Onartzea da lehenengo pausoa

Konfinamenduagatik ezin lehiatu eta entrenatu daude kirolariak. Ez dakite horretan noiz hasiko diren berriz. Baina Unai Arrieta eta Amaia Ramirez psikologoek analisi baikorra egiteko eskatu diete.

Unai Arrieta psikologoa. BERRIA.
Mikel O. Iribar.
2020ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Arazo global bilakatu da COVID-19aren pandemia. Gaitzaren kontra ezarritako konfinamenduarengatik, goitik behera aldatu zaie egunerokoa goi mailako kirolariei. Kirol jardueraren inguruan antolatzen dute bizitza, eta orain, zailtasunak dituzte errendimendua lantzeko. Ezusteko itxialdi honek nor bere egoeran harrapatu ditu: batzuk, denboraldi hasieran, beste batzuk, une erabakigarrian; baziren udan Tokion jokatzekoak ziren Olinpiar Jokoetarako prestatzen ari zirenak. Eguneroko jarduna eten egin zaie bat-batean, eta lehiara noiz itzuliko diren ez jakiteak ziurgabetasuna eragin die psikologikoki.

Bide horretan, kirolariei laguntzeko lanean dihardute Unai Arrieta (Elgoibar, Gipuzkoa, 1981) eta Amaia Ramirez (Donostia, 1967) psikologoek. Biek aholkulari lanak egiten dituzte goi errendimenduko kirolariekin. Arrieta eskubaloiko jokalari ohia da: Bidasoan eta Arraten jokatu zuen.Egun, Euskal Karate Federaziokoekin dabil lanean, besteak beste. Ramirez, berriz, Bera Berako kirol zuzendari izan zen, baita bigarren entrenatzaile ere, Reyes Karrereren gidaritzapean. Gaur egun, besteak beste, Patxi Vila Movistarreko errendimendu arduradunaren aholkularia da.

Biek argi nabarmendu dute kirolarien lehen eginbeharra egoera bera onartzea dela: «Azken batean, ezin dute aldatu», zehaztu du Ramirezek. Horregatik, konfinamenduaren aurretik zituzten helburuak «birplanteatzea» eskatzen duela diote. Arrietak azaldu duenez, emaitzetara bideratutako helburuak zituzten lehen. Orain, ordea, «egungo egoerara» bideratu behar dituzte asmoak. Hala,egokitzen ikasi behar dute. «Eta ikasiko dute, egokitzen dakiten pertsonak baitira».

Bestela, pandemiaren ondorioz sortutako ziurgabetasunak entrenamenduaren eta planifikazioaren kontrola galaraziko die, adierazi dutenez. Horrek ondorio emozional asko eragiten ditu: urduritasuna, nahigabea, zalantza, autoestimu falta... Antsietate egoerara hel daitezke.

Lehiaketa falta ere oso garrantzitsutzat jo dute, kirolariak lehiatzeko entrenatzen baitira. «Horrek, eta etenaldia noiz amaituko den ez jakiteak, motibazio falta eragin diezaioke kirolariari», azaldu du Ramirezek. Horrenbestez, egoera berriarz «jabetu»behar dutela nabarmendu du. «Familiaren eta entrenatzailearen laguntzaz hobeto eraman dezakete hori».

Konfinamenduan, kirolari askok ez dute baliabide nahikorik teknika eta taktika lantzeko. Arrietak adierazi du hainbat teknika psikologiko planteatzen dituztela halako kasuetan. Lantzen dituzten teknika psikologikoetako bat bisualizazioa da. Iraganean bizi izan zuten lehiaketa jakin bat imajinatzeko eskatzen diete, eta egin zituzten ekintza tekniko «egokiak» identifikatzea. «Horrela, aurrerapausoak egiten laguntzen diegu, modu positiboan. Zientziak esaten digu horrelako kasuetan irudimenaz eginiko praktikak lagundu egin dezakeela».

Hainbat kirolari egoera honetan nahastuta daude, eta Ramirezek aholku batzuk eman dizkie: esaterako, ondo elikatzea eta atseden hartzea. Mindfulness-a lantzea ere ez du baztertzen: «Kirolariaren estresa neurtzeko eraginkorra da». Gainera, beren kirol modalitateari buruzko bideoak ikusteak ere mesede egingo liekeela uste du. «Unean uneko egoeraz gozatu behar dute».

Esperientziak, lagungarri

Bizi izandako esperientziak lagungarri izan daitezkeela uste du Arrietak, «baita autoestimua ere», gehitu du Ramirezek. Gainera, beharrezkotzat ikusten du iraganean autoestimua indartzeko balio izan zieten egoerak identifikatzea, eta oztopoak zer-nolako jarrerarekin gainditu zituzten jakitea. «Kirolamotibazio bat da, ezohiko egoera horri arrakastaz aurre egiteko». Arrietak, baina, zehaztapen hau egin du: «Ez beti». Azaldu duenez, arlo teknikoan, esate baterako, kirolariak jarduera bat behin eta berriro oker lantzen badu, zailago izango zaio hori aldatzea eta beste bat ikastea.

Arlo psikologikoan ere gauza bera gerta daitekeela zehaztu du. «Errepikapen egokiak egin behar dira». Argi du datozen egunak funtsezkoak izango direla: «Zenbat eta hobeto egokitu ezohiko egoera honetara, eta hobeto mantendu sasoia, orduan eta abantaila handiagoa izango du kirolari horrek itzultzean».

Dena dela, Ramirezek ohartarazi du kirolari asko jakitun daudela ez dituztela beteko urte hasieran ezarritako helburuak. «Baina luzera begiratzen badugu, lortuko dituzte beren kirol ibilbideko helburuak». Haren ustez, ezohiko egoera hau baliagarria da kirolariaren indarguneak zeintzuk diren jakiteko. «Analisi ona egin dezakete. Mundua ez da hemen amaituko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.