Mende bateko ibili zirraragarria

Ehun urte dira gaur Alaves sortu zela. Loria eta miseria ezagutu ditu Arabako taldeak. Ataka zailak bizi arren, beti topatu du modua bizirik iraun eta gora egiteko, zaleen fideltasuna lagun. Gaur ez ditu alboan izango, Real Madrilen aurka Mendizorrotzan jokatuko duen lehian (21:00).

Jaengo balentria. Finalak bezain garrantzitsua izan zen 2014an mailari eutsi izana. Jaenen lortu zuen. SALVADOR CARMONA.
enaut agirrebengoa
2021eko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Tragikoa batzuetan, loriatsua besteetan. Halakoa izan da Alavesek mende batez osatu duen ibilbidea. Zirraragarria izan da, are zorabiagarria ere, etengabeak izan baitira gorabeherak. Oparoaldien ostean krisi sakon jasan ditu, eta infernutik zerurako bidea ere behin baino gehiagotan egin du. Errusiar mendian igota izan da beti Mendizorrotzako taldea, eta zaleek bertigoaz gozatzen ikasi dute. Sufritu egin dute taldea sarri galbidean ikusita, baina nekez ahaztuko dute salbazio eta igoera bakoitzean, eta Espainiako Kopako eta UEFAko finaletan bizi izandako estasia. Bi aldietan ihes egin zieten tituluek arabarrei; orduko oroitzapenak, ordea, garaikurrak balira bezala dituzte gordeak. Mendeurrenera elitean egonkortuta iritsi dira, eta ilusioz dakusate geroa.

SANTIAGO DE PABLO Mendeurreneko liburuaren egilea

«Miraria da gaur egun Alavesek bizirik jarraitzea»

Klubak Sport Friends izena hartu zuen hastapenean, eta 1921eko urtarrilaren 23an deitu zuten aurrenekoz Alaves. Geroztik izan duen bilakaera liburu batean jaso du Santiago de Pablo historialariak (Tabuenca, Espainia, 1959). Haren ustez, «Tourreko goi mendiko etapa baten antza» du Arabako taldearen historiak. «Miraria da Alavesek bizirik jarraitzea, ez baitu ibilbide batere baketsua izan. Goraldiak bizi eta berehala, abagune larriak iritsi izan zaizkio. Egia esan, zaila da liburua irakurtzen aspertzea».

Klubaren historia aztertzean, hasierako urteek liluratu dute batik bat De Pablo. «Gazte talde batek sortu zuen taldea. Pentsa, lehen presidenteak, Hilario Doraok, 19 urte baino ez zituen. Zelairik ere ez zuten hasieran; bada, zazpi urteren buruan Kopako finalaurrekoak jokatu zituzten, eta, bi urteren buruan, Lehen Mailan zeuden». Jarraian, baina, bi jaitsiera kateatu zituen, eta, harrigarria bada ere, 1936ko gerrari esker jarraitu zuen bizirik. «Gatazkaren testuingurua oso ondo etorri zitzaion. Izan ere, Gasteiz errekrutatze militarreko gunea zen, eta hara bidali zituzten eliteko hainbat jokalari. Alavesen jokatzen utzi zieten, propaganda egiteko modu bezala».

Gerraren ostean, halere, amildu egin ziren gasteiztarrak. Estutu egin zituzten arazo ekonomikoek, eta Hirugarren Mailan eman zuten 1940ko hamarkada ia guztia. Haatik, berpiztu egin zen berriz 1954an, gorenera itzulita. «Hiri txikia zen artean ere Gasteiz, eta itzela zen Di Stefano, Kubala, Zarra eta antzeko izarrak ikustea». Bi urteko egonaldi laburraren ondotik, iparra galdu zuen berriro, eta 1998ra arte itxaron behar izan zuen onenen artera itzultzeko, Juan Arregiren zuzendaritzapean. Haren ekarpena goratu du De Pablok. «Egonkortasuna eman zion instituzioari. Oso zimendu sendoak jarri zituen, eta horien gainean eraiki ziren ondorengo arrakastak».

PABLO GOMEZ Alaveseko jokalari ohia

«Ederra izan zen Europan lortutakoa, baina estres handiz bizi izan nuen»

Alavesen urrezko aroa bertatik bertara bizi izan zuen Pablo Gomezek (Gasteiz, Araba, 1970). Arabarrek bost denboraldi jokatu zituzten jarraian Lehen Mailan, eta, hori gutxi balitz bezala, UEFAko azpitxapeldunak izan ziren 2001ean. «Ederra izan zen Europan egin genuena, baina, era berean, estres eta tentsio handiz bizi izan nuen, partida bakoitza azterketa bat baitzen. Alaves nire etxea da, eta geroz eta gehiago apaintzeko presioa sentitzen nuen», oroitu du Gomezek. Gasteiztarrek 5-4 galdu zuten Dortmunden (Alemania) Liverpoolen aurka, inoiz izan den finalik eroenetako batean. «Gure historiaren laburpena izan zen: orain malkoak, orain barreak... Galdu egin genuen luzapenean, baina ohorea izan zen nire betiko taldearekin horren urruti iritsi izana».

Gomezen oroipenik kutunena, edonola ere, beste bat da: Alavesen elastikoa jantzi zuen lehen aldia. «Niretzat dena izan da Alaves. 7 urterekin, poto batekin jokatzen nuen, partidak ikusi bitartean. Bada, ametsa egia bihurtu nuen 1996an. Sinestezina izan zen». Gero, funtsezko bihurtu zen Jose Manuel Esnal Mane-ren talde loriatsuan. Gomezen esanetan, teknikariarengan zuten fedeak ekarri zien arrakasta. «Itsuki sinesten genuen Manek esaten zigunean. Oso jokalari onak genituen, baina talde lanaren ondorio izan zen lortu genuen guztia».

Egungo taldeak ere bost urte daramatza elitean, baina gai izan daiteke noizbait Europan zeresana emateko? «Ikaragarri gustatuko litzaidake, oso zail ikusten dudan arren, futbola asko aldatu baita. Dena den, talde hau Kopako finalera iritsi zen, eta gutxi falta izan zitzaion Europan sartzeko.Orain, taldea birmoldatzeko garaia dela uste dut, beste koska bat igotzen saiatzeko».

IÑAKI OCENDAAlaveseko jokalari eta entrenatzaile ohia

«Sufrituz gozatzeko gaitasuna da gure bereizgarrietako bat»

«Ofizioa eta debozioa» izan da Alaves Iñaki Ocendarentzat (Gasteiz, Araba, 1960). Asko sufritu du taldearekin, baina gozatu ere bai. «Azken batean, sufrituz gozatzeko gaitasuna da gure bereizgarrietako bat». Taldeari lorturiko bere lehen oroipena 1969koa da. «Gogoratzen dut entrenamendu bat ikustera joan nintzela, entrenatzaile gisa Puskas aritu zen denboraldian. Gero, zelai zahar bat datorkit gogora».

Jokalari gisa, 1980an iritsi zen lehen taldera, eta «garai zailak» izan zirela gogoratu du. «Bigarren Mailako Bartzelona zen orduan Alaves. Jokalari handiak izan zituen: Valdano, Señor, Zubizarreta... Ni iritsi eta laster, ordea, behera egin zuen, eta Hirugarren Mailan bukatu genuen». Behin erretreta hartuta, denetariko lanak egin zituen klubean, eta lehen taldea zuzendu zuen 2009-2010eko denboraldian. Orduan ere, jota zegoen Alaves alor guztietan, Dimitri Pitermanek 2004 eta 2007 bitartean egindako kudeaketa negargarriaren eraginez. «Bigarren B Mailatik igotzeko erronka genuen, baina ez zen posible izan. Oso garai ilunak izan ziren».

Azkenean, 2013an itzuli zen Arabako taldea Bigarren Mailara, Jaeni irabazita; eta sasoi bat igaro eta gero, salbazio epikoa lortu zuen aurkari beraren kontra. Guzmanek azkenean sarturiko golari esker. Hortik bi urtera, Lehen Mailara igo zen. Bide horretan, funtsezkoa izan zen zaleen fideltasuna, eta, horren harira, harmailetan egun dagoen giroa goratu du Ocendak. «Nire garaian, harmaila nagusiak estutzen zuen bakarrik, baina, orain, antolatuago dago dena, eta sekulako giroa arnasten da Mendizorrotzan».

ASUN GOROSPE Alaveseko bazkidea

«Pitermanek salbatzaile bat zirudien, baina hondoratu egin gintuen»

Alavesen zalerik leialenetako bat da Asun Gorospe (Maeztu, Araba, 1937). 7 urterekin egin zuen bazkide aitak, eta, ordutik, beti izan da Arabako taldearen alboan. «Dena da niretzat. Odola urdina eta zuria dudala esaten didate». Klubaren ehun urteko historia ia osorik ezagutu du, eta oroitzapenak De Pabloren liburuari esker ari da freskatzen. «Hasierako urteetan jaio gabe nengoen, baina ia ibilbide osoa bertatik bertara bizi izan dut. Irakurtzen dudan atal bakoitzean argazki bat jartzen dut. Oroipen ugari ari naiz berritzen egun hauetan». Aurrenekoa ez du gogoan. «Oroitzen dudana da ikaragarri gustatzen zitzaidala aitarekin eta anaiarekin futbolera joatea. Aitaren aurrean jartzen ginen, eta esaten zigun baloiren bat bazetorren berak geldituko zuela».

Harentzat ere, unerik gozoena ez da izan Dortmundeko finala; 1995ean lorturiko igoera baizikhura ere Jaenen aurka. «Nire urtebetetze egunean igo zen taldea Bigarren Mailara, Txutxi Arangurenekin. Sekula ez didate halako oparirik egin. A zer parranda egin genuen autobusean!». Momenturik makurrena, berriz, 1970ean bizi izan zuen, taldea Erregional Mailara jaitsi zenean. «Etsipen handia izan zen. Gainera, soldaduska egiten ari zen jokalari bat ekarri nuen autoan, eta gelditu egin gintuen Guardia Zibilak. Ez zuen kuarteletik ateratzeko baimenik; eskerrak ez ikusi egin zuten». Pitermanen garaiek ere arrastoa utzi zioten. «Hasieran salbatzaile bat zirudien, eta begira gero zer egin zigun. Katastrofikoa izan zen; hondoratu egin genituen ».

Harro dio Mendizorrotzan soilik bost lehiatan egin duela kale, eta Europa Alavesi esker ezagutzen duela. Bestalde, «oso pozik» dago egun harmailetan garai batean baino askoz ere emakumezko gehiago dagoelako. Baina eserlekuak hutsik egongo dira gaur. «Lastima da». Lehen itzuliko garaipena errepikatu nahi du Abelardoren taldeak, gora egiten hasteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.