Angel de Miguel. Irakasle erretiratua eta idazle zaletua

«Ikasleei gainditzen utzi ez izanaz damu naiz; ezin nuen besterik egin»

Lizarrako ijito gehienak haren ikasgelatik pasatu ziren. De Miguelek rom kultura lantzeko materiala sortu zuen 1980an; orain, ikasleentzako liburu bat atera du. Ijitoen eta 'payo'-en arteko zubi sendoak nahi ditu.

JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Iker Tubia.
Lizarra
2023ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Dotore jantzita agertu da Lizarrako Fray Diego kultur etxeko harrizko atarira (Nafarroa). Eraikin plateresko hori hautatu du Angel de Miguelek (La Nuez de Arriba-Urbel del Castillo, Espainia, 1941) hitzordua egiteko. «Manfarielek asko maite zuen». Fikziozko pertsonaia da Manfariel, hari buruz edozein biziduni buruz bezala mintzo den arren. Nafarroako Hezkuntza Departamentuarekin eta Gaz Kalo ijito elkartearekin batera kaleratu duen Soy gitano: Manfariel Gerinel liburuan ageri da. Ez da idazlea, aitzitik, asko idatzi badu ere. «Idazlari» da. Bera irakaslea izan zen Lizarrako Remontival eskola publikoan 2001ean erretiratu zen arte. Herriko ijitoek anitz maite dute, eta liburuaren aurkezpenean katxaba bat oparitu zioten horren erakusgarri. Haientzat Tio Angel da.

Lizarrako ijitoek katxaba oparitu zizuten unea hunkigarria izan zen. Maite zaituzten seinale?

Elkar maite dugu. Literaturak eraman ninduen ijitoengana: Victor Hugoren Notre-Damme de Paris eleberrian azkenean jakiten dugu Esmeralda ez zela ijitoa, payo ebatsi bat baizik; nola ez, ijitoak lapur. Cervantesen Gitanillarekin berdin. Lorca, noski. Literaturaren bidez sortu zitzaidan haien inguruko jakin-mina. Lizarrara etorri eta ikasle ijitoekin elkartzeko zoriona izan nuen, baita Juan de Dios Ramirez de Herediaren liburuarekin: Nosotros los gitanos (Gu, ijitook). 1972an argitaratu zen, eta ageri dira ijito sufrituak, haien arazoak, balioak eta kontrabalioak.

Lotura berezia duzuela agerikoa da. Zergatik zurekin?

Payo gatzgabe eta sedentario itxura badut ere, nire arima ijitoa, nomada eta erromantikoa da. Ijito herria maite dut, haren historia, ohiturak eta errebeldia. Askatasunaren maitale sutsuak dira.

Zer esan nahi du Manfariel Gerinel izenak?

Angel Miguel, nire izena eta abizena, rom hizkuntzan.

Modu horretan atera duzu barnean daramazun ijitoa?

Hori da, eta nire alabek irri egiten didate. Ijitoak ezezagun izateaz gainera, baztertuak izaten dira. Gizakiak dira, hunkitzen dira, bertute eta akatsak dituzte, eta, horretaz gainera, berezitasun batzuk dituzte.

Zergatik erabaki zenuen liburu hau idaztea?

Helburu nagusia da haur ijito batek liburua irakurtzean pentsa dezan: askorik ez dakien payo honek idatzi duena nik ere egin dezaket, eta hobeki, gainera. Batez ere eskola garaian diren haur ijitoak bultzatu nahi ditut haien mundu ikuskera adieraz dezatensormen artistikoa erabiliz. Ez dadila izan bizitzeko eta pentsatzeko manera baten lekukotasun huts; egon dadila hunkitzeko helburua, hau da, literatura.

Liburua baliagarria da payo-entzat ere?

Noski. Payo-entzat litzateke baieztapen bat: haien balio berak dituzten ikaskideak dituztela, baina ñabardura oso interesgarri, gogo-pizgarri eta, literaturaren eta kulturaren ikuspegitik, oso aberatsekin. Ijitoen gaia altxor bat da literaturarako.

Literaturaren bidez sakondu zenuen gaian, baina literatura ez da ongi aritu ijitoez, ezta?

Bi jarrera kontrajarri egon dira: batzuek aingerutzat jo dituzte, Baudelaire poeta frantsesak bezala. Beste aldean, Cervantesek eraso egin zien ijitoei oso bidegabeki eta modu ankerrean. Cervantesek min handia egin die ijitoei.

Ijitoek mendeak daramatzate hemen. Oraindik arrotz ikusten ditu gizartearen gehiengoak?

Bai, baina egoera hobetzen ari da. Bada datu interesgarri bat: Gaz Kalo elkarteak nafar ijitoen eguna ospatzen du apirilaren 27an. Egun hartan, 1435ean, Zuria I.a Nafarroakoak dokumentu bat sinatu zuen ijito talde bat aske ibil zedin erresuman barrena. Ijitoekin harremana oso ona izan zen 1435etik aurrera, baina 1499an haiei jazartzen hasi ziren: belarriak mozten, jaun feudalei men egitera behartzen, janzkera aldarazten... Izugarria. Ez zuten feudalismoaren menpeko izan nahi, eta hori oso modernoa eta ausarta iruditzen zait.

1980ko urteetan unitate didaktiko bat prestatu zenuen eskolan ijitoei buruz aritzeko. Zerk bultzatu zintuen horretara?

Ijitoak, gainerako haurrak bezala, haien elementu kulturaletan hezteko beharra ikusi nuen. 1980ko urteen hasieran ez zegoen ia deus: Ramiro de Herediaren liburua, gero En defensa de los míos (Nireen defentsan) ere argitaratu zuen. Liburu horietan bete-betean murgildu nintzen material baliagarria ateratzeko, haur horiek ez zezaten haien kulturarengatik lotsarik sentitu; eta payo-ek ikus zezaten ijitoak ez zirela izaki izugarriak, gizartearen gainerakoek esan ohi zutenaren kontrara. Kazetari sentiberaren batek argitaratutako artikuluren bat ere bazen, ikuspegi positiboa zuena.

Prentsan ezbeharren orrietan agertu ohi zirelako, ezta?

Egilearen arabera. Kazetari ona adeitasunez aritzen da, eta eskubideak hobesten ditu. Sentibera ez denak morboa bilatzen du.

Nola sortu zenuen ijitoen kulturari buruzko ikasmateriala?

Multikopistarekin. Pentsa, garai hartan baliabide eskasak genituen. Niretzat oso gogobetegarria izan zen ijitoei buruz zegoen gutxi hori ikertzea. Ehunka orrialdeko testu bat egin nuen, oinarri-oinarrizkoa. Ijitoen kulturaren elementu adierazgarrienak bildu nituen: hizkuntza, bandera, Eliza katolikoak aitortu ez duen Sara santua, ohiturak, balioak eta kontrabalioak...

Nola erabili zenuen ikasmaterial hori eskolan?

Oinarrizko parte bat zuen, galde-erantzunekin: Nor dira ijitoak? Nondik heldu da ijito hitza? eta abar. Gero gaietan sakontzeko aukera ematen zuen irakurgaien bidez. Baziren margotzeko orriak ere, adibidez, ijitoen bandera zuri-beltzean zuen orrialdea. Haurren neurrikoa zen.

Horiek erabili zenituen Manfariel pertsonaia sortzeko?

Hori da. Garai hartan haur ijitoek, batez ere neskek, ez zuten eskola bukatzen. Haien anai-arreba txikiak zaintzen aritzen ziren, eta 15-16 urterekin ezkondu, eta seme-alabak hazteaz arduratzen ziren. Manfariel nire ikasle ijitoei eskerrak emateko modua da, haiekin asko ikasi baitut. Ijito positibo bat nahi nuen. Pentsatu nuen neska izatea, baina gehiegi zen: ni payo izanik, ez ditut ijitoen bizipenak izan; gainera, pertsonaia neska? Gizon heterosexuala naiz-eta. Azkenean, mutiko sentibera eta fin bat sortu nuen, unibertsitatean ikasitakoa.

Garrantzitsua zen ikasle horiek ikasten jarraitzera bultzatzea?

Ikasle ijitoentzako eredu izatea nahi nuen. Ijito identitateari uko egin gabe, baina payo-ekin zubiak eraikitzen dituen pertsonaia da. Ez du bere izaera baztertu behar, baina payo-en balio interesgarriak ere jasotzen ditu. Gitarra jotzen du, flamenkoa maite du...

Eskolan nolakoa zen ijitoen eta payo-en arteko harremana?

Haurrek elementu arrazistarik ez dutela esan ohi da, eta hori egia da. Baina nerabezarora ailegatzerako gizartean nagusiki dauden aurreiritziak jasotzen dituzte, eta 12 urtetik aurrera badago nolabaiteko susmo txarra. Hala ere, esan beharra dut hiriko ijito gehienak gure eskolara etorri direla, eta naturaltasunez onartu dituztela. Lizarra harrera hiria dela uste dut. 1971n hona etorri nintzenean payo eta ijito senar-emazteak zeuden. Uste dut hori ez zela batere ohikoa.

Zergatik etorri zinen Lizarrara?

Maitasunagatik eta lanagatik. Gero banandu nintzen, baina hori beste kontu bat da. Kulturari dagokionez, oso pizgarria zen hiri bat aurkitu nuen. Inguru honek badu forma teluriko bat, eta Lizarra oso erakargarria da. Kanpotik heldu garen gehienok gelditu egiten gara, pentsa. Lizarra arima oso handia duen gorputz txiki bat da. Nafarroa bezala.

2001ean erretiratu zinen. Kostatu zitzaizun ikasgela uztea?

Ez. Eskolak ematen asko gozatu dut, hori bainuen bokazio. Baina, era berean, ez ditut azpiegitura administratiboak jasaten, horretan nahiko ijitoa naiz. Ezin zara aske ibili. Ijitoen kulturari buruzko liburuaren kontura arriskua hartu nuen, curriculumetan ez baitzen halakorik jasotzen.

Ez zenuen arazorik izan?

Bai, baina ez ikusi ergel bat egin diezaiogun horri.

Curriculumak estutu zaitu?

Beti estutzen du. Notak paratzea, esaterako: hori ankerkeria! Gure garaian nota sistema izugarria zen: bikain, oso ongi, ongi, nahikoa, eskas eta oso eskas. Rabindranath Tagorek esaten zuen maisua eta ikaslea ikasteko komunitate bat zirela eta elkar aberasten zutela. Baina maisua, irakasle ez ezik, epaile ere baden momentuan, lilura hausten da.

Zein zatekeen eredurik onena?

Tolstoi eta Tagore. Biek askatasunean oinarritutako eskola eredua sortu zuten. Baina horretarako arau eta kontrol oso zorrotzak behar dira, gero bigarren hezkuntza are zorrotzagoa baita. Errealitatearekin talka egin dezake.

Nolakoa zen ikasleekin zenuen harremana?

Ikasleei gainditzen utzi ez izanaz damu naiz, baina ezin nuen besterik egin. Antonio Machadoren frantses eskoletan denek gainditzen zuten; nahiko nukeen. Begira, gauza bat kontatuko dizut. Ijito ezagunen zerrendan Lizarrako bat dago: Patxi Ruiz. Nire ikaslea izan zen. Gurasoek erlijio ikasgaia aukeratu zuten, baina berak esaten zuen ateoa zela, beraz, apaizak ikasgelatik kanporatzen zuen. Bere tutorea nintzenez, nirekin eramaten nuen, eta solasean aritzen ginen. Oso atsegina zen harekin hitz egitea: arrazoitzen zuen eta bere ikuspegia erakutsi. Hori egin zitekeen? Ez zuen talka egiten hezkuntza sistemarekin, baina mugan ibiltzen nintzen.

Literatura emateaz gainera, idatzi ere egin duzu, dezente.

Noizik eta behin idazten zuen eskola maisua izan naiz, eta, orain, erretiro alaian noizik eta behin idazten duen erretiratu bat. Ez naiz idazlea. Niretzat idazlea da literaturaz bizi dena; bere erosotasuna zalantzan jarri eta, ijitoak bezala, egurats zabalean bizitzeko arriskua hartzen duena. Nik ez dut ausardiarik izan irakasletza albo batera utzi eta idazteari ekiteko. Baina asko irakurri dut, eta horrek piztu dit idazteko gogoa. Vargas Llosak zioen bezala, idazle baino gehiago, idazlari.

Liburuko istorioak aurretik argitaratuak ziren, ezta?

Lizarrako bestetako egitarauan. Batzuek pentsatu zuten Manfariel benetakoa zela. Tira, horretara jokatu dut. Literatura da.

Zure beste lan batzuetan ere fantasia da nagusi. Zergatik?

Poesiatik heldu naiz narratibatik baino gehiago, nahiz eta askotan biak nahasten ditudan. Poesia idazten hasi nintzen, eta gero kontakizun motzetan aritu naiz. Maite dut literatura fantastikoa eta ameslaria.

Zer ekarpen egiten dute poesiak eta fantasiak?

Dena ematen digute. Elementu magikoz inguraturik gaude. Nafarroako historia eta kultur bilakabidea hainbeste maite ditut, erresuma magiko bat dirudi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.