte orain.

ARNASA AZKOITIARENTZAT?

Sidenorrek Reinosan (Espainia) zuen fabrikaren %75 saldu dio NFL enpresa taldeari, eta trukean 30.000 tona altzairu erosiko dizkio hurrengo sei urteetan. Horrek arnasa beharko luke Azkoitian (Gipuzkoa) duen lantegiarentzat, hark antzeko produktua ekoizten baitu. «Askotan esan digute bietako bat itxiko genuela. Bada, ez dago instalaziorik ixteko planik, eta izatekotan, aldi baterako litzateke». Baina nola? Merkatuaren joera beherakoa da, eta eskaerak betetzeko Azkoitiko fabrikak duen altzairu ekoizpeneko bi trenetako batekin aski balitz, Jainagak ohartarazi zuen bestea aldi baterako itxiko luketela lan erregulazio txosten baten bitartez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.