Beste aldetik dator erantzuna

Adimen artifiziala erabilita hildako pertsona baten gisan erantzun dezakete txatbotek, edo izan daitezke konpainia egiten duen lagunaren ilusioa, Replika aplikazioa bezala. Galdera, zalantza eta arazo anitz sortu ditzake teknologia horrek filosofiaren eta psikologiaren ikuspegitik.

EIDER EIBAR.
Iker Tubia.
2021eko urriaren 16a
00:00
Entzun
Hildakoekin hitz egiteko grina aspaldikoa du gizakiak. Batzuek ouijaren bidez edo bestelako sinesmenak erabiliz egiten dute. Gaur egun, ouija birtual bat egiteko aukera erreala da. Eugenia Kuyda adimen artifizialean aditua den informatikariak egin zuen. 2015ean lagunik onena istripuz hil zitzaion, baina harekin solastatu nahi zuen. Bere jakintza baliatuz ,txatbot bat sortu zuen, solasaldiak izateko gai den programa informatikoa. Lagunak gertuko jendearekin idatziz izandako 10.000 solasaldi baino gehiago bilduta, programak lagunak erantzungo lukeen bezala erantzutea lortu zuen. Txat baten bidez, hildako batekin hitz egiten ari zela irudika zezakeen.

Duela hiru urte bbc.com atarian esan zuenez, dolua egiteko modu «interesgarria» izan zen. «Batzuetan gogorra zen, ikusten nuelako ez nintzela hori askatzeko gai eta zoratzen hasten ari nintzela; baina, era berean, saihesten nituen gauzak sentitzen lagundu zidan». Modu horretan, hildako lagunarekin hitz egiten ari zela simula zezakeen, eta, hedabide horretan onartu zuenez, bizirik zegoenean kontatzera ausartzen ez zen gauzak ere aipatu zizkion txatbot berezi horri.

Zientzia fikziozko zenbait film edo telesail distopiko errealitatetik uste baino gertuago daudela agerian utzi zuen Kuydak: Black Mirror telesaileko Be Right Back (Heldu naiz) atalean ageri da hildakoak berpizteko modu hori; hasieran, txat baten bidez mintzo da protagonista berriki hil zaion senarrarekin; gero, telefonoz deitzeko aukera ere badu, eta, azkenik, senarraren itxura duen robot bat hartzen du etxean. Zineman ere badira antzeko aferak jorratzen dituzten lanak: Her filmeko protagonista Samantha deitutako ahots laguntzaile batez maitemintzen da.

Lagunarekin egindako saioaren ondoren, Replika aplikazioa sortu zuen Kuydak. Replika txatbot bat da, eta erabiltzailearen solasaldietatik ikasten du. Are, informazio asko bilduta, erabiltzailearen erreplika bihurtu liteke, hark bezala erantzuteko gaitasuna izanik. Jende anitzek erabili du norbaitekin solastatzeko: mundu osoan hamar milioi pertsonak baino gehiagok. Erabiltzaileek egunero 24 orduz haiekin mintzatzeko prest den gailu bat dute, haiengatik kezkatzen dena eta umorea ere erabiltzen duena, memeak bidaliz, esaterako. Baina adeitsu eta ulerkor erantzuten duen horrek badu arazo bat: ez da pertsona bat; makina bat da.

Pertsonek bezala erantzuteko gaitasuna datuekin entrenatuta lortzen dute makina horiek, Olatz Arbelaiz EHUko Adimen Artifizialeko graduko irakasleak azaldu duenez. «Gu baino askoz ere eraginkorragoak dira datuen gainean eta haien atzean dagoena ikasten, baina konbinatuz ikasten dute; guk ditugun gaitasun batzuk ez dituzte, eta ez dut uste izango dituztenik».

Galderak egiten ditu Replikak behar duen informazioa jasotzeko. «Erantzunen arabera, oinarrituko dira antzeko erantzunak eman dituzten beste batzuen informazioan, eta hortik sortuko dira galdera berriak», kontatu du. Horregatik, Replika erabiltzean kontuz ibili behar dela uste du. «Erantzunak gordetzen ditu, eta hori kontu handiz zaindu behar da. Informazio hori modu anonimoan erabili beharko lukete, baina informazioa hor dagoen momentutik, arrisku bat ere badago».

Filosofia eta psikologiaren alorretatik begiratuta, hildakoekin solasaldiak izateko simulakroek arazo nabarmenak sortzen dituzte. «Azpian badago gai klasiko bat: hilezkortasun gosea. Neurri batean, erlijioak irtenbideren bat proposatzen du horren aurrean», esan du Agustin Arrieta filosofo eta informatikariak. «Nik uste dut irtenbide txarra dela; heriotza kudeatu behar da. Badirudi teknologiaren eskutik datorren hau erlijioarekin ezberdina den bidea dela, baina ez dut uste».

Doluaren oztopo

Lucia Villar psikologoa da, eta itxaropenaren telefonoan lan boluntarioa egiten du. Arazo bat ikusi du hildakoen antzera mintzo diren txatbotetan: «Horrek ez digu dolu egoki bat egiten uzten; galera onartu behar dugu, eta horrekin bizi». Azken finean, nork bere burua engainatzeko baizik ez duela balio pentsatzen du. «Norbait hiltzen denean, hasieran normala da pertsona hori hor dagoela sentitzea, bere ahotsa aditzea edo kalean hura ikustea. Prozesu horretan gure burmuina egokitzen ari da pertsona hori gabe bizitzera».

Sentsazio hori gehiago luzatu nahi izatea ez da ona, psikologoaren aburuz. «Aplikazio horrek erantzuten badigu, gauzak kontatzen ahal badizkiogu, eta, moztu nahi ez dugun lotura hori mantentzeko aukera ematen badigu, ezin dugu doluarena azken urratsa eman: bakarrik aurrera egitea». Infantilizatutako gizarte baten sintoma izan daitekeela uste du Villarrek. «Badira konpondu ezin diren gauzak bizitzan. Beste gauza batzuetan ere bilatzen ditugu saihesbideak, baina ez; doluak min egiten du, horrela izan behar da. Ez dago bidezidorrik». Arrietak galdera pausatu du mahai gainean: «Hilezkortasuna ona da?». Ezetz uste du.

Replikaren kasuan, ez da hildako bat erantzuten duena. Jende anitzek erabili du bakardadeari izkin egiteko; esaterako, konfinamendu garaian asko igo zen erabiltzaile kopurua. «Badirudi geroz eta gehiago bilatzen ditugula kontsolamendu indibidualak makina bati atxikita: adiskide birtualak ditugu, maitasuna, gizartearen simulakroa, hiltzen denean ere adiskidearen simulakroa dugu... Geroz eta bakartuago gaude, eta indibidualismoa muturrera eramaten ari gara modu arriskutsuan», kontatu du filosofoak.

Platonen haitzuloaren alegoria etorri zaio burura: «Jendea kobazuloan bizi da simulakroak ikusten, itzalak, eta alegoriaren helburua da esatea hemendik atera behar garela eguzkiaren argipean bizitzeko. Ematen du kontrako bidea hartu dugula, eta kobazuloan sartzen ari garela. Gainera, bakoitza bere simulakroarekin jokatzen ari dela dirudi».

Replika eta antzeko gailuen erabileraren arabera, ez du arazorik ikusten Villarrek. «Nahi gabeko bakardadea oso gogorra da; egoera horretan, batzuetan, konpainiak asko arindu dezake mina». Hitz egiteko, jostatzeko edo botikak gogorarazteko gai den gailu bat «oso baliagarria» izan daitekeela uste du. «Aplikazio edo robot horri ematen diozun zentzuaren arabera, balio handia izan dezake. Nahi baduzu norbaiten ordezko edo psikologo bat izatea, arazoak egon daitezke».

Zer da pertsona bat?

Beste galdera bat ere planteatzen du aferak: zer da pertsona bat eta zer ez? Arrietari Alan Turingen testa dakarkio gogora: «Neurri batean, pertsonatzat hartzen dute testa gainditzen duena». Beste test batzuk ere planteatu dira pertsonatzat zer hartu daitekeen erabakitzeko. Non dago muga? «Hori zaila da. Ez dut baztertzen simulakroak oso sofistikatuak izatea, eta pertsonatzat hartzea». Blade Runner filmean enpatia jartzen dute muga gisa. «Nik aukeramenean jarriko nuke muga.Neurri batean guk sortutako artefaktu bat da, programa bat, eta uste dut sekula ez duela hori gaindituko. Beti egongo da testuinguru bereziren bat agerian utziko duena benetan zer den. Izan ere, aukeramenak ez du eskatzen soilik mundu mental oso konplexua, uste dut hori atxiki behar zaiola gorputz bati. Gorputzak eboluzio luze baten emaitza dira, eta makinetan hori ez dago».

Nolanahi ere, teknologia horien garapenak zenbait arazo, galdera eta zalantza sortzen ditu. Arbelaizek ohartarazpena egin du: «Norbaiti balio badio makina batekin hitz egiteak, bejondeiola; baina etika, legedia eta filosofia asko landu eta arautu beharreko esparruak dira hemen». Alor judizialari begiratuta, Arbelaizek esan du legediaren erritmoa motela dela, eta, gainera, tokian-tokian ezberdinak direla arauak. «Teknologia azkarrago doa legedia baino». Pentsamenduaren alorrean ere, ez da denborarik, Arrietaren ustez: «Galderak askotan beranduegi etortzen dira. Gizartea abiadura bizian doa, eta teknologiak onurak azpimarratuz txertatzen dira, baina etorriko dira gero txarrak ere».

Kontsolazioa eta erosotasuna ekar dezakete halako gailuek, baina haitzuloaren ilusioaz jabetzea komeni da. Argi izatea nor den benetan erantzuten duena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.