Larvik 29. Bera Bera 21

Ezustekorako aukerarik gabe

Bera Berak ezer gutxi egin ahal izan du Norvegian, Larviken defentsa sendo eta kontraerasoaren aurka

Larvikeko jokalariak ez dio Matxalen Ziarsolori atera jaurtitzen uzten, lehen itzuliko partidan. JUAN CARLOS RUIZ / ARP.
Donostia
2013ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Larvik. Hasanic, Blanco (2), Vide Ingeborg, Nora Moerk (2), Breivang (2), Kristiasnssen (2), Thea Moerk (5), Lise Locke (2), Sulland (8), Edin (3), Koren (3) eta Johanssen.

Bera Bera. Temprano, Ziarsolo (3), Elorza (8), Pinedo (2), Menendez (4), Nuñez (2), Dunay, Arizaga (1), Ederra, Arrojeria, Etxeberria (1).

Golak. 3-2; 4-2; 7-3; 7-5; 11-7; 15-9- atsedenaldia- 17-11; 20-13; 24-15; 26-16; 27-20; 29-21.

Epaileak. Lah eta Sok (Eslovenia).

Bestelakoak. 1.200 ikusle inguru Larvik Arena pabiloian.

Ezin izan zuen ezustekoa eman. Bera Berak Txapeldunen Ligako ligaxkako laugarren jardunaldiko partida jokatu zuen atzo Larvik liderraren aurka, eta Norvegiako taldeak ez zuen estutasun handirik eduki bi puntuak lortzeko. Bera Berak garaipenik eskuratu gabe jarraitzen du Europan, eta dagoeneko matematikoki ezinezkoa du aurrera egitea.

Zerbaitegatik da Larvik Txapeldunen Liga irabazteko hautagai nagusietako bat. Norvegiarrek Txapelketako azken bederatzi edizioak jokatu dituzte, eta joan den denboraldiko arantza ateratzea dute helburu nagusi gisa —Gyoeriren aurka galdu zuten finala—. Atzoko partidan, Bera Bera behin eta berriro saiatu zen Larviken defentsan zirrikituak aurkitzen, baina bi taldeen arteko alde fisiko zein taktikoa nabarmenegia izan zen.

Lehen zatian ongi eutsi zuten donostiarrek, batez ere lehen ordu laurdenean. Eli Pinedo eta Patricia Elorzaren golek 7-5ekoa jarri zuten markagailuan, eta Larvikek arazoak zituen jokaldiak amaitzeko orduan. Pare bat minutuko kontua izan zen, ordea. Etxekoen lehen lerroko jokalariek eskumuturra berotu, eta 5-2ko partziala egin zuten minutu gutxitan. Hazita iritsi ziren etxekoak lehen zatiko azken minutuetara, eta 15-9ko emaitzarekin sartu ziren bi taldeak aldageletara.

Bigarren zatia, bide beretik

Ezer gutxi egin ahal izan zuten Imanol Alvarezen jokalariek bigarren zatian. Larvikek defentsa sendoarekin jarraitu zuen, eta Bera Beraren jaurtiketa gehienak bigarren lerrotik izan ziren. Urrutiko jaurtiketa horien ondorioz, Larvikek kontraeraso azkarrak antolatzeko erraztasun gehiago izan zituen, eta tartea zabaltzeko baliatu zuen hori —24-15 lehen laurdenean—. Azken minutuetan, jada partida erabakita zegoela, lehiak erritmoa galdu zuen eta 29-21eko emaitzarekin amaitu zen.

Txapeldunen Ligako porrota ahaztu beharra du lehenbailehen Bera Berak. Izan ere, Ohorezko Mailako hurrengo jardunaldian Elx jasoko du Donostian, hurrengo larunbatean. Europari dagokionez, bi aste barru jokatuko du hurrengo partida, etxean, Podravkaren aurka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.