mikel reina
HIRUKOTIK

Ikuskizuna

2023ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Ikuskizuna. Zer da ikusi nahi duzuna? Hori da garrantzitsuena. Gaur egun bilgarriak edukiak baino gero eta garrantzi handiagoa hartu du. Globalizazioaren mundu honetan ereduak kopiatzean eta errepikatzean datza askoren arrakasta. Saskibaloia ere horretaz busti da. Hain zuzen ere, larunbateko euskal derbia edota Espainiako Superkopa horren eredu ezin hobeak izan daitezke.

Erantzun bako galderak.

Emakumezkoetan ez da batere ezohikoa denboraldia hasi orduko jokatzea Superkopa; normalean, liga hasi aurretik jokatzen da. Batez ere soilik lau taldek jokatzen dutelako. Eta zelango lau talde. Aurreko denboraldiko hiru talderik onenek eta etxeko taldeak. Baina emakumezkoetan, gizonezkoetan ez bezala, taldeak eratzeko epeak luzeagoak dira. WNBAk guztiz baldintzatzen du taldeen jarduna. Talde handienena batez ere. Valentziak, esaterako, kanpoko lerroko erreferente barik jokatu du: Bec Allen. Perfumerias Avenidan, berriz, Sika Konek, iragan ligako jokalaririk onenak, ez du ia ezer jokatu. Aurreko astean bertan heldu zen Salamancara, eta ez zegoen asko jokatzeko moduan. Ondorioz, Superkopa erabateko bigarren mailako txapelketa bat bilakatu da. Denboraldiaurreko beste lehiaketa bat. Herrialde batzuetan jokatzen diren txapelketak bezalakoa, izan Euskal Kopa, Kataluniako Kopa edota Galiziako Kopa. Ez dago alde handirik.

Inbertsioa handia izan da, etaCabildoak beste urte batez diru asko jarri du mahai gainean Superkopa Kanaria Irletara eramateko. Azken hiru urteetan bi aldiz jokatu dute han Superkopa, horrek dakarren gastuarekin. Jasotako erantzuna ere ez da esperotakoa izan. Gran Canaria Arenako harmailen irudia tamalgarria izan da. Bertako oso jende gutxi zegoen, eta beste taldeetako zaleentzako ere bidaia zailagoa da. Ezin izan dituzte harmailak kolorez bete. Koparekin gauza bera gertatzeko beldurra dago. Huelvan jokatuko da, eta han ez dago Espainiako Ohorezko Mailan ari den talderik. Zer nahi dute? Hori da galdera. Zer ikusi nahi dute batzuek eta besteek?

Tuneatuta. Galdera bera egin nuen larunbatean euskal derbian. 15.500 ikusle bildu ziren Buesa Arenan. Ikusgarria izan zen, bai. Baina zalantzak ditut zenbat joan ote ziren saskibaloia ikustera, eta zenbat kontzertuetara. Musikarientzako kartel asko zeuden, jokalarientzako bezainbeste. Bide batez, bestelako eredu batzuen aldeko apustua egin beharko litzateke. Euskal derbia, eta euskarazko abestirik ez. Behintzat, horretarako tartea ostiralean egongo da. Baskoniak bere egin ditu Opening Game deiturikoak, urtero bereziak eta bakarrak bilakatzen ditu txapelketetako lehen partidak. Produktua, saskibaloia saldu beharra dago, bilgarri ikusgarriz inguratu, baina betiere materia galdu barik. Saskibaloiak edertasun nahikoa du, berez. Ez dut uste beste askorik behar duenik. Hainbeste argi, musika eta xehetasunekin jokoaren edertasun hori galtzen dugun sentsazioa dut. Akaso nirea izango da. Ez nago aurka, baina alde ere ez. Ez naiz handitasunen maitale.

Nahiago jokoaz hitz egin. Eta alde horretatik, Baskonia gehiago izan zen euskal derbian. Lortu dezakeen mailatik urrun, baina nahikoa izan zuen Bilbo Basket garaitzeko. Azken batean, liga desberdinetan jokatzen dute. Hamabost urte daramatzate bilbotarrek Gasteizen irabazi gabe. Joan PeƱarroyaren taldeari zerbait eman behar ez bazaio, korrika egiteko aukera da. Eta bizkaitarrek Bilbo eta Gasteiz arteko bidesaria kendu zuten. Bi taldeak eratze prozesuan daude oraindik;gazteak dira, gainera. Beraz, oraindik bidea dute egiteko. Hau hasi besterik ez da egin.

Eta zelan hasi. Bilbo Basketek gaur bertan jokatuko du bigarren jardunaldiko partida atzeratua Obradoiroren aurka. Galiziarrak, azkenean, Txapeldunen Ligatik kanpo geratu dira. Hauek bai izango direla liga berdineko aurkariak. Baskoniak Real Madrilen aurka jokatuko du etzi Euroligako lehen jardunaldian. Behin kotxea martxan jarrita, bakoitza bere abiaduran, baina ez dira geratuko. Helburua helmugara heltzea da. Berdin dio kilometro kopuruak, kotxe motak... baita ere, zarata gehiago edo gutxiago egiten duen, musika altu daraman edota tuneatuta dagoen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.