Tutera argitasun eske

Nafarroa Oinez bestak aurreikusi baino jende gutxiago bildu du aurten. Helburu ekonomikoak betetzerik izanen ez dutelakoan, laguntzeko eskatu diete euskaltzaleei. Hala ere, jarduera guziak egin zituzten, eta lana ongi baloratu dute.

Iruñeko Duguna taldea Nafarroa Oinez-eko laugarren gunean dantzan. J. MANTEROLA / FOKU.
Iker Tubia.
2019ko urriaren 22a
00:00
Entzun

Argi zuten helburua, argi zuten bidea, eta argi zuten «urte osoan zehar amestutako eguna» zela igandekoa, Maru Erize Argia ikastolako lehendakariak Nafarroa Oinez-eko hasierako ekitaldian esan zuenez. Argi zuten euskaltzale anitz bilduko zituztela Tuteran (Nafarroa) eta besta handia eginen zutela. Baina ez da aski izan. Balorazio gazi-gozoa egin behar izan du Tuterako ikastolak: eguna ongi joan zen, jarduera guziak egin zituzten, baina aurreikusi baino jende gutxiago erakarri zuten. Hori ikusirik, jendeari ekarpen ekonomikoekin laguntzeko deia luzatu diote. Laino artean argitasun eske.

Atzo, garbiketa lanetan burumakur ziren boluntario asko. Lokatzez beterik aurkitu zituzten Tuterako nekazaritzako elikagaien hirian muntatutako guneak. Biharamuneko garbiketa lanetan zela, ikastolako lehendakariak argi azaldu zuen zer sentitzen zuten: «Jendeak sekulako lana egin du; beraz, hemen denak gaude zurbil edo serio antzean. Baina ikusiko dugu nola gelditzen den afera. Aurrera egin behar da». Nafarroa Oinez-en antolaketari dagokionez, esan zuen «lan bikaina» egin dutela, baina emaitza ez zen espero zutena: «Jarduera guztiak egin genituen, eguerdi partean eguzkia atera zen, jendea guneetan eserita eta lasai egon zen... Alde horretatik, primeran. Baina, jakina, antolakuntza hau erraldoia da, eta prestatzen duzu jende kopuru handi batendako; hori ez genuen bete».


Iruñeko Duguna  taldea Nafarroa Oinez-eko laugarren gunean dantzan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Foruzaingoaren arabera, 14:00etan 88 autobus eta 3.200 auto ziren Nafarroa Oinez-en aparkalekuetan. Beraz, 20.000 lagun zenbatu zituzten. Hala ere, Argiñe Korta ikastolako zuzendariak igandean esan zuenez, arratsaldean auto gehiago ere joan ziren. Erizeren arabera, bi faktore nagusirengatik bildu zen espero baino jende gutxiago: eguraldiarengatik —goizean fresko egiten zuen, eta arratsaldean zaparrada bota zuen— eta A-15 autobia itxita zegoelako. Hala ere, ez zuen baztertu arrazoi gehiago ere izanen zirenik.

Oraindik goiz da, eta ez dute zenbaki zehatzik. Hala ere, ez dute helburu ekonomikoa erdiesteko itxaropen handirik: «Orain hornitzaileekin ari gara, eta ikusiko dugu, baina diru bilketa txikiagoa izango da», azaldu zuen ikastolako lehendakariak. «Beraz, moldatu beharko dugu jasotakoarekin, eta asmoak birpentsatu. Helburuek berdin jarraituko dute, baina epeetan luzatu beharko ditugu». Horrelakoetan ohikoa izaten denez, Argia ikastolak kontu korronteen zenbakiak zabaldu ditu dirua biltzeko. Ez hori bakarrik. Nafarroa Oinez-en webgunean aukera dago Ibilbide Birtuala izeneko egitasmoan parte hartzeko: diru ekarpena egiteko beste modu bat da hori.

Bestaren argiak

Dena den, dena ez da ilun aurtengo Nafarroa Oinez-en. Are, igandean balorazio ona egin zuen Argia ikastolak, eta, diru bilketari dagokiona alde batera utzirik, gainerakoan positiboa izan zen atzo ere Erizek egindako balorazioa. Alde batetik, Argiako lehendakariak nabarmendu zuen ikastolaren berri emateko aukera izan dutela: «Gure proiektua eta helburuak azaltzen aritu gara, eta hori sekulakoa izan da. Beraz, jendeak jakin du zertan ari ginen, nola ari ginen, eta aukera izan dugu dena kontatzeko».


Zopilotes Txirriaosen kontzertua, bigarren gunean, euria hasi zuenean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Komunikabideen bidez lau haizetara eman dute Argiaren berri, baina Tuteran bertan ere arrastoa utziko du laugarrenez han antolatutako Nafarroa Oinez-ek. «Herrian sumatzen da: asteburuan jende pila bat ibili da Tuteran eta ondoko herrietan. Jende asko etorri da, eta euskararen inguruan zerbait handia zegoela konturatu da jende guztia». Gainera, herritar asko txandak egitera joan zirela goraipatu zuen Erizek, eta sorpresarik ere hartu zutela Nafarroa Oinez-en parte hartu zuten herritar batzuk ikusirik.

Antolatzaileek boluntarioen lana ere txalotu zuten. Besta bukatu ondotik bidalitako oharrean haien lana eskertu zuten: «Azpimarratzekoa da Argia Ikastolak, bere txikitasunetik, horrelako jai erraldoi bat antolatzeko erakutsi duen gaitasuna. Horregatik, ikastolaren komunitateko kide oro zoriondu nahi dugu, bai eta eskerrak eman ere».

Navarra Sumarik gabe

Euskaraz bizi nahi duen Erriberaren aldarria ere izan zen Tuterako Nafarroa Oinez. Hasierako ekitaldian hizkuntza eskubideen alde mintzatu zen Elena Zabaleta Nafarroako Ikastolen Elkarteko lehendakaria: «Epai ulergaitzen gainetik, nafar herritarren hizkuntza eskubideak defendatzen jarraituko dugu, baita Erriberan ere, uste baitugu erkidegoen ondare kulturalaren barruan hizkuntzek lehentasunezko lekua dutela». Agintariak, politikariak eta herri eragileetako kideak aurrean zituela esan zituen hitzok.


Mutil bat gurpildun zezenarekin jostatzen, lehenbiziko gunean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Jose Mari Aierdi Nafarroako Gobernuko lehendakariordea, Unai Uhalde Nafarroako Parlamentuko lehendakaria eta Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilaria han izan ziren, besteak beste. Ez, aitzitik, Alejandro Toquero Tuterako alkatea. Are, Navarra Suma eskuineko koalizioko kiderik ez zen izan Nafarroa Oinez-en. Parlamentuan ordezkaturik diren gainerako alderdietako kideek babesa agertu zioten bestari.

Atzoko garbiketa lanen ondoren bildu zen batzorde iraunkorra egoera nola kudeatu erabakitzeko. Tuterako ikastolaren aldeko diru bilketa martxan bada ere, dagoeneko lekukoa pasatu diote Lizarrako ikastolari. Heldu den urtean 50 urte beteko du ikastola horrek, eta urteurrena borobiltzeko aukera izanen du, Nafarroa Oinez antolatuz. Unai Gardoki lehendakariak gogotsu heldu zion erronkari: «Erronka gogorra da, baina oso polita».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.