Osasunak urrats handia egingo du salbaziorantz gaur Valladolidi irabazten badio

enaut agirrebengoa
2021eko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Osasunak bideratua du mailari eusteko helburua: 28 puntu ditu zakuan, eta sei puntuko errenta dauka jaitsiera postuekin. Haatik, oraindik ez dago arriskutik kanpo. Urratsak egiten jarraitu behar du salbazioaren bide malkartsuan. Gaur Valladolid hartuko du Sadarren, eta, irabazi ezkero, emango lukeen aurrerapausoa ia erabakigarria izango litzateke: aurkari zuzen bati kolpea eman, eta 30 puntuko langa gaindituko luke 11 jardunaldiren faltan.

Gorritxoek Oier, Roberto Torres eta Unai Garcia gabe jokatu beharko dute, hirurek harreman zuzena izan baitute COVID-19an positibo eman duen norbaitekin. Iñigo Perezek, Roncagliak eta Ruben Martinezek ere ezingo dute jokatu, min hartuta daudelako oraindik ere. Chimy Avila ere ez dago prest oraindik, baina hasia da tunelaren amaiera ikusten: sendagiria jaso du dagoeneko, eta lehiara apirilean itzultzea espero da.

«Pizgarri askoko lehia da»

Kapitainen falta deitoratu du Jagoba Arrasatek. «Hiru jokalari garrantzitsu dira, eta aldi berean galdu ditugu. Lastima da». Alta, azaldu du badituztela aukerak aldaketak egin eta «talde lehiakorra» zelairatzeko. Balio handia eman die gaur jokoan izango diren puntuei: «Halako partidak aurrera atera ditugu bigarren itzulian, eta badakigu horrek zer esan nahi duen. Gaur irabazita, pauso oso garrantzitsua emango dugu». Helburu bat baino gehiago dutela azpimarratu du: «Golen aldea ere jokoan izango da, eta 31 punturekin jar gaitezke. Pizgarri askoko lehia da».

OSASUNA-VALLADOLID
Osasuna. Herrera; Vidal, Aridane, David Garcia, Manu Sanchez; Torro, Moncayola, Barja, Ruben Garcia; Budimir eta Calleri.
Valladolid. Masip; Janko, Joaquin El Yamiq, Olaza; Roque Mesa, Alcaraz, Oscar Plano, Orellana; Sergi Guardiola eta Weissman.
Epailea. De Burgos Bengoetxea.
Lekua. Sadar.
Ordua. 18:30ean (La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.