Koronabirusa

Txertoei patenteak kentzeko hautua aintzat hartzeko prest da Europako Batasuna

AEBen proposamena onartu du. «Esportazioa eta hornikuntza kateak oztopatzen dituzten neurriak deuseztatzeko» deia egin diete herrialde ekoizleei

Patenteen kontrako protesta bat, Bruselan, artxiboko irudi batean. CLARA LOPEZ GAMEZ / EFE.
Maria Ortega Zubiate
2021eko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
AEB Ameriketako Estatu Batuek lehenengo, eta EB Europako Batzordeak gero; aldatu egin dute jarrera COVID-19aren aurkako txertoen egile eskubideen auzian. Asteazken iluntzean jakinarazi zuen Joe Biden AEBetako Gobernuko presidenteak egile eskubide horiek behin-behinean deuseztatzea erabaki dutela. Zuhurragoa izan zen Ursula von der Leyen EBko presidentea atzo goizean: egile eskubideetan salbuespenak egitea eztabaidatzeko «prest» daudela adierazi zuen. Horrez gain,jakinarazi zuen txertoak ekoizten dituzten herrialdeei eskatuko dizkietela aldaketak: esan zien «esportazioa baimendu eta hornikuntza kateak oztopatzen dituzten neurriak deuseztatzeko». Europako Batzordeko arduradunak, Bidenen asmoaren harira, honelaxe hartu zuen hitza: «Europako Batzordea prest dago eztabaidatzeko krisiari modu eraginkor eta pragmatikoan helduko dion edozein proposamenen inguruan». Txertoen patenteen gaineko eskubideen auzia, hala ere, lehendik dator; iazko urritik dago patenteak liberalizatzeko proposamena MME Munduko Merkataritza Erakundearen mahai gainean. Indiak eta Hegoafrikak egin zuten eskea, eta erakundea ekainean da aztertzekoa. Dozenaka estatuk egin dute eskaera horren alde, baina orain artekontra zeuden Europako Batasuna, AEBak, Japonia, Kanada, Suitza eta Brasil.

MMEn egindakoa ez da eske bakarra. Egile eskubideak bertan behera uzteak garapen bidean diren herrialdeetan txertoaren ekoizpena arinduko lukeela jakitun, mobilizazio ugari sorrarazi ditu aldarri horrek: erakundeetan, eta erakundeetatik kanpo. MMEn egindako eskaeraz harago, Europako Parlamentuan ildo berean aurkeztutako proposamenak ere badaude, eta ugariak dira eskari horiekin bat egin duten ahotsak.

Munduko potentzia askok aldarri horien kontra egin dute orain arte, eta botika etxe handiekin bat eginda jardun dute. Eta orain ere, behin-behineko liberalizazioari atea ireki badiote ere, azpimarratu dute egoeraren larriak aldarazi diela iritzia. Katherine Tai MMEko AEBetako ordezkaria argia izan da: «Osasun krisi orokor batean gaude. Pandemiaren salbuespenezko egoerak salbuespenezko neurriak eskatzen ditu». Neurria behin-behinekoa litzatekeela esan du AEBetako Gobernuak, eta patenteetan «tinko» sinesten duela.

Europako Batzordeak ere egungo ezohiko egoera hartu du argudiotzat, eta azaldu du babes zabala bilatu behar dela, izurriak mundu osoari eragiten dion heinean.«Badakigu inor ez dagoela salbu beste denok ere egon arte. Birusak hedatzen jarraitzen badu Indian, Afrikan edo Errusian, arrisku larria da gu denontzat. Aldaera berrientzako haztegia da», onartu du Von der Leyenek.

Bi potentzien erabakiak erreakzio ugari sortu ditu, etaOMEOsasunaren Mundu Erakundeko zuzendaria izan da poza erakusten lehenengoetarikoa,Tedros Adhanom Ghebreyesus. Bidenen erabakiaren berri izan bezain pronto, horra haren hitzak: «COVID-19aren aurkako borrokan sekulako momentua da». AEBen «jakituria eta lidergo morala» ere goraipatu ditu.

Merkatuan eragina izan du albisteak, botika etxeetakoetan, zehazki: Joe Bidenen iragarpena jakin bezain pronto, behera egin zuten atzo Pfizer eta Moderna konpainien akzioek, eta, Europako Batzordea ere eztabaidarako prest zegoela jakitean, BioNTech eta CureVac botika etxeek horren eragina sumatu zuten.

«Munduko farmazia»

Egile eskubideen eta jabetza intelektualaren defendatzaile sutsua izan ohi da gehienetan Europako Batzordea. Orain arte egindako adierazpenetan, Bruselak jarrera horri eusteko argudio gisa erabili izan du MMEk «malgutasun nahikoa» ematen ziela txertoen kudeaketarako, eta Europako Batasunak txerto horiek MMEko kide guztiei banatzeko baliabideak bazituela. Hain zuzen ere, horixe goraipatu zuen Von der Leyenek atzo egindako agerraldian ere: txertoak beste herrialdeetara helarazteko egin duten lan handia. Haren hitzetan, Europako Batasuna «munduko farmazia» bilakatu da, «munduko txerto esportatzaile nagusia»: 200 milioi dosi baino gehiago bidali ditu kanpoko herrialdeetara. Europako Batasunean bertan beste horrenbeste jarri direla aintzat hartuta, nabarmentzeko modukoa dela uste du. «Gauzak argi, Europa da munduko eskualde demokratiko bakarra txertoak eskala handian esportatzen dituena». Horrelaxe defendatu zuen Von der Leyenek iragarri berri zuen erabakia. Gehitu zuen Europa Batasunak krisiari erantzun eraginkorrak ematen jakin duela: «Europak erakutsi du demokrazien batasunak emaitza onak ekar ditzakeela krisi garaietan».

Bestalde, Europako Batasuneko herrialdeetan bertan izandako txertaketa prozesuaren «arrakasta» ere azpimarratu zuen. Aditzera eman zuenez, 200 milioi dositik gora jarri dira dagoeneko. Egunean hiru milioi herritar inguruk jasotzen dute dosi bat, 30 lagunek segunduro. Aurreikusi zuen, martxa honi eusten bazaio, uztailerako adin nagusiko herritarren %70 txertatuta egongo direla Europako Batasunean. Alderaketa bat egin zuen datu ona dela nabarmentzeko: «Txina eta Errusia ez dira zifra horietara hurbildu ere egiten».

EBko agintari asko mintzatu ziren berriaz. Emmanuel Macron Frantziako presidentea, liberalizazioaren alde; Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak erabakia gaitzetsi zuen: jabetza intelektualaren babesa «berrikuntza iturri bat» dela argudiatu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.