Koronabirusa

Gaitza pasatutakoak txertatzeko epea bi hilabetera murriztu du Jaurlaritzak

Orain arte, birusa izan dutenek sei hilabete itxaron behar zuten zizta hartu aurretik. Jaurlaritzak azaldu du txerto nahikoa dagoelako murriztu dutela epea. Hegoaldeko ZIUetan 87 lagun daude gaitzak jota

Erizain bat herritar bati COVID-19aren kontrako txertoa jartzen, Ilunbe zezen plazan kokatutako txertaketa gunean. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
Edurne Begiristain - Uxue Rey Gorraiz
2021eko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak herenera murriztu du Arabako, Bizkaiko edo Gipuzkoako herritar izanik birusarekin kutsatua izan ondotik txertoa hartzeko aukera izan arte itxoin beharreko epea. Orain arte, gaitzarekin kutsatutakoek sei hilabete itxoin behar zuten COVID-19aren aurkako txertoa jartzeko. Hemendik aurrera, epea bi hilabetekoa izanen da,sintomak azaltzen direnetik edo kutsatzea diagnostikatutako egunetik kontatzen hasita. Osasun sailburuorde Jose Luis Quintasek iragarri du aldaketa, atzo Radio Euskadi irratian egindako adierazpen batzuen bidez. Hala, zehaztu duenez, duela bi hilabete edo gehiago kutsatutakoei orduak emateko, SMS mezuak bidaltzen hasia da Osakidetza jadanik.

Halaber, Quintasek zehaztu egin zituen itxaronaldia moldatu izanaren arrazoiak: oraintxe COVID-19aren aurkako txerto nahikoa dago, eta lehentasunak ezarri behar dira. Txerto nahikorik ez zegoenean, ordea, «talde zaurgarrienak lehenbailehen txertatzea» lehentasunezkoa zen, eta, beraz, ez dago osasun arrazoirik gaitza igarotakoek sei hilabetez itxaroteko txertatzeko.

Aldaketak izanik ere, herritar talde horien txertatzeko beste irizpide batzuek bere hartan segituko dute: gaixotasuna igaroa duten 65 urteko edo gutxiagokoei txertoaren dosi bat jarriko zaie. Hau da, bigarrena jaso gabe ere osatua izanen dute txertaketa pauta.

Egonkor, baina larri

Birusak Hego Euskal Herriko ospitaleetan duen eragina nahiko egonkorra dela erakusten dute osasun sistemek argitaratutako datuek. Ordea, datuak aski ilunak dira. Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako informazioaren arabera, oraintxe bertan guztira 439 lagun dira birusarekin erietxeratuta daudenak. Bezperan baino hamar gehiago dira. Zehaztu dutenez, horietako 87 ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan daude.

Osakidetzak eta Osasunbideak 56 lagun ospitaleratu zituzten herenegun gaitzarekin. Azken hamalau egunak aintzat hartuta batezbestekoa eginez gero, datua bertsua da: eguneko 57 lagun erietxeratu dira Hegoaldean.

Halaber, COVID-19aren transmisioari dagokionez,ostegunean beste 1.104 kasu positibo zenbatu ziren Hego Euskal Herrian egindako testetan. Guztira, PRC probak eta antigeno testak kontuan izanda, 9.092 proba egin ziren, eta, beraz, %12 izan zen positiboen portzentajea. Lurraldez lurralde, Bizkaian 466 kasu izan ziren; Gipuzkoan, 220; Nafarroan, 213, eta, Araban, 182.

Gainera, Nafarroako Gobernuak jakinarazi du birusarekin eri zen pertsona bat zendu dela herrialdean: 91 urteko emakumezko bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.