Galdu ezinezko topaketa bat

Realeko eta Athleticeko zaleek jada Sevilla dute begi artean. Han jokatuko dute Espainiako Kopako finala, eta hura noiz iritsiko «irrikaz» daude. Bien bitartean, bidaiatzeko prestatzen ari dira. Haietako bi dira Piratak Athletic peñako Gari Irazu eta Goazen Errealako Ander Etxaniz: «Joango gara, ziur».

Athleticeko zaleak eta Realekoak elkarrekin, bi taldeek joan den abuztuan jokatu zuten derbian, San Mamesen. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2020ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Realeko eta Athleticeko zaleek hitz bera errepikatu dute gehien azken orduetan: Sevilla. Bi taldeek Espainiako hiri horretan jokatuko dute Kopako finala, eta milaka dira hara joateko modua egin nahian ari direnak. Norbere taldeak ez du egunero izaten garaikur bat eskuratzeko aukera, eta ia mende bat igaro da bi euskal talde halako partida batean gurutzatu zirenetik. Galdu ezinezko topaketa bat da.

Athleticek Granadako kanporaketa gainditu eta ordu gutxira, Gari Irazuk ez du ezer lotu oraindik: «Ez dugu hitz egin. Atzo, bakoitzak bere aldetik ikusi zuen partida, baina joango gara, ziur». Piratak Athletic peñako kidea da Irazu, eta bertako kideek badute esperientzia finaletan. Athleticek 2009az geroztik jokatu dituen guztietan izan dira Piratak: «Kopakoetan izan ginen; Mestallan, Bartzelonan, Madrilen... eta Europa ligakoan ere bai, Bukaresten».

Ander Etxanizentzat, berriz, zerbait berria izango da apirilaren 18ko partida. Zarauztarrak ez du sekula izan aukerarik final batean egoteko, eta «ametsa» du. Realak txapelketan izandako bilakaera ikusita, orain aste batzuk egin zituen lanak: «Real Madril kaleratu eta Mirandes egokitu zitzaionean hartu genuen lekua. Lotarako, autokarabana bat alokatu dugu Sevillan, eta ikusiko dugu nola joan hara. Ea hegaldi on bat egokitzen zaigun, edo trenean bestela. Txarrenera, autoz joango ginateke», esan du Goazen Erreala peñako kideak.

Irazuk eta Etxanizek aitortu dute gustatuko litzaiekeela Cartuja estadioan egotea, baina badakite«zaila» izango dela sarrera baten jabe egitea: «Orain artean, final guztietan estadio barruan egon ahal izan dugu, baina ikusiko dugu oraingoan posible den», azpimarratu du Irazuk.

Etxanizek, berriz, badaki eskari handia egongo dela realzaleen artean, eta kanpoan geratuko direla zale asko: «Ez dakit sarrerarik lortuko dudan ala ez; badut esperantza. Sarrera bat nahi dut niretzat, baina adinduenak ere etortzen zaizkit burura. Haientzat azken finala izan daiteke, eta pena ematen dit haiek sarrerarik gabe geratzeak».

Finalerako sei asteren faltan, bi taldeetako zaleen hizketagai nagusietako bat sarreren ingurukoa da, baina ez da atzean geratzen partidari berari buruzko hitz-aspertua. Etxanizek gertutik bizi izan du hori azken orduetan: «Zarautzen bada athleticzalerik, eta gertukoenekin hasi da ika-mikan. Aspalditik, baina. Ez da oraingo kontua: esaten zidaten haiek iritsiko zirela finalera eta gu ezetz, ohituta daudela eta gu esperientziarik gabeak garela... Ondo, ordea».

Adar jotzeez landa, bat datoz Piratak Athleticeko Irazu eta Goazen Errealako Etxaniz: «Partida oso berezia izango da». Irazuk dio finalerdietako neurketa amaitu berritan sentipen batek hartu zuela: «Uste dut Aitor Zabaletaren eta Iñigo Cabacasen senitartekoek, edo lagunak izan garenok, halako sentimendu berezi bat izan dugula. Oraindik ez dugu inorekin hitz egin, baina uste dut denok oroitu garela haiekin, eta zerbait egin beharko genukeela guztiok batera. Omenaldiren bat edo».

Zaleen eremuak, nola?

Euskal derbiek berezitasunen bat baldin badute, zaleen elkartzea da. Athleticeko eta Realeko zaleek nahastuta igarotzen dituzte partidaren aurreko eta ondoko orduak. Alabaina, Espainiako Kopako finaletan zale talde bakoitzak bere eremua izaten du jaia egiteko.

Muga horiek ezabatu eta partida aurretiko orduak elkarrekin igarotzearen aldekoa da Etxaniz: «Derbi askotan erakutsi dugu. Egia da batzuetan giroa mikaztuagoa egon dela, baina iruditzen zait bi taldeen zaleak eredugarriak garela eta ederki moldatuko ginatekeela. Beldur handiagoa ematen dit, izenik esan gabe, kanpokoren bat hori lehertzera joateak».

Irazuk, berriz, ezberdindu egin ditu ohiko derbiak eta finala: «Derbiak gauza bat dira, eta hau, beste bat. Talde bakoitzaren aurrekariak kontuan izanda,100. 000 lagun batu gaitezke han, eta hainbesteren artean astazakil asko egongo da. Ez nuke nahi astazakil batzuk agertzea eta giro txarra piztea. Nigatik, fanzone ezberdinak jarriko nituzke». Alabaina, Irazuk ez dio aterik itxi bi aldeak batzeari, eta esan du modua badagoela horretarako: «Denek omenaldi bat egitea? Eta lagun talde batzuk elkarrekin egotea? Ondo, nik ere egingo dut agian, baina ez nuke inor behartuko elkarrekin egotera. Gero, batera joango gara zelaira, eta batera aterako gara handik. Hori jakina da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.