Iraultzaile txikien batzarra

Astebete barru hasiko da ACB ligako titulua erabakitzeko azken fasea, Valentzian. Baskonia eta Bilbo Basket bertan izango dira. COVID-19ak eragindako ezohiko egoera honetan, bi taldeak ezustea ematen ahaleginduko dira. Badituzte baikor izateko berriak eta estatistikak.

Bilbo Basketeko Balvin eta Baskoniako Fall, lehian, denboraldi honetan Miribillan jokatutako derbian. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
mikel reina
2020ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Konfinamenduan eta orain egiten ari garen lan guztia ACB liga irabazteko da». Argi mintzatu zen duela aste batzuk Dusko Ivanovic Baskoniako entrenatzailea. Alex Mumbru Bilbo Basketeko entrenatzaileak ere taldea egiten ari den lana nabarmendu du. Bi taldeek heldu den ekainaren 17a dute begiz joa, gaur zazpi ekingo baitiote ACBko azken faseari. Elkarren aurka jokatuz egingo dute, gainera, derbi batekin. Bi multzotan banatutako hamabi talderen arteko lehia izango da. Bi aste, ACBko txapelduna erabakitzeko. Valentziako Fonteta pabiloian batuko da iraultzaile txikien batzarra, ezohiko egoera honetan guztiak ahaleginduko baitira ezustea ematen.

COVID-19ak eragindako pandemiak saskibaloian ere eragina izan du. Batetik, ACBko buruek txapelketa eredu berria antolatu behar izan dute. Ikusi beharko da etenaren ostean taldeak nola egokitzen diren fisikoki eta psikologikoki. Bizkor egin beharko dute, egutegia oso estua baita.

Saskibaloia kontaktu handiko kirola da, oso fisikoa. Itxialdian jokalariak lanean aritu diren arren, ez da erraza izango lehiara bueltatzea. Psikologikoki ere ikusi beharko da nola moldatzen diren. Harmailetan ez da zalerik egongo, eta jokalariak hoteletiksoilik pabiloira joateko atera ahal izango dira. Kirol ikuspegitik, gainera, lehian izango diren taldeetako batzuek Ameriketako Estatu Batuetako zenbait jokalari galdu dituzte, pandemia zabaltzen hasi zenean sorterrira itzuli baitziren.

Osatu diren multzoei erreparatuta, euskal taldeek ez dute zoria alde izan, itxura batean gogorrena egokitu baitzaie. Malcolm Delaney galdu arren, Bartzelonak talde sendoa eta ahaltsua izaten segitzen du; Tenerifek Marcelinho Huertas eta Giorgi Shermadini bikotea dauka, eta Txus Vidorreta aulkian; Unicajak denboraldiko azken txanparako fitxaketak egin zituen, Axel Bouteille Bilbo Basketeko jokalari ohia esate baterako;Joventut, aldiz, beti bezain talde gaztea eta arriskutsua da. Beste multzoan daude Real Madril, Zaragoza, Kanaria Handia, Valentzia, Burgos eta Andorra.

Ilusiotik harago

Baina kirolean, aurkariari begiratzea bainago, norberari begiratzea komeni da. Baskoniaren kasuan, Gabonetan Ivanovic Gasteizera itzuli zen, Velimir Perasovicen ordez. Helburu nagusia arabarrek ohiko izaera lehiakorra berreskuratzea zen, eta ACBn eta Euroligan zuten egoerari buelta ematea. Haren eskutik ilusioa piztu da berriz ere Buesa Arenako zaleen artean. Uste dute 2009-2010 sasoiko ezustea berriz gerta daitekeela. ACB liga eten zen arte, Ivanovic zen bere hasierako bostekoari errendimendu handiena ateratzen zion entrenatzailea. Taldearen puntuen %65,3 titularrek sartzen zituzten. Orain, berriz, nekea saihesteko, aulkiko jokalariak garrantzitsuago bilakatuko dira. Baskonia ezustea emateko hautagai nagusietako bat izan daiteke,

Hori lortzeko, Jayson Granger eta Luca Vildoza berreskuratu ditu, denbora luzez min hartuta egon eta gero. Hori izan da geldialdiaren gauzarik onena. Grangerrek orpazurda apurtu zuen denboraldiko lehen lehian. Antolatzaileak sendagiria jaso du, baina, hala ere, sasoi betean lehiatzeko goiz izan daiteke. Vildozaren kasua desberdina da. Luzaroan aritu zen lehiatzen sorbaldako minez, eta orain osatu da. Gainera, Arturs Kurucks gaztea laguntzeko moduan izango da. VEF Rigan egon da utzita, eta lan ona egin du. Hirurak Semaj Christonen hutsunea betetzen saiatuko dira, ez baita AEBetatik itzuli.

Talde igo berria izanda, Bilbo Basketek aise egin ditu etxeko lanak. Jaylon Brown eta Tyler Haws gabe aritu da. Lehena ez da guztiz osatu hankeko lesiotik, eta bigarrena AEBetara itzuli zen klubaren baimenik gabe.

Talde serioa, deserosoa eta sendoa izan da Billbo Basket denboraldi honetan, Euroligan jokatzen ari ziren ACBko lau taldeak mendean hartzeko gai izan dena. Azken fase honetan ere hori errepikatzea izango da bizkaitarren eginbeharra. Estatistikak alde ditu. Etenaldira arte, Alex Mumbruren taldea zen geldikako erasoan puntu gehien sartzen zuen taldea, eta, kasu honetan, ezinbestean baliatu beharko dute eraso mota hori taldeek, kontraerasoak osatzeko izango dituzten gabeziengatik. Talde jokoaren indarrean oinarrituko du lana Bilbo Basketek, hori izan baita azken bi sasoietako arrakastaren gakoa.

Denboraldi hau erabakitzear egon arren, Miribillako bulegoetan jarri dira hurrengoari begira. Jarri dituzte proiektua egonkortzeko lehen zutarriak. Lehen erabakia Alex Mumbruri kontratua bi sasoirako luzatzea izan zen; ondoren, Txapeldunen Ligan jokatzeko izen ematea iritsi zen; eta, orain, taldearen bizkarrezurra mantentzeko lanean ari da Rafa Pueyo kirol zuzendaria. Ondrej Balvinek eta Jonathan Roussellek Bilbon jarraituko dute. Bulegoetan egiten ari diren urrats horiek hauspotuta lehiatuko dira jokalariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.