Izaro Andres. Abeslaria

«Lanketa handia duen kultura bat da»

Nagore Arin.
Astigarraga
2020ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Izaro Andres (Mallabia, Bizkaia, 1993) abeslariak abiarazi du 2020ko Txotx garaia. Alkoholik ez duela edaten aitortu du, baina «sorpresaz eta ilusioz» jaso zuen proposamena.

Esan duzu alkoholik ez duzula edaten. Nola jaso zenuen txotx garaia inauguratzeko proposamena?

Sorpresaz jaso nuen, batez ere arrazoi horrengatik. Gerora, apur bat buelta eman ostean, mundu nahiko polita iruditzen zait. Norbaitek hainbeste lan egin ondoren, lan horren emaitza beste norbaitek zabaltzea, horretarako norbait gonbidatzea eta pertsona hori ni izatea oso polita da.

Zu agian ez, baina zure inguruan bada sagardozalerik, ezta?

Bai, beraientzat zabaldu dut batez ere. Nahiko barre egingo dute bizitza osoan momentu honengatik. Uste dut guztiak streaming bidez ikusten ari direla irekiera. Hala ere, aukera polita da gauza desberdin bat egiteko eta txotx garaia beste edonorentzat zabaltzeko; dena ez da norberarentzat egin behar.

Zuk eman diozu lehen tragoa uztari. Zer iruditu zaizu?

Gozoa dago, ez dago oso garratza. Esan dute ez duela alkohol askorik, azukreagatik eta abar; beraz, oso pozik nago: niretzat egindako sagardoa da.

Abeslaria izanik, harreman estua duzu kulturarekin. Zer iruditzen zaizu sagardoaren atzean dagoen kultura hori guztia?

Lanketa handia duen kultura bat dela uste dut, lurrarekin oso lotuta dagoena eta pazientziaz hartu behar dena. Gaur egun ia ez dugun gauza bat da pazientzia. Bost edo hamabost urte itxaron behar izaten da zuhaitz bat hazi arte, eta, naturaren esplotazioa egiten den garaiotan, nik uste dut gauza bakoitzari hazteko behar duen bere denbora naturala utzi behar diogula. Hortik abiatuta egingo ditugu gerokoak: guretzat eta munduaren ongizatearentzat, baina guretik. Nik uste dut hori garrantzitsua dela.

Alkohola ez, baina zer da sagardotegi girotik gehien gustatzen zaizuna?

Nik uste dut jatea, eta jatea. Bakailao tortilla ere asko gustatzen zait, eta txuleta ere bai; beraz, jateko guztia dut gustuko.

Sagardoaren kultura Bizkaian ere hedatzen ari dela esango zenuke?

Nik uste dut agian, taldez talde edo eremuz eremu ari dela hedatzen. Nire inguruan bai, jendea asko mugitzen da sagardotegietara. Kalean, Mallabian, adibidez, jendeak gelditu nau txotx garaia nik irekiko dudala-eta zoriontzeko.

Laster plazaratuko duzu hirugarren lana: Limones en Invierno. Nola daramatzazu diskoa aurkeztu aurreko asteak?

Egia esan, oso ongi doa guztia. Zuzenekoak prestatzen ari gara; gogo pila dut diskoa aurkezteko eta zuzenekoekin hasteko, eta apur bat aurrelana egiten ari gara. Lan hori egin ondoren, zuzeneko saioez gozatzen hastea da nire helburua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.