Mugak dauzka konfinatuta

Lapurdi arraun taldeari hainbat oztopo jarri dizkio Frantziak udaberri honetan, COVID-19a dela eta. Azkenekoa duela sei egunekoa da, eta ez dio uzten traineruan entrenatzen, hamar kide baino gehiago elkartzen direlako. Ondorioz, Txingudiko badiara joaten dira egunero, uretako lana egitera.

Lapurdiko emakumezkoen trainerua, herenegungo entrenamenduan, Txingudiko badian. LAPURDIKO ARRAUN TALDEA.
Aitor Manterola Garate.
2020ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Ur-lasterrik bihurrienak nola, hala dauzka harrapatuta Frantziako Gobernuaren erabaki sortak Lapurdi arraun taldeko kideak. Ezin arraunean normal egin, debekuek eta oztopoek tira egiten dietelako, itsasoan ikusten ez diren uraren mugimenduek bezala. Udaberri osoa daramate egoera «berezian», Elorri Arin arraunlariak (Baiona, 1991) azaldu duen bezala, eta oraingoz azkena den erabakiak ere ezohikotik dauka: ezin dira traineruan entrenatu, Frantziako Gobernuak ez duelako uzten hamar laguneko eskifaia baino handiagoa osatzen. Ondorioz, azken egunetan ezin dira Donibane Lohizunen eta Baionan entrenatu, ohi bezala, eta Txingudiko badian dabiltza lapurtarren emakumezkoen eta gizonezkoen traineruak, Hendaiatik ureratuta. «Hondarribia bagina bezala gabiltza», esan du Bixente Etxegarai presidenteak.

Euskal Herria banatzen duen mugaren eragina da pairatzen ari diren azkeneko egoera ezohikoa ere. Hegoaldeko traineruak uretan dira ekainaren 8tik, baina lapurtarrak ez. Ez zuten espero Frantziako agintarien azkeneko debekua, ekainaren 5ean baimena eman zielako uretan entrenatzeko. Baina aurreko astearen erdialdera jaso zuten albistea, eta, eragozpen handi horren eraginez, beste batzuk sortzen ari zaizkie. Bixente Etxegarai da arraun taldeko presidentea, eta egunero Txingudi aldera joan beharraren zama azaldu du: «Logistika eta ekonomia arazoak sortzen dizkigu. Dirutza da azkenean harat eta honat ibili beharra, eta arraunlariak Baionatik eta urrunagotik ere etortzen zaizkigu. Arazoa da azkenean». Hala ere, alderdi onetik begiratu dio egoerari: «Uretan entrenatzeko moduan gara behintzat, eta kalitatezko entrenamenduak ari gara egiten». Arinek berretsi du bizitzen ari direna zer den: «Txingudira entrenatzera joateak oztopo asko eragiten dizkigu. Egunero mugitu beharra ez da erosoa, 22:00etan iristen gara etxera, eta Baionan, Urruñan, Beskoitzen eta abar bizi gara. Lapurdi osotik elkartzen gara, eta kilometro asko ari gara egiten, lanetik entrenatzera, hortik etxera...».

Etzitik uretan ohiko lekuetan entrenatzeko moduan izango direla uste du Arinek: «Ea astelehenetik aurrera gauzak aldatzen diren». Etxegaraik zehaztu du zeren esperoan dauden: «Gaur edo bihar beste protokolo bat aterako da, astelehenetik goitik abiatuko dena, eta pentsatzen dugu arinduko dela hamarreko eskifaiaren muga, baina ezin jakin datorren aste hasiera arte».

Ezohiko udaberri honetan, ez da egoera hori lapurtarrak aztoratu dituen bakarra. Muga igaro eta udan lehiatu ahal izango diren ez da ziurra izan, agintariak datak ipintzen aritu badira ere, handik gutxira beste data eta aukera batzuk ezarri direlako. Baina azkenean bai, Lapurdiko bi traineruak lehiatu ahal izango dira: emakumezkoena ETE ligan, eta gizonezkoena KAE2an. Gauerditik da zabalik konfinatuta dauzkan muga. Auzi politikoa izanda ere, Etxegaraik dio ez direla «asko sartu» kontu horretan, mugen bi aldeetako euskal agintarien babesik ezaren berri ematearekin bat: «Elkargoak eta Eusko Jaurlaritzak ez digute ezer esan egoera honetan guzian». Jaurlaritzak ahalegin berezia egin zuen, ordea, KAE 1 ligako Pedreña eta Astillero Bizkai eta Gipuzkoako traineruekin batera has zitezen uretan entrenatzen. Lapurtarrak babestu dituztenak ETE eta KAE liga eta bertako klubak izan direla kontatu du Etxegaraik: «Laguntza eskaini digute gure arazoen berri eman izan diegun bakoitzean, eta eskertuta gaude benetan».

Prestaketa berezia izan da negu bukaerakoa eta udaberrikoa lapurtarrentzat ere, Frantziaren legediak Hegoaldekoei ez bezala zirrikitu bat utzi bazien ere: «Aukera izan genuen etxetik kanpo lasterka egiteko, kilometro baten barruan, konfinamenduan. Baina lanik gehiena etxean egin dute arraunlariek, ergometroan. Guk nahikoa ez ditugunez,inguruko fitness elkarteek-eta utzi dizkigute», azaldu du Etxegaraik.

Donostiarrarekin tratua

Kopuruan eskas emakumezko arraunlariekin ere ibili da Lapurdi. «Urtero bezala», esan du Arinek, «arraun kulturarik apenas delako Lapurdin». Baina horretarako ere badute konponbidea: hitzarmena egin dute Donostiarrarekin, eta lau arraunlari utzita ari dira Lapurdin duela astebetetik. Arinek kontatu du zer asmo dituzten udarako: «Egokitzeko denborarik ez dugu, baina trainerua uretan izatea pozgarria da, bizi izan dugun guztiagatik.Dena emanda, pozik izanen gara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.