Ainhoa Ibarra. Eskiatzailea

«Buruz indartsua ez bazara, eskiak frustrazioa ekar dezake askotan»

Ainhoa Ibarra gernikarra Euskal Herriak eman duen eskiatzailerik onena da. Oso gaztetan, Katalunia aldera abiatu zen, bere pasioarekin jarraitzeko asmoz. Lau Olinpiar Jokotan aritu da bere ibilbidean, eta gaur egun bere talde propioa dauka Aran bailaran (Herrialde Katalanak); Kataluniako selekzioan duen koordinatzaile tekniko lanpostuarekin uztartzen du.

BERRIA.
Unai Ugartemendia.
2020ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Austrian egonaldi batean egon da Ainhoa Ibarra (Gernika-Lumo, Bizkaia, 1968). COVID-19ak eraginda, nahi baino beranduago egin behar izan dute aurtengoan. Goi mailako kirolaria izan zen bere garaian, eta gaur egun gazteekin ari da buru-belarri lanean. Pedagogian oinarritutako langintza maite du.

Eskiko denboraldi-aurrean zaudete. Zertan zabiltzate orain?

Stubainen [Austria] nago azken asteetan. Insbruck hiriburutik oso gertu dagoen glaziar batera etorri gara Kataluniako Eski Federazioarekin. Koordinatzaile tekniko bezala nabil haiekin lanean. Hogei pertsonako talde bat etorri gara Austriara. Azkenean, hamabost eskiatzailerentzako bost entrenatzaile elkartu gara. Bi eskiatzailek etxean gelditu behar izan dute lesioak medio.

Ezohiko uda izan da aurtengoa zuentzat ere?

Bai, aurten alde fisikoa inoiz baino gehiago lantzea tokatu zaigu COVID-19arengatik. Ezin izan genuen ia kanpora atera eskiatzera. Abuztu amaieran joan ginen lehen egonaldia egitera. Oraingo honetan, berriz, hasieran hiru astekoa izan behar zuen egonaldiak, baina azaroaren 6ra arte luzatzeko moduan izango gara.

Denboraldiaren prestakuntza atzeratuta al daramazue?

Atzeratuta ez nuke esango, baina orain egiten ari garen egonaldi hau lehenago egin behar genuen. Taldeko asko oraindik ere institutuan dabiltza, eta baten batek berrogeialdiren bat egin behar izan zuen. Hona etortzeko denek PCR proba egin behar izan zuten, noski, eta momenturen batean bazirudien ez genuela ateratzeko aukerarik izango. Esaterako, Aragoiko selekziokoek oraindik ezin izan dute egonaldirik egin.

Gaur egun, zertan datza zure lanak Kataluniako selekzioan?

Teknifikazio lana egiten dut. 16-21 urte bitarteko eskiatzaileekin ibiltzen naiz bereziki. Beste modu batera esanda, nire gaur egungo eginkizuna klub batean egiten den lanetik, goi mailako errendimenduko talde batera iristeko dagoen jauzi horretan lan egitea da. Klubetan egiten den lana oraindik ere jolas jardueratik gertuago egoten da benetako prestakuntza batetik baino. Aldaketa handia izaten da batetik bestera, eta guk horretan laguntzen diegu. Fisikoki eta teknikoki hobetzen irakasten diegu. Guregana iristerako, eta emaitzak begiratuta, haien mailetan onenak izan dira Katalunian. Halere, ez dira kataluniarrak bakarrik gurekin dabiltzanak, Kataluniako edozein klubetan federatuta daudenak dira. Talde honetan dauden gehienak bekadunak dira, gainera.

Errendimenduari bakarrik begiratzen al diozue?

Esan dezaket, kirolari bezala bakarrik ez, pertsona bezala ere oso prestakuntza ona lortzen dutela. Kirolean ezinbestekoak diren balioak izan ditzaten saiatzen gara: lana, diziplina, esfortzua... Gero, beste kontu bat izango da goi mailan ibiltzeko gai izango diren ala ez. Azkenean, merezi duen lan bat egiten dugu, gehienak oso pertsona langileak direlako. Zerbait lortzeko borroka egitea zer den dakiten horietakoak dira. Oso esperientzia ona da haientzat.

Prestakuntza aipatuta, zuk ez zenuen halakorik izan.

Ez, gu beste garai batekoak gara [barrezka]. Ni 9 urterekin jada Katalunia aldera etorri nintzen. Baina orduan, guk geneukan informazioa ez zen hainbestekoa. Entrenatzaileek oso informazio gutxi ematen ziguten, eta alde horretatik gure kabuz lan handia egin behar izaten genuen. Esponja batzuk ginen! Ez zegoen gaur egun gazteek duten informaziorik, ez fisikorik, ezta teknikorik ere. Egun dena eginda ematen diegu, guk zer esango zain egoten dira, ez dute ezer bilatu beharrik.

Baliabide gutxirekin zure ibilbidea oparoa izan zen.

Bai, lau Olinpiar Jokotan parte hartzeko aukera izan nuen. Ezin naiz kexatu nire ibilbidearekin. Gaur egun asko aldatu da egoera. Gure garaian, 33 urterekin jada nahiko heldua zinen eskian lehiatzeko. Orduan dena indarrarekin lantzen zen. Gaur egun, aldiz, ia 40 urtera arte, eskiatzaile asko oso modu onean lehiatzen ikus daitezke. Arlo fisikoan aurrerapauso handiak eman direla esan dezakegu.

Zuri lesioek ere ez zizuten asko lagundu.

15 urterekin bi belaunetako lotailu gurutzatuak eta meniskoak apurtu nituen batera, baina 20 urte bete nituen arte horrela jarraitu nuen. Ez ninduten ordura arte ebakuntzarik egin. Orduan, meniskoak operatzea ez zen hain erraza; beraz, pentsa lotailuekin. Hala ere, artean lehen Olinpiar Jokoetan egoteko aukera izan nuen. Ez dut inoiz ahaztuko Calgaryko [Kanada] lehen hura. Askorentzat inoizko eskiatzailerik onena izan den Ingemar Stenmarkekin Joko batzuk partekatzeko aukera ere izan nuen.

Zuk zeuk oso goiz utzi behar izan zenuen goi mailako lehia. Prestakuntza hainbeste aldatu al da azken urteetan?

Uste dut nire erretiroa prestakuntza fisikoarengatik izan zela. Lehen, aipatu bezala, beste garai batzuk ziren. Orain, ikusten dudanean eskiatzaileak nola prestatzen diren… Gure garaietan bizkarrean kilo asko jartzen zizkiguten, eta kilo haiekin zer ariketa mota egiten genituen pentsatzen dudanean, hotzikara sartzen zait. Osasunarentzat ona ez zela argi ikusten zen. Gaur egungo eskiatzaileek zer gorpuzkera duten ikusi besterik ez dago, fisikoki behintzat aurrerapen handiak egin direla ohartzeko.

Erretiroa onartzea erraza izan al zen?

Oso ondo onartu nuen. Denbora neraman ideia horrekin. Konturatzen nintzen beste gauza batzuk egin nahi nituela, esaterako, egunean ordu gehiago lo egin, familiarekin ordu gehiago igaro, ikasten hasi... Eta emaitzek ere lehentasunik ez zutela konturatu nintzen gainera. Hasieran lekuz kanpo sentitu nintzen, baina ez nuen denbora asko behar izan bizimodu berrira ohitzeko. Hala ere, onartu beharra daukat, ez nuela pentsatzen eskian amaitzerik.

Gaur egun zure eski taldea daukazu.

Kasualitatez 10-12 urteko umeekin aritu nintzen lanean, eta orduan, berriro ere kirol honekin kateatuta amaitu nuen. Taldea osatzea erabaki nuen. Lehenik, bazkide batzuekin hasi nintzen, baina ondoren bakarkako bidea hartu nuen. Ikaragarri gustatzen zait gazteekin lan egitea, oso ondo pasatzen dut. Lan handia egiten ari gara, eta ondorioak ikusi ditugu. Jolasaren inguruan jendea heztea da oinarria.

Eta nolatan hasi zinen lanean Kataluniako Federazioarekin?

Oso gauza polita eta berria da niretzat. Haiengandik etorri zitzaidan elkarlanean aritzeko aukera. Denbora asko pasatzen dut federazioarentzako lanean, baina nire klubarekin uztartzeko aukera ematen dit. Askotariko jendearekin lan egiteko modua daukat, eta jendearen helburuak eta erronkak ere ezberdinak dira. Baina argi daukat goi mailako errendimenduko kirolari batek ere gozatu egin behar duela egiten duenarekin: ondo pasatu behar du, bestela oso gogorra egin dakioke.

Zurekin aritzen diren kirolari gehienek goi mailako errendimendua lortu nahi dute. Gehienak bidean geldituko dira, beste kirol askotan bezala. Askorekin kudeatu behar izan duzu porrota?

Bai, eta gainera, gehienak dira bidean gelditzen direnak. Taldean entrenatzen dugun arren, kirol indibiduala da eskia. Batek bakarrik irabazten du, eta esaterako, laugarren postua urruti gelditzen zaie. Martxan doan tren baten itxura dauka. Bidean jendea nola jaisten den ikusi beharra tokatzen zaigu askotan. Denborarekin gehienak konturatzen dira egiten duten bideak bizitzaren beste arlo askotarako balio izan diela. Etengabeko ikaskuntza da. Bertan sustatzen ditugun balioak bizitzaren errealitaterako ere ezinbestekoak dira gehienetan. Halere, lehen momentuko kolpeak gogorrak dira. Denbora-pasa gisa eskiak oso itxura ona dauka: kanpoan egiten da, mendian, elurretan... Baina kirol errendimendua bilatzen duenarentzat, aldiz, oso kirol gogorra da: furgonetan ordu asko, bidaia asko, pistetako egoera aldakorrak... Bakoitzaren esku ez dauden aldagai asko aurki ditzakezu, eta askotan onenak ez du irabazten. Buruz gogorra ez bazara, frustrazioa ekar dezake askotan.

Euskal Herrian, zure garaitik, ez da goi mailako eskiatzailerik izan urte askoan. Gaur egun, badaude hiru, Europako eta Munduko Kopan. Nola ikusten dituzu?

Adur Etxezarretak, esaterako, oso itxura ona dauka abiadurako modalitatean. Oso ausarta da, kementsua, eta Munduko Kopako hainbat eremutan oso denbora onak egin izan ditu. Oraindik oso gaztea da, eta borrokan jarraitu behar du. Bide onetik doa, eta gogoa ere soberan dauka. Inoiz ez dugu abiaduran horrelako eskiatzailerik izan Euskal Herrian. Meritu handia dauka Adurrek, abiadura beste kontu bat delako. Oso diziplina konplexua da.

Eta Juan Del Campo?

Ekitaldi handietan goraka egiten du nabarmen. Oso grinatsua da. Goraka doa etengabe, eta Munduko Kopako lehen probatan ikusiko dugu denboraldi hasieran. Munduko onenekin lehian ibiltzeko aukera izango du eslalomean, eta sailkatzea lortuko balu izugarria izango zen. Iaz oso erregularra izan zen. Jauzi txiki bat ematea besterik ez zaio falta. Oso tarte txikian eskiatzaile asko ibiltzen dira, baina behin langa hori pasatzen badu, egonkortzea ekarriko dio. Teknikoki fintzea lortzen badu, gauza handiak egingo ditu.

Eta Aingeru Garai?

Denetan gazteena da, baina hari ere oso itxura ona hartzen diot. Uste dut etorkizuna izan dezakeela eskian. Beste bien antzera, oso kirolari ausarta da, eta kirol honetarako ezinbestekoa da. Hirurak oso ondo prestatuta daude, mentalitate oneko kirolariak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.