Zoriontasun mugatua

Euskal herritarren zoriontasun afektiboa eta sexuala neurtu eta ikertu ditu 'Kaixomaitia.eus' atariak, inkesta baten bitartez. 8.000 lagunek parte hartu dute. Bikote harremana da eredua eta helburua.

BERRIA.
jakes goikoetxea
2020ko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Euskal herritarren zoriontasun afektibo-emozionala hamarretik 7,4 puntukoa da; zoriontasun sexuala, berriz, 6,2koa. Datuak beste era batera emanda, lau euskal herritarretatik hiruk zoriontasun afektibo-emozional handia edo oso handia dute, eta %56k zoriontasun sexual handia edo oso handia. Zoriontasun maila duela lau urtekoa baino handiagoa da. Bada ifrentzurik, ordea: %44k esan dute haien zoriontasun sexuala erdipurdikoa, apala edo oso apala dela.

Galdera nagusi horiei erantzun nahi izan die, duela lau urte egin zuen moduan, Kaixomaitia.eus harremanetarako webgune euskaldunak. Inkesta erraldoi bat baliatu du horretarako, 73 galderakoa. Aztiker ikergunea izan du bidelagun, bai ikerketaren zorroztasun teknikoa zaintzeko, bai datuak analizatzeko. Aztikerren lana izan da, besteak beste, lagina Euskal Herriko errealitatearen ahalik eta antzekoena izatea. Horretarako bost aldagairen arabera haztatu dituzte: hizkuntza gaitasuna, adina, sexua, herrialdea eta boto intentzioa. Atzo aurkeztu zituzten ikerketaren emaitzak, eta eskura daude Kaixomaitia.eus atarian.

2016an 4.000 bat lagunek erantzun zituzten galderak, eta 1.500 laguneko lagin bat osatu zuten. Aurten —otsailean egin zuten—8.000 lagunek parte hartu dute, eta 18 urtetik gorako 4.500 pertsonako lagin bat osatu dute. Arrakastaren giltzarrietako bat izan da Egunean Behin aplikazioaren bidez zabaldu zutela.

Kopurua nabarmentzeko modukoa da, gai intimoei buruz galdetu dutela aintzat hartuta. Inkestak anonimoak izan dira, jakina. «2016an gehien asebete gintuen aitortza izan zen jende askok esan zigula inkesta betetzen hasi eta zer pentsatua eman ziola», Iñigo Arandia Kaixomaitia.eus-eko arduradunaren arabera. «Batzuek ez zioten inoiz halako galderarik egin euren buruari. Bikotean betetzen hasi eta ezin jarraituta ere gelditu ziren. Guk hausnarketa bultzatu nahi dugu».

Bikotea eredu

Harreman eredu klasikoa nabarmentzen da emaitzetan: bikotea, bikote heterosexuala eta harreman mota itxia. Bikotea harreman itxia dute gehienek (%70), bost urte barru bikotekide berarekin jarraitzea espero dute (%79,7) eta bikotekidea ez duten gehienek ere (%59) bikote harreman itxia dute helburu. %6k soilik ez dute nahi bikotekiderik izan. Aurtengo emaitzak 2016an baino «kontserbadorexeagoak» dira.

Hala ere, hirutik batek izan du harreman afektibo edo sexualen bat bikotekideak jakin gabe; ia erdiek (%48) izango lukete, bikotekideak onartuz gero; eta hirutik batek (%32) izango luke, bikotekideak jakingo ez balu.

Salbuespena dira harreman irekiak: %16k soilik izan dituzte. Hala ere, beste %16 batek bere egungo harremana irekiko luke. Proportzioa handiagoa da gizonen artean(%19,7) emakumeetan baino (%11,5).

Lau euskal herritarretik hiruk astean behin, bitan edo gutxiagotan izaten dituzte sexu harremanak: astean behin edo bitan %36,8k, astean behin baino gutxiago %25,7k eta hilean behin baino gutxiago %14,5ek.

Gehienek (%44), baina, sarriago izan nahiko lituzkete sexu harremanak, astean hirutan edo gehiagotan. Aldea handia da: ikerketaren arabera, euskal herritarrek batez beste sexu harreman bat (0,97) izaten dute astean; hiru (2,97) eduki nahiko lituzkete, ordea.

Sexu harremanik ez dute hamarretik batek (%10,9). Proportzioa handiagoa da homosexualen (%14,7) eta bisexualen (%19,1) artean, heterosexualen artean baino (9,7).

Pornografiaren kontsumoa zabalduta dago. Hamarretik seik erabiltzen dute, maiztasun ezberdinarekin: %5,9k egunero eta %14,5ek astean bitan. Gazteenak dira gehien kontsumitzen dutenak. 18-29 urte artekoen %40k astero edo sarriago.

Ohikoa da masturbatzea, ez hainbeste sexuaz hitz egitea



Datuetan ikusten denez, sexu harreman gehien dutenek dute zoriontasun sexual handiena. Kaixomaitia.eus-eko arduradun Iñigo Arandiaren oharra: kantitateaz gain, garrantzitsua dela kalitatea. Masturbazioa oso zabalduta dago: gizonen %98 eta emakumeen %91 masturbatzen dira. %7,7k egunero egiten dute, eta lautik batek astean hirutan edo gehiagotan. Batezbestekoa: 2,26 aldiz astean.

Sexua ez da tabua, baina ez da ohiko hizketagaia: bikoteen %54k hitz egiten dute sexuaz sarritan edo tarteka.

Bikotetik kanpoko harremanak, ilusio edo erakarpen faltagatik



Bikotekidea ez den norbaitekin harreman afektibo edo sexual bat izateko arrazoi nagusia bikotekidearenganako ilusio edo erakarpen falta da (%56,1). Baita, jarraian, sortutako aukerak baliatzea (%45,4) eta sexu falta ere (%34,5). %74k onartu dute noizbait izan dutela bikotekidea ez den norbaitekiko desira sexuala. Bikotekideak beste harremanen bat izanez gero, %80k jakin nahiko lukete. Hala ere, gehienek uste dute bikotekideak ez duela izan beste harremanik. %32k, badaezpada, noizbait zuzenean galdetu diote bikotekideari.

Konfiantza eta zintzotasuna helburu, eta parrandan ezagututako bikotekideak



Ikerketan parte hartu dutenen ia erdiek (%44,9) izan dute hamar urte baino gehiagoko bikote harremanen bat. Konfiantza eta zintzotasuna dira gehienen helburua (%72,6) harreman batean. Jarraian, maitasuna (%68,3), ondo pasatzeko pertsona bat aurkitzea (%58,9) eta sexua (%47,2). Parranda (%35,8) eta lagunartea (%31,6) dira bikotekidea ezagutzeko testuinguru nagusiak; homosexualen kasuan, Internet (%38,5).

Webguneak erabilgarriak dira, baina gehienek ez dituzte erabiltzen



Internetek harremanak errazten dituela eta neskatan edo mutiletan egiten laguntzen duela uste dute %86k; baina %23k bakarrik eman dute noizbait izena harremanetarako webguneren batean. Sexua da harremanetarako webguneetara jotzen duten %61,3ren helburua. Webgune mota hori egunero erabiltzen dute gizonen %14k, bikotekidea dutenen edo ezkonduta daudenen %10ek eta homosexualen %26,2k.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.