Urte berriko asmoak: nola egin bidea?

Urte bat bukatu eta beste bat hastean, urte berriko asmoen zerrenda osatzea izaten da ohitura. Helburu horiek lortzen ez badira, frustrazioa agertzen da. Psikologoek nabarmendu dute funtsezkoa dela bide orria ondo zehaztea. COVID-19aren pandemiak ere eragina izan du asmoen zerrendan.

IRRIMARRA.
Uxue Gutierrez Lorenzo.
2021eko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Aurten, erretzeari utziko diot». «Aurten, kirola egiten hasiko naiz». «Aurten, gehiago bisitatuko ditut senideak». «Aurten, gehiago bidaiatuko dut». «Aurten, bukatu barik ditudan ikasketak amaituko ditut». «Aurten, liburu gehiago irakurriko ditut». Urte bat bukatzear denean, edo hurrengoaren hasieran, ohikoak dira horrelako baieztapenak. Handi zein txiki, zaila da urte aldaketa sinbolismoz ez betetzea, eta herritar gehienek egiten dituzte urte berrirako asmo eta helburuen zerrenda luzeak. Normalean, norberarentzat kaltegarriak diren ohitura, bizio edo nagitasunak uxatzeko erabili ohi da urte aldaketa, dataren aitzakian ahalegina egiteko prest. Zer gertatzen da, ordea, ezarritako helburuak betetzen ez direnean? Asmo guztiak errealitatean oinarrituta al daude, egingarriak dira? Eta, ba al du norbanakoak horiek betetzeko tresna, baliabide eta gaitasun nahikoa?

Psikologoen aburuz, listak osatu eta helburuak zehazteko erraztasuna izaten du jendeak, zoriontasunaren kanon baten arabera ezartzen baitituzte. Arazoa, berriz, ezarritako helmugara heltzeko bidea egiteko moduetan egoten da. Askok helburua erdietsi baino lehen ematen dute amore. Ahaleginak bertan behera uzteko hainbat arrazoi eta faktore daude: helburu errealistak ez jartzea, arrakasta eta porrota balio absolutuetan neurtzea (dena ala ezer ez) eta bide orria urratsez urrats eta gradualki ez marraztea, besteak beste.

Are, urte berriko asmoek zama eta oihartzun handiagoa hartu dute 2020-2021 aldaketa honetan. Batetik, COVID-19aren pandemiak frustratutako plan, asmo eta helburu guztiak berrartzeko esperantza jarri dute askok 2021ean. Bestetik, urte berria derrigor hobea izan behar delako iritzia asko hedatu da, eta iragan berri den urtean bete ez zituzten promesak aurten beteko dituztela baieztatu dute beste zenbaitek. Baten partez, bi urteko pilaketa du zerrendak. Horrek nola eragingo die norbanakoei?

Jon Imanol Etxabe psikologo eta sexologoak Donostian du kontsulta, eta urte aldaketaren kontzeptua eraikuntza kulturala dela uste du: «Guk, gizakiok, sortu dugun ideia bat da; bizitza gehiago da espiral bat, etengabe aurrera doana». Halere, nabarmendu du pertsonek ezinbestekoa dutela tarteka gelditu, egiten ari direnaren inguruan hausnartu, eta, beharrezkoa balitz, bizitzaren norabidea aldatzeko. «Urte aldaketekin bezala, badaude bizitzan non gauden eta nora goazen gogoetatzeko hartzen ditugun garaiak, esaterako 40 urte betetzen ditugunean». Etxabek uste du geldialdi horiek, hausnarketa garai horiek, funtsezkoak direla, eta errepaso hori egitea, berez, ondo dagoela.

Amore ematea

Arazoa, baina, urte berriko helburu eta asmo horien planteamenduan egoten da maiz. Etxabek esplikatu duenez, ezarritako helburuak ez lortzea eta porrot sentsazioa gatazkatsua da pertsona askorentzat: frustrazioa sentitzen dute. Psikologoak ezinegon hori zoriontasunaren eta arrakastaren gizartean errotutako ikuskerekin lotu ditu: «Zer da zoriontsu izatea? Eta zer da arrakasta?». Arrakasta eta porrota balio absolutuetan neurtzeko joera dagoela azaldu du Etxabek, eta horrek frustrazioaren agerpena errazten duela: «Ideia oso lehiakorra dugu: %100 lortzen dut edo ez dut lortzen. Hortaz, erretzeari utzi nahi dion norbaitek bi asteren buruan zigarro bat erretzen badu, porrot bat balitz bezala hartzen du. Ez dugu ulertzen bidean harriak egon daitezkeela, eta momentu batzuetan agian gelditu beharko dugula arnasa hartzera mendia igotzen ari garen bitartean». Etxabek adierazi du prozesu psikologikoetan zaila dela gauzak egunetik gauera aldatzera.

Zoriontasun ereduarekin, antzera: «Kanona bakarra da: osasuntsu egotea, ahalik eta sasoi onenean egotea, familiarekin denbora pasatzea... eta hori betetzen ez badugu, alarma pizten da gure barnean, esanez; 'kontuz, zoriontasunetik urruntzen ari zara'».

Bizkaiko Psikologoen Elkargoko dekanordea da Nerea Perez Uria psikologoa, eta bat dator asmo frustratuen ideiarekin: «Frustrazioak etsipena eta sumina ditu oinarrian, eta desira dugun zerbait betetzen ez denean agertzen da».

Urte berriko asmoen beste korapiloetako bat seinalatu du Perezek: «non gogoa, han zangoa» esapidea muturrera eramatea; hots, gogo eta ilusioarekin aldaketa berez etorriko dela uste izatea: «Urte aldaketarekin batera sortzen dira asmo onak, baina, horiekin batera, geure burua engainatzen dugu: uste dugu asmo ona, guraria eta borondatea aski direla nahi dugun hori lortzeko». Perezek uste du ilusioa eta desira halabeharrezko abiapuntua direla helmugara heltzeko; baina horrekin ez da nahikoa. «Pentsamendu eta ideiaren ondoren, ekintza etorri behar da».

Teoriatik praktikara pasatzeko, helburu abstraktua errealitate bihurtzeko, prozesu baten beharra dagoela azaldu du Perezek, ekintza plan bat ardaztu behar da. «Nahi dugun hori lortzeko aurretik gure portaerak aztertu behar ditugu, aldatu nahi dugun horren aurrean nola jokatu ohi dugun jakiteko». Ariketak gogoeta eta analisia ditu oinarrian. Jokamolde bakoitzarekin zer? noiz? zenbatero? eta zein unetan? galderei erantzutea proposatzen du.

Hausnarketa sakonak, ordea, helburuari magia eta ilusioa erauzten dizkiola baieztatu du psikologoak: «Uste dugu gauzak positiboki pentsatuz gero, eta lortuko dugula etengabe errepikatzen badiogu geure buruari, hala izango dela: hori ez da horrela».

Aurtengo urte aldaketak, ordea, magikotik gutxi izan du, eta ezberdintasuna agerikoa dela azpimarratu dute psikologoek. Ohiko egoeretan, ohiko desira eta asmoak bururatu ohi zaizkie herritarrei; urtero antzekoak, eta, maiz, urte batetik bestera arrastaka eramaten direnak. Iazko urtea, baina, ezusteak, ezjakintasunak eta etorkizunean pentsatzeko ezintasunak baldintzatu du erabat, etorriko dena irudikatu eta horren araberako planak ardazteko aukerak irauliz.

Etxeko konfinamenduak zein mugikortasuna eta aisialdia mugatzen dituzten arauek, besteak beste, planen aldaketa edo planik ez egitea sortu dute askorengan. Ondorioz, bestelako eskariak sumatu ditu Etxabek herritarren artean: «Ohiko dieta, gimnasio eta erretzea uzteaz aparte, badago faktore oso garrantzitsu bat: familiarekin denbora gehiago egotea, 2020. urtean egon ezin izan diren pertsonekin denbora gehiago pasatzea». Eta, horrekin batera, mundua ikusi eta ezagutzeko grina ere igarri du Etxabek herritarrengan, itxialdiak bultzatuta. Perezek uste du, berriz, herritarrak ez direla ari beste urteetako ariketa egiten: «Oraindik urtea asimilatu beharra dago, shockean daude herritarrak, eta ezin dute helburuak zehazteko geldiunea egin».

Sokan gora nola egin

Urte berriko asmoak edukitzea, bere horretan, positibotzat jo dute Etxabek eta Perezek. Horiek betetzeko, ordea, badira kontuan hartu beharreko gauzak. Hasteko, Perezek nabarmendu du ulertu beharra dagoela patxadaz hartu eta gauzek denbora behar dutela; eta horrek egungo gizarte eredua ezaugarritzen duen erritmoekin egiten du talka. «Azkartasuna, ziurtasuna eta bat-batekotasuna nahi ditugu, eta bizitzaren erritmoak oso bestelakoak dira: zalantzatia da bizitza». Horregatik, sokaren goiko aldean, gailurrean, paratutako asmoetara ailegatzeko bidea urratsez urrats marraztea ezinbestekoa da. Ordena bat dute urratsek. «Lehenago, lortu nahi dugun helburuaren arrazoia zehaztu behar dugu eta ekintza bakarra aukeratu». Ondoren, kronograma bat prestatzea aholkatu du Perezek; hau da, aldaketaren hasiera eta bukaera finkatu eta denboran kokatzea. Hurrengo urratsa ezarritako denborak eta aldaketak nola gauzatzen ari diren apuntatzea litzateke: «Eguneroko bat sortu behar da». Horrela, aldaketa gauzatuz joango da, eta errepikapenean dago gakoa: «Zenbat eta gehiago egin ekintza bera, orduan eta gehiago barneratuko dugu».

Bide orria eta prozesua nahitaezkotzat jo ditu Etxabek ere, baina prozesua era ez-linealean ulertzeko ohartarazpena erantsi du: «Etengabe galdetu behar diogu geure buruari ea argi daukagunhelburua eta ea bidean goazen».

Horregatik, helburu «errealistak» markatzea gomendatu du Etxabek: «Helburu txikiak jarrita, eztiaren goxoa dastatuz goaz, eta horrek aurrera egiteko indarra ematen digu». Hobe helburu txikiagoak eta epe motzean lortzeko modukoak, haren ustez. Aldaketa prozesuak lasai hartzea eta bideari garrantzia ematea gomendatu dute: gailurrera heldu bitartean, bideaz gozatzearen plazera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.