Koronabirusa

Ukuilua eta garajea, gimnasio

Kirolariak etxean ari dira entrenatzen halabeharrez, koronabirusaren zabalkundeari aurre egiteko ezarri den konfinamenduak eraginda. Bakoitza ahal duen bezala ari da moldatzen, sasoi puntuari nola edo hala eusteko. Lehiaketara noiz itzuli ahalko diren ez jakiteak kezka eragiten die batzuei.

Oihana Azkorbebeitia, mendi korrikalaria. BERRIA.
Aitor Manterola Garate.
2020ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Arraunlaria, ergometroa etxera eramanda; pilotaria, pilotarekin etxekogarajean eskuak egiten; korrikalaria, korrika beharrean oinez azkar ibiltzen, txakurren konpainian; eskubaloiko atezaina, etxeko sukaldean gimnastika egiten; eta izotz hockeyko jokalaria, kaleko patinak jantzi eta etxe azpian teknika lantzen. Ohiko lekuetatik kanpo eta eguneroko ariketak egin ezinda dabiltza kirolariak ere, koronabirusaren zabalkundea galarazteko ezarritako konfinamenduari aurre eginez.

Jarraitu egin behar dute entrenatzen, ordea, eta ez daukate beste aukerarik: imajinazioari astindu batzuk eman, eta, ahal duten bezala, sasoi puntuari eusten saiatu, badakiten arren oso lan zaila daukatela. Gainera, beste kezka bat ere eragiten die gehienei egoera berezi honek: ez dakite noiz itzuliko diren lehiara, eta hori, itzultzen badira orain jokoan zituzten horietara; izan ere, batzuk bertan behera geratu dira, eta beste batzuk arrisku bizian dira osatu gabe bukatzeko.

Horren guztiaren adibide diraOihana Azkorbebeitia mendi korrikalaria, Maddi Aalla Zuazo eskubaloi taldeko atezaina, Joseba Ezkurdia pilotaria, Patrick Fuentes izotz hockeyko jokalaria eta Ibai Gonzalez arraunlaria.

1. OIHANA AZKORBEBEITIA Mendi korrikalaria

«Mantentze lana bakarrik egin dezaket egoera honetan»

Naturaren askatasunean korrika egiten ohituta dago Oihana Azkorbebeitia (Abadiño, Bizkaia, 1981), eta horrekin gozatu ezinak etsia eragin diola onartu du: «Etsipen eta ezintasun sentsazioa dakukat. Goizero joaten naiz korrika egitera umeak eskolara eraman eta gero, eta orain etxean egon beharra etsigarria da». Baina badaki ez duela beste aukerarik: «Azkenean, guk ere arduraz jokatu behar dugu, eta, ezin bada kanpoan entrenatu, ezin da, eta bete egin behar dugu. Ez dakit zer ematen didan korrika ibiltzeak, nahiz eta ezkutuko bide bakartietan izan». Etxe ondoan dauka basoa, eta, nahi izatera, bertan ezkutatu eta entrenatzeko modua izango luke, baina ibilaldi txikiekin ase behar: «Haiekin ateratzen ari naiz, baina oso buelta txikiak ematen nabil, paseoan». Etxean ere arituko litzateke bestelako ariketak egiten, baina nahiko lan, zaintza tarteko: «Umeak dauzkat, eta hasten naizenean zerbait egiten, haiek ere etortzen dira, eta jolasean hasten dira. Bestela ere, nahiko lan bada etxean kirola egiteko».

Ahal duena egingo du konfinamenduak irauten duen bitartean, eta garbi dauka zer dagoen horren barruan: «Mantentze lana da orain egin ahal dudana, gehiago ezin baita». Hainbat lasterketa bertan behera geratu zaizkio epe hurbilean, eta pena ematen dio, baina alderdi on bat ere baduela onartu du: «Entrenatu, gabe sasoia galduko dugu, eta nola berrekingo diogu lehiari entrenatu gabe?».

2. MADDI AALLA Zuazo eskubaloi taldeko atezaina

«Etsita bezala nabil,ezin dudalakobeti bezala entrenatu»

Kiroldegiko kantxako bi ateak eta area ditu bizileku Maddi Aalla (Plentzia, Bizkaia, 1997) eskubaloiko atezainak, eta nahi bezala mugitzen da esparru horren barruan: jauziak, lasterraldi txikiak eta abar. Orain, ordea, etxean dago sartuta, kiroldegira joan ezinda eta hainbeste gustatzen zaion bezala entrenatzeko modurik gabe: «Etsita bezala nago, ezin dudalako entrenatu beti bezala, ezin dudalako korrikarik egin. Ez dakigu liga bukatuko dugun edo ez, eta ezin jakin etxean egitea tokatzen ari zaigun lan hau zerbaiterako izango den edo ez». Hizketan ari den heinean aurkitu dio, ordea, heldulekua oraingo egoerari: «Zerbaiterako izango da lan hau guztia. Egunen batean itzuli ahal izango gara entrenatzera, eta ahalik eta ondoen itzultzea komeni, berriz hastea eramangarri egiteko».

Bere kasa ari da entrenatzen, entrenatzaileek ez baitiete aparteko ezer bidali oraindik, «egoera hau egun batetik bestera sortu delako». Lan horiek egiten dabilela kontatu du: «Ariketez osatutako zirkuituak prestatzen ditut, eta horrekin lantzen ditut indarra, erresistentzia eta abar. Ahal den moduan, azkenean». Entrenamenduetan eta kirol jardunean aparteko eragina duen beste alor bat ere aipatu du: «Janariarena ere zaindu egin behar da egun hauetan. Horretaz asko ari gara idazten Whatsappeko taldean, bakoitzak zer jan duen eta abar». Teknologia berriena lagungarri zaiela azaldu du: «Taldekideen babesa izaten laguntzen dute».

3. PATRICK FUENTES Txuri Urdineko jokalaria

«Agian alferrik ari gara entrenatzen, lehiaketaez delako berriz hasiko»

Ligako finala hastear zela harrapatu du egoera honek Txuri Urdin izotz hockey taldea, eta Patrick Fuentes jokalaria (Donostia, 1995) etxean dabil entrenatzen, «agian alfer-aferrik, balitekeelako lehiaketa bertan behera geratzea». Etsipen halako bat sortzen dio horrek, baina, zer gerta ere, lanean segitu behar, eta ahal den bezala ari da, nahiz eta ez zaion erabat arrotza egiten egoera: «Udan ez dugu izaten izotz pista entrenatzeko, eta lan teknikoa etxean egiten dugu. Orain ere horrela ari naiz». Kaleko patinak jantzi, pilota berezi bat hartu, eta etxeko garajearen kanpoaldean aritzen da.

Lan fisikoa egiteko, bere kasa moldatzen ari da: «Abdominalak egiteko barra bat daukat, eta pisua altxatzeko gailu batzuk ere bai, hankak, besoak eta gorputz osoa lantzeko. Soka elastikoak ere atera ditut». Daukanarekin egin behar aurrera, eta horretan ari da. Zertarako ari den ere garbi dauka: «Giharrak eta sasoi fisikoa lantzea tokatzen zaigu orain».

4. IBAI GONZALEZ Orioko arraunlaria

«Ez dugu alde baterautzi behar aurretikegin dugun lan guztia»

Arraunlariak bestela ere badaki etxean entrenatzea zer den, batzuk bai baitira etxean ergometroa izaten dutenak, neguko lanaren zati bat bertatik egin ahal izateko, astean zehar kluberako joan-etorria arintzeko. Ez da hori, ordea, Ibai Gonzalezen kasua (Palma, Herrialde Katalanak, 1993). Orioko arraunlaria Oriora joan izan da orain arte: «Donostian bizi naiz, gertu, eta joan-etorrian ibili izan naiz taldekide batzuekin». Konfinamenduak ez du, hala ere, Donostian eta Orion harrapatu: «Urritzolan nago, Sakanako herri txiki-txiki batean. Hamalau biztanle baino ez dauzka. Tira, orain hamabost, nirekin [barrezka]. Gurasoei bisita egitera etorrita nago».

Baserria berritu berri dute, eta obrako material batzuk ondo ari zaizkio etortzen «kirola egiteko tresnak asmatzeko». Aldamioa ondo ari da baliatzen, behintzat: «Abdominalak egiteko ederki tokatu zait pare-parean». Txinga batzuk ere bazirela etxean, eta horiek ere batu ditu lanerako: «Pisua altxatzeko ariketa asko egiten ditugu arraulariok, eta erabiltzen ari naiz». Baserrian zeuzkan tresna horiek ez ezik, lekuaren egokiera ere ondo ari zaio etortzen: «Hemen leku asko daukat entrenatzeko, eta Donostian baino hobeto nago».

Eragozpenak erosotasun bihurtzea lortu du, baina onartu du ez direla entrenatzeko baldintzarik egokienak: «Jonek [Salsamendi, entrenatzailea] emandako ariketak egiten nabil ergometroan, eta etxeko bizikleta bat ere badut; neuk asmatutako tresnak ere baditut, eta, ukuilua gimnasio bilakatu badut ere, etsipen puntua ere badaukat tarteka». Halere, onartu du ez dagoela beste aukerarik: «Txinatarrek dioten bezala, arrisku egoeretan ere aukera onak sortzen dira, eta honi ere aurkituko dizkiogu».

Traineru denboraldi ofiziala udan izaten da, eta gertu-gertu ere ez dago: «Aurrez egin dugun lan guztia ez dugu alde batera utzi behar. Euskolabel liga hasteko denbora asko falta da oraindik, eta entrenamendu guztiak osatu behar ditugu, jakinik lanaren kalitatea ez dela berbera izango».Entrenatzen bakarrik aritu beharra ere ez da berdina: «Ohituta gaude alboan arraunlaria izaten, eta neguko lanean babes handia ematen diogu elkarri». Hutsune fisikoa teknologia betetzen ari dela esan du: «Whatsappetik egunero ari gara elkarri idazten, zer entrenamendu egin dugun, txisteak, entrenamenduen argazkiak eta abar. Hotza da bakarrik entrenatzea, baina taldea oso ondo ari zaio erantzuten egoera honi».

5. JOSEBA EZKURDIA Pilotaria

«Osasuna osasuna da, eta hori zaindu egin behar dugu»

Joseba Ezkurdiak (Arbizu, Nafarroa, 1991) beste pilotari eta kirolari batzuekin batera lantzen du arlo fisikoa, eta aurreko ostiralean aritu ziren azkeneko aldiz elkarrekin: «Gure kontura etxean jarduteko materiala hartu genuen, eta hemen nabil, fisikoa etxean lantzen». TRX izeneko entrenamendu mota egiteko gailua, baloi pisutsuak, goma... Horiek denak pilatu zaizkio orain etxean, eta pilotak ere bai, jakina. Ezin, ordea, pilotalekura joan: «Hasieran asmoa genuen pilotari batzuk elkartu eta pilotalekura joatekoa, baina, nola ezin den etxetik atera, etxeko garajean nabil eskuak egiten. Soinu pixka bat aterako dut [barrezka]».

Ezohiko egoera honetan, nahikoa izango du sasoi puntuari eusten Aspeko aurrelariak: «Prestatzaile fisikoarekin hitz eginez eta hark bidalitako lanak eginez, eutsi egin behar diogu sasoiari, edo, gutxienik, saiatu. Ahalik eta ondoen jarraitu beharra dago entrenatzen. Gure lana da gauzak ahalik eta ondoen egitea». Bete-betea zegoen orain Ezkurdia, Binakako Txapelketako finalerdietako ligaxkan sartuta eta lehen puntua eskuratuta, baina, orain, geratu egin behar: «Ez naiz hasiko buruari bueltak ematen. Dagoena hauxe da, eta ez dago besterik».

Etxean kirola egin beharrean dauden entrenatzeko kideekin eta beste pilotariekin Whatsapp bidez ari da harremanetan, eta «katxondeoa» badela kontatu du: «Teknologia berriek aukera ematen dute denbora azkarrago pasatzen laguntzeko, eta Whatsappeko solasaldi horiek bizigarriak egiten ari zaizkigu».

Beste alderdi batean ere antzeman du aldaketa: «Pilotariak kilometro asko egiten ditu batera, eta egoera hau ez zaio erraza egiten ari, baina onartu egin behar du: «Gu ohituta gaude etxetik kanpo ibiltzen, kilometro asko egiten urtean zehar, baina hauxe tokatzen da orain; osasuna osasuna da, eta zaindu egin behar dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.