Arrauna

Kanporaketako lehiari, berea

Patxi Frances Tolosaldeko entrenatzailea seigarren aldiz arituko da gaur eta bihar kanporaketa baten lehian. Joseba Fernandez Pedreñako arraunlari eta prestatzaileak estreinakoa izango du. Denboraldiari ginga jartzeko aukera dute biek, eta estropadak nola prestatu dituzten kontatu dute.

Tolosaldea Kontxako sailkatze estropadan, irailaren 4an. Erlojuaren aurka aritu beharko du gaur ere. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2020ko irailaren 19a
00:00
Entzun
Talde batzuentzat gaurkoa eta biharkoa izango dira urteko estropadak, denboraldi osoko lana jokoan jarriko dutelako. Kanporaketen asteburua da: gaur eta bihar, Bermeon (18:20) eta Portugaleten, Euskotren eta Eusko Label ligetako kanporaketak jokatuko dituzte, erlojuaren aurkako lehian. Emakumezkoetan, lau taldek dute datorren sasoian liga nagusian aritzeko aukera: Hondarribiak, Tolosaldeak, Hibaikak eta Cabok. Gizonezkoetan, bi sari aterako dira plazara, eta bost hautagai daude: Zarautz, Pedreña, San Pedro, Tiran eta Meira.

Kirioak dantzan jartzen dituzten estropadak izaten dira kanporaketakoak, eta Patxi Francesek (Donostia, 1958), Tolosaldeko entrenatzaileak, horrelakoetan esperientzia handia dauka. Seigarren aldiz egingo die aurre kale edo baleko bi estropada horiei: Getariarekin behin aritu zen, Zierbenarekin eta Zumaiarekin bi bider, eta aurtengoa du seigarrena, Tolosaldearekin. Beste muturrean dago Joseba Fernandez (Pasai Donibane, Gipuzkoa, 1974), Pedreñako arraunlariak eta entrenatzaileak debuta egingo baitu gaur kanporaketetan. Bakoitzak bere bideari heldu dio hain estropada garrantzitsuak prestatzeko.

Prestakuntza aldetik, arlo bati erreparatzen dio bereziki Francesek: buruko lanari. «Lan fisikoa eta teknikoa eginda egoten da, eta nola buruak aparteko eragina izaten duen tentsio handiko bi estropadetan, hori landu dut aurten ere». Onartu du prestakuntza onena Kontxako Banderan lehiatzea izan dela Tolosaldearentzat: «Oso lan ona egin genuen Donostiako bi jardunaldietan, eta horrek moral handia eman dio taldeari. Prestaketa onena izan da guretzat».

Aurreko bost aldietan, baina, ez zuen Kontxan lehiatzerik izan kanporaketen atarian, Getaria, Zierbena eta Zumaia ez zirelako sailkatu urte horietan. Egoera horrek sortu zien lehendabiziko gauza izan zen bi asteburuz lehiatu gabe egon behar izatea. Francesek beste lanketa batzuk egiteko baliatzen zuen: «Bermeora eta Portugaletera joan izan nintzen entrenatzera, eta ibaian ere ibili ginen, oreka neurtzen eta materiala probatzen, nahiz eta lan horiek guztiak lehendik ere eginak genituen. Arraunlariei bultzada psikologikoa emateko oso baliagarriak dira». Aurten, ordea, ezin izan du Tolosaldeko arraunlari multzoa batera eta bestera eraman: «Asmoa genuen arren, Kontxak harrapatu gaitu bete-betean. Hor ere lan ona egin nahi genuen, eta bertan aritu ginen entrenatzen. Aste honetan ere ez gara ohiko lekuetatik atera».

Entrenatzeko lekua gorabehera, Francesek ondo landu ditu arraunlari multzo gaztearen buruak. Funtsezkoa dela esan du, eta kontuz ibili beharra dagoela hainbat aldagairen arteko oreka ez hausteko: konfiantza, presioa, urduritasuna eta abar. «Ez dugu hitz egin igotzeko derrigortasunaz. Esperientzia batu dugu aurten, eta gure presioa zero da. Konfiantza eman diet arraunlariei, neskengatik heldu garelako honaino, talde sendoa eta batua egin baitute. Egun hauetan, haiek aktibatzen saiatzen ari naiz; azkenean, denboraldia bukatzen ari da, eta neketsua da azken txanpa».

Kanporaketako bi estropadak erlojuaren aurkakoak izanik, aurkarien erreferentziak izan edo ez kontuan hartzeko aldagaia bihurtu ohi da. Francesek, hala ere, ez die aparteko garrantzirik eman, emakumezkoen estropadak motzagoak direlako: «Ia-ia ez du denborarik ematen erreferentziak izateko, hamar minutuko lana delako. Horregatik, arraunlariei eskatu diet irteera eman bezain laster gure arraunketa hartzeko. Lanketa berezia egin dugu horrekin». Lan lasterra izanik, akatsek ere aparteko garrantzia daukatela dio: «Neskei esaten diet ziaboga eman eta aldapa behera hasten dela, azkar bukatzen delako estropada. Horregatik, edozein akats txikik sekulako kaltea egiten dizu. Ezin da hutsik egin, edo ahalik eta gutxien, eta zorte ona ere behar da». Garbi asko esan du zein den erreferentzia zehatzena emaitza ona ateratzeko: «Traineru barruan jabetu behar dute arraunean ondo ari direla».

Tolosaldeak erakutsi zuen Kontxako bi jardunaldietan lotsagabe izaera, sendotasuna azaltzearekin batera. Francesek badaki jarrera horrekin atera behar dutela gaur eta bihar bere arraunlariek: «Lotsagabe atera behar dute, baina menderatu ere egin behar dituzte antsietatea eta buruko lana, oro har».

Pedreña, trainerua aldatuta

Arlo psikologikoari heldu dio Fernandezek ere, arrazoi jakin bat tarteko: «Hemen Pedreñan, zaleak piztuta daude. Irratietan saio bereziak ere ari dira egiten, eta horrek guztiak kezka sortzen dit, emozio asko mugitzen dituelako. Arraunlari batzuentzat berria da kanporaketetan aritzea».

Prestakuntzari dagokionez, nola sekula ez duen jokatu kale edo baleko horrelako estropadarik, aurrez landutako beste bide batzuetatik jo du: «Denboraldia prestatzerakoan, bagenekien bi estropada hauek izan genitzakeela, eta horretara ere bideratu genuen prestakuntza. Bestela, beste talde batzuekin helburu garrantzitsuak prestatzeko modu bera erabili dut hemen». Aldaketatxo batzuekin: «Gauzak ondo doazenean, gehiago hobetzera joaten naiz, eta adibidez, trainerua aldatu dugu. Lapurdik utzi digu Amilibia ontzigilearena, aurkarien berbera izateko».

Entrenamenduei dagokionez, gaur zortzi Bermeon ibili zirela kontatu du. KAE 1 ligan, estropada bakarra izan dute aurten erlojuaren aurka, eta bertan, San Pedrok irabazi egin zion Pedreñari, baina ez dio garrantzirik eman Fernandezek. Erreferentziak izateari eman dio, ordea. Gaur zenbatgarren irtetea gustatuko litzaiokeen gaineratu du, gainera: «Laugarren ateratzea da ona. Atzetik duzun traineruak eman diezazukeelako ondo ala gaizki zoazen erreferentzia».

Kanporaketetan inoiz aritu ez den arren, badaki nola egin behar zaien aurre: «Gaurkoa bakarrik izan behar da buruan, ez dut beste aukerarik ikusten bi estropada hauek prestatzeko. Gainera, normalean, larunbateko estropadan erabakitzen da zeinek dituen aukera gehien igandeko estropadan segurtasun handiz ateratzeko».

Eusko Label liga ere jokoan

Kanporaketako estropaden ondoren, Eusko Label ligako azken-aurreko jardunaldia jokatuko dute lehen zortzi sailkatuek. Estu dago gauza goialdean, bi puntu baino ez dizkiolako ateratzen Santurtzik Hondarribiari. Oriok eta Urdaibaik osatuko dute azkeneko txanda. Lehendabizikoan ariko dira Zierbena, Donostiarra, Cabo eta Isuntza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.