Mediterraneotik bisitan

Flamenkoak agertu dira azken asteotan euskal kostaldean. Ez da ohikoa espezie horretako hegaztiak ikustea, eta, adituen arabera, irail hasieran izandako haizeen indarrek bultzatuta iritsi dira. Batzuek alde egin dute jada; beste batzuk bueltaka ari dira, eta pare bat hil egin dira, migrazioan izandako zauriak ezin gaindituta.

Hezeguneak dira haien habitata, eta Euskal Herrian ere kostaldean agertu dira flamenkoak. URDAIBAI BIRD CENTER.
Zihara Jainaga Larrinaga.
2020ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Irail hasieran espero gabeko bisita bat izan zen euskal kostaldean. Airez iritsi ziren. Flamenko arrosak azaldu ziren Bizkaiko Urdaibaiko erreserba biosferan eta Gipuzkoako Irungo Plaiaundi parkean. Euskal Herrian espezie horretako hegaztiak azaltzen diren lehen aldia izan denez, herritarrak eta biologoak harritu egin ziren. Bost eta zortzi ale artean zenbatu dituzte aste hauetan kostaldean, eta oraindik ere zenbaitek inguruetan jarraitzen dute. Phoenicopterus roseus da hegaztiaren izen zientifikoa. «Oso bitxiak eta ikusgarriak dira», nabarmendu du Maite Laso Aranzadi zientzia elkarteko ornitologoak.

Bere tamaina handiagatik eta hanka eta lepo luzeengatik nabarmentzen da flamenko arrosa. Zurixkak ditu gorputza, lepoa eta burua, tonu arrosekin; lumak, berriz, arrosa-gorrixka biziak ditu; hala ere, hegaldi lumak beltzak dira. Mokoa kurbatua du, arrosa ; mutur punta, berriz, beltza. Hankek ere tonu arrosak dituzte. Gazteek kontraste nabarmena egiten dute helduekin, kolore arre grisaxka dutelako, inolako tonu arrosarik gabe. Haien hankak, gainera, askoz laburragoak dira. Hain zuzen flamenko arrosa gazteak dira Euskal Herrian azaldu direnak.

Lasok azaldu duenez, ale gazteak dira kostaldean ikusi direnak, ez baitute flamenkoak berezi egiten dituen ezaugarria: «Kolore laranja». Uda amaieran sakabanaketa garaian egoten dira flamenkoak, jaioterritik mugitzen dira. Espezie migratzailea da hein batean, eta sakabanatze mugimenduak egiten ditu, hainbat umatze koloniatatik datozen aleak biltzeko. Oro har, ugaltze garaiaren ondoren, uda amaieran nagusiki, ale gehienak hainbat iberiar hezegunetan sakabanatzen dira, Afrika iparraldean eta Mediterraneo ekialdean.

Haizeak ekarriak

Batzuetan, kostaldea alde batera eta bestera zeharkatzen dute flamenkoek, elikatzeko beste leku batzuk esploratuz. Askotan, Atlantikoko kostaldea zeharkatu ohi dute, Portugalgo edo Mediterraneoko kostaldeko beste toki batzuetara iritsiz, Frantziako lurraldean murgilduz. Aurten, ustekabean, Kantauri itsasora iritsi dira. Ez da haien habitat naturala, eta ez da ohikoa halako espezieetako hegaztiak Euskal Herrian aurkitzea. Horregatik, adituak agerpenaren arrazoiak aztertzen ibili dira azken asteotan, eta, dirudienez, duela hilabete egindako migrazio horietako batean, iraileko lehen hamabostaldian, Iberiar penintsularen mendebaldean denborale handi batek bat eginzuen.

Zehazki, haize bortitzak ekarri zituen Euskal Herrira, eta adituen arabera, badirudi hori dela flamenkoak agertzearen arrazoi nagusia: «Gazteak direnez eta esperientzia gutxi dutenez, haize bortitz horiek iparraldera eraman dituztela dirudi, eta, hala, euskal kostaldean bukatu dute», azaldu du Lasok.

Iñigo Zuberogoitia ingurumen gaietako aditua ere bat dator: «Askotan, haizeak bere ibilbidetik desbideratzen ditu hegaztiak, eta normalean joaten ez diren lekuetara eramaten ditu». Hori dela eta, indar gehien hartu duten hipotesietako bat da haize bortitzek kostaldetik mugitzen diren flamenko batzuk normalean mugitzen diren baino gehiago urrundu izana. «Portaera arrunta da», nabarmendu du Zuberogoitiak. Aitzitik, entzun izan diren hipotesiak gezurtatu ditu. «Hasieran, COVID-19arekin zerikusia izan zezakeela iradoki zen, baina ez du zerikusirik, ezta klima aldaketarekin ere».

Lasok azaldu duenez, flamenkoak helduak izango balira, inkubatzera etorritakoak, beste egoera bat litzateke, baina horiek sakabanatuta galdu eta hemen bukatu dutenak izan dira. «Hegan ari zen taldetxo bat ekarri zuen hegoaldeko haize fuerteak irailaren 13-14ko asteburuan. Taldean etorri ziren ziur aski». Haien habitat arrunta hezeguneak izanik, hemen ere hezeguneetan ikusi dira.

Hala ere, zehazki ezin dute jakin nondik etorriak diren Euskal Herrian agertutako flamenkoak, ez baitute eraztunik. Eraztunketa txitak direnean hegaztiei egiten zaien marka bat da, eta haien jatorria zein den edota non jaio diren jakiteko balio izaten die haiekin aritzen diren adituei. «Hauek ez dute inolako markarik, eta, hortaz, ezin dezakegu jakin nondik datozen», azaldu du Lasok. Uste duenez, Iberiar penintsularen hegoaldean, Mediterraneoko hezeguneetan dauden koloniekin lotu daitezke: Espainian sarritan ikusten dira Doñanan, Herrialde Katalanetan ere bai Ebroren deltan, bai eta Frantzian ere, Camargan.

Irailean azaldutako flamenko arrosak ez dira Euskal Herrira lehen aldiz iritsi diren lehen hegaztiak. Lasok azaldu duenez, batzuetan etorri izan dira Ingalaterratik eta AEBetatik eguraldiaren ondorioz hango espezieak. «Askotan izaten da haizearen ondorio». Zuberogoitiak beltxargaren adibidea jarri du: Iberiar penintsularen hegoaldeko erdialdean hazten den hegazti bat da beltxarga. Emantzipatzen ari direnean, hegan egin ondoren, sakabanatze aldi bat izaten dute, eta, ondorioz, penintsula osoa zeharkatzen dute. Beraz, ez da arraroa abuztuan 100 beltxarga inguruko taldeak topatzea, ustez espezie arraroa den arren. Sakabanatze mugimenduak izaten dira, batez ere ugalketaren amaieran, nagusiki hegazti arraroak Euskal Herrian ikustearen kausa.

Bizirik irauten

Irailaren 14an iritsi zen Plaiaundira lehenengo alea, eta, harekin batera, beste dozena erdi bat ere ibili dira batetik bestera hegaka. Flamenko denek, baina, ez dute zorte bera izan. Hain zuzen ere, bi ale ahulduta iritsi ziren euskal kostaldera, eta, Irungo Txingudi Ekoetxeko eta Urdaibai Bird Centerreko ornitologoek egin ahal dena egin badute ere, horietako bat hil egin zen. Teknikariek azaldu dutenaren arabera, hegala hautsita, zaurituta eta hilzorian aurkitu zuten. «Hegazti batek baldintza horietan irautea oso zaila da». Migrazio luzeetan pairatutako ezbeharrei egozten diete gertaera.

Beste batzuek, berriz, dagoeneko alde egin dute bere bidean, ondo elikatu, atseden hartu eta indarrak berreskuratu ostean. «Posible da hemen haientzako janaria aurkitu ez izana eta eguraldiaren arabera mugitzea. Mediterraneora lotutako espezie bat izanik, hemen ez dute denbora asko egin; nahiago dute eguraldi xume eta epelagoa», azaldu du Lasok. Zuberogoitiaren arabera, flamenkoek ez dute Euskal Herrian hazteko lekurik. «Artemiak jaten dituzte, gatzagetan ugaltzen diren ornogabeak, eta guk gure estuario osoa desegin genuen duela zenbait hamarkada», azpimarratu du. Horiek horrela, Gautegiz-Arteagako eta Txingudiko aintzirak izan ezik, flamenkoek ez dute beste lekurik izan bertan geratzeko. «Toki horietan ere ez lukete geratzeko aukera handirik, leku txikiak baitira».

Baina oraindik ere denak ez dira joan; egunotan ikus daitezke zenbait ale euskal kostaldean. Hori horrela, animaliak gertutik jarraitu ezin, baina ikusteko kuriositatea duenak Ornitho.eus webgunean argitaratzen dituzten irudiak ikusteko aukera du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.