Albistea entzun

Martxoaren 8a. Zaintza

ZAINTZEKO BESTE MODU BAT ALDARRI

Pandemiak agerian utzi du zaintza guztiz beharrezkoa dela, eta, aldi berean, egungo eredua agortuta dagoela, feministen aburuz. Hori dela eta, zaintza sistema publiko baten inguruko aldarria zabaltzen ari da mugimendu feministan, eta lelo nagusia izango da aurtengo Martxoaren 8ko protesta askotan.
BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Maite Asensio Lozano -

2022ko martxoak 6

Mugimendu feministak aspaldi salatu zuena berretsi du izurriak: oro har, zaintza lanak emakumeen gain erortzen dira, etxeko eremu pribatura, eta, hala, egiteko horiek ez dira aintzat hartzen, ez sinbolikoki, ez ekonomikoki; familiatik kanpoko zaintza, gainera, negozio bilakatu da. «Zaintzaren antolaketa bidegabea eta diskriminatzailea da», laburtu du Miren Aranguren Emagin ikerketa zentroko kideak. Hori dela eta, asteartean, Martxoaren 8ko mobilizazioetan, mugimendu feministaren aldarrikapenetako bat izango da zaintza sistema publikoaren premia. Bilgune Feministak ere ideia horren bueltan ondu du aurtengo kanpaina, Naia Torrealdaik azaldu duenez: «Premiazkoa da: zaintza krisia agenda konpartituan jarri behar da». Bat dator Mari Luz Esteban, EHUko antropologo eta Basauriko (Bizkaia) Emakumeen Taldeko kideak: «Publikoa aldarrikatzera derrigortu gaitu pandemiak».

Azken urteetan, garapen eta zabalpen handia izan du zaintzaren inguruko teoria feministak. Bilakaera hori azaltzeko, 2018ko eta 2019ko greba feministetara begiratu du Torrealdaik: «Mugarriak izan ziren. Zaintzaren eztabaida hedabide guztietan egon zen, kuadrilletako solasaldietan, gizonen artean... Leherketa handia izan zen, eta agendan jarri genuen zaintzaren gaia, ez sektore batzuetako borroka gisa, baizik eta egiturazko arazo moduan».

«Lehen, gai bat zen, beste askoren artean, eta, orain, gai zentral bat da», berretsi du Estebanek. Haren ustez ere, ezin ukatuzkoa da greben eragina: «Sakontzeko aukera eman digute. Zaintzaren inguruko diskurtsoan, heldutasun batera iritsi gara». Jauzia, kualitatiboa ez ezik, kuantitatiboa ere izan da: «Grebek feminista diferente askoren parte hartzea ekarri zuten: zaintzaileak, etxeko langileak, zahar etxeetakoak, migratzaileak eta arrazializatuak... Batuketa horretan, zaintzak beste garrantzi bat hartu zuen».

Mugimendu feminista haztea eta sendotzea ere ekarri zuten grebek. Torrealdaik gogora ekarri du «indar metaketa» handia erdietsi zela: «Lehen greba inflexio puntu bat izan zen ikusteko nolako mobilizazio gaitasuna genuen; eta bigarrena, mugimendua bera indartzeko: behetik gorako prozesu bat izateak lortu zuen, batetik, ordura arte grebetan ikusezin izandako subjektu pila batek parte hartzea eta gutasun berri bat eraikitzea; eta bestetik, mugimendu feminista oso artikulatua, baina tokian-tokian errotuta».

Indarraldi betean, ordea, izurria iritsi zen. «[2019ko azaroko] Durangoko jardunaldien ostean, zaintzaren inguruan mugimendua zelan koordinatu hausnartzen ari ginen... eta pandemiak hori guztia eten du. Aurretik lortutako indar metaketa hura urtu egin zen», aitortu du Torrealdaik. Eta beste ondorio bat ere izan du, bere hitzetan: «Bai mugimendu feminista bai herri mugimendua nahiko desartikulatuta gabiltza, gure urgentzia propioekin, azken batean denok baikaude okerrago, prekarioago... Eta instituzio publikoak hori baliatzen ari dira».

Izurrian, pribatizaziorantz

COVID-19a Euskal Herrira iritsi zenetik bi urte bete direnean, kontraesan bat ikusten dute feministek: izurrian zehar inoiz baino gehiago hitz egin da zaintzaz, baina oso neurri gutxi hartu dituzte instituzioek. Aranguren: «Agerian geratu da zaintza lanak derrigorrezkoak direla, baina azkar ahaztu zaigu, ez da islatu eskubideetan, erantzukidetasun politiketan, gizonen inplikazioan...». Esteban: «Ematen zuen aldaketa politiko bat etor zitekeela, baina diskurtsora mugatu da; lan esentzial izendatu zituztenei kasu gutxi egin diete, zaintzarekin lotutako neurririk ez da jarri, eta pribatizazioan sakondu da: nazioarteko funtsen inbertsioa bideratu da zaintzara... Negozio eremu bihurtu da».

Korapilo horiek antzeman ditu Emaginek, hainbat udaletan egindako ikerlanetan. Batik bat zaintzaren inguruko diagnostikoak egin dituzte, adinekoen zaintzaileen begiradatik. «Ikusten ari gara lan prekaritatea, pobreziaren feminizazioa, denbora pobrezia, bizi proiektuak alboratzea, bazterketa soziala, indarkeria matxista... Ez beti, ez emakume guztiengan, baina zaintza lanetan horiek guztiak lotzen dira», esplikatu du Arangurenek.

Funtsean, egiteko horiek «hiperfeminizatuta» eta «erabat prekarizatuta» daudela berretsi du, eta izurriak familiarizatzeko joera areagotu duela: «Denon iruditerian dago familiak zaintzen duela ondoen. Eta hala gertatzen da: familiak arduratzen dira lan intentsiboez, erabakiez... Askok zama osoa hartzen dute beren gain, eta ahal dutenek gutxienez parte bat esternalizatzen dute». Ildo horretan, gizarte zerbitzuen hutsunea nabaritu du: «Eremu hori ez da ia garatu azken hogei urteetan. Etxez etxeko laguntza zerbitzuak murriztuta daude, azpikontratatuta eta irabazi asmoko enpresen esku; eta zahar etxeetan edo eguneko zentroetan toki gutxi daude eta oso garestiak dira. Hortaz, zaintzak birpribatizatzen ari dira: merkatuaren logikaren arabera edota era informalean». Ondorio bat argi du: «Eredua agortuta dago».

«Duela bi urte, esaten genuen kolapsorantz zihoala gure zaintza erregimena, baina, orain, kolapsatzen hasi da», erantsi du Torrealdaik. Horren adibide, zahar etxeetan gertatutakoa: «Jendea hil egin da, ez direlako bermatu bizitza horiei eusteko bitartekoak». Pandemian azaleratutako errealitate horrek eragin handia du mugimendu feministaren egungo jarreran, Estebanen aburuz: «Denbora asko egin dugu zaintza kontzeptuaz hausnartzen, gogoetari berari eman diogu garrantzia, eta, nolabait, bigarren lerroan utzi dugu sistema publikoaren aldeko aldarria. Orain, behartuta gaude: zerbitzu publikoak eraisten ari dira».

Arangurenek nabarmendu du feministek hartu behar dutela ekimena: «Bestela, zaintzaren alorrean gauzak alda daitezke, baina ez guk nahi dugun norabidean: komunitatea inplikatzeaz ari garenean, ez dugu nahi emakumeek ardura gehiago hartzea, baizik eta ardura kolektibo bat eraikitzea». Torrealdaik ohartarazi du erakunde publikoak mugimenduaren kontzeptuak «osten» eta «despolitizatzen» ari direla: «Feminismoetatik berba egiten ari gara errotiko aldaketez, egiazko erantzukidetasunaz, sexuaren araberako lan banaketa desagerrarazteaz... Baina instituzioen estrategia da zaintzak berriro etxe barruan sartzea: familiarizatuago eta feminizatuago, azpikontratazio bidez kudeatuta. Publikoa hustu egin dute».

Eredua zehaztera

Baina nolako zaintza eredua nahi du mugimendu feministak? Hirurek aitortu dute zalantza asko daudela eztabaidan. «Gogoeta gehiago behar dugu», berretsi du Estebanek, baina gogoratu du ez direla hutsetik abiatuko. Izatez, 2005etik 2008ra martxan egon zen Zaintza plataforman parte hartu zuen antropologoak: «2008an Portugaleten egindako Euskal Herriko jardunaldietan aurkeztu genuen gure ponentzia, eta han jada jaso genituen egun eztabaidatzen ditugun gai asko: adibidez, argi genuen sistema publikoaren eskaera». Dena den, 1990eko hamarkadan hasi ziren feministak gaia mugitzen. «1993ko martxoaren 8an Euskadiko Emakumeen Asanbladek kanpaina bat egin zuten: Etxeko derrigorrezko zerbitzuari ez, intsumisioa».

Hain zuzen, zaintzeko betebeharraren eta ez zaintzeko eskubidearen arteko oreka horretaz hausnartu beharra ikusten du Estebanek, zaintza sistema publikoarekin estuki lotuta dagoelakoan. Izan ere, zaintzari buruzko diskurtsoan, batzuetan, «idealizazioa, erromantizazioa, sentimentalizazioa» gailendu direla uste du: «Feministontzat, askotan, zaintzaz aritzean diruaz hitz egitea deserosoa izan da; gehiago hitz egin dugu zaurgarritasunaz, baina ematen du ez dugula gura zaintzaz hitz egin termino ekonomikoetan, eta beharrezkoa da».

Ideia horien eraikuntzan feminista marxisten eta sozialisten eragina onartu du, haiek jarri zituztelako etxeko lanak analisiaren erdigunean: «Zaintzan, eremu materiala eta emozionala berezi genituen: pentsatu dugu alderdi materiala langileen eta zerbitzuen bidez konpondu behar zela, eta afektiboa familiak eta lagunek hartuko zutela. Iruditzen zait banaketa horrek oztopatzen digula sistema publiko on batean pentsatzea: eremu materialak ere badu dimentsio emozionala, eta alderantziz, emozioen bidez bakarrik ez da zertan ondo zaindu».

Dena den, adostasunak ere badaudela nabarmendu du Torrealdaik: «Bi eskaera ezinbesteko dira zaintza lanak duintzea eta zaintza unibertsalizatzea; paradigma aldatu gabe, ez dira beteko». Ildo horretan, Bizitzak Erdigunean koordinakundean ari dira eztabaidatzen zaintza sistema nolakoa izan behar den: «Zaintzarako eskubide unibertsala gauzatzeko, sistema publikoaren aldeko apustua egiten dugu, baina uste dugu lan batzuk ezin direla esternalizatu, eta hor komunitateaz berba egin behar dugu: zelan banatu lan horiek berriro feminizatuak izan ez daitezen».

Arangurenentzat ere egiteko garrantzitsua du komunitateak: «Administrazio publikoak bakarrik ez ditu behar guztiak asebeteko: zaintzak erpin asko ditu eta, eskubide kolektibo bat den neurrian, ardura kolektiboa ere bada. Baina sistema publiko-komunitarioaz hitz egiten dugunean, gaur egun publiko izendatzen dugun hori ere ezbaian jartzen ari gara: nolako administrazio eta zerbitzu publikoak nahi ditugu?».

Aliantzetarako unea

«Adostasunetatik abiatuta, gaia konplejizatzeko eta problematizatzeko garaia» dela uste du Torrealdaik, baita «eragiteko gaitasuna» berreskuratzekoa ere: «Subjektu politiko desberdinak artikulatu behar ditugu, eta mobilizatu». Estebanentzat ere funtsezkoa da elkarlana: «Beste eragile batzuek ere agertu dute kezka zaintzaz: pentsiodunak, zahar etxeetako egoiliarrak eta senideak, sindikatuak... Ezin dugu gaia alboratu». Bat etorri da Aranguren: «Gure gai nagusietako bat izan behar du zaintzak. Aliantzen unea da».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Migrante batzuk, Irungo Harrera Sarekoen azalpenak entzuten, atzo, herriko plazan. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Zeharkaldirako sareak eraikiz

Jone Arruabarrena

Egunero heltzen dira etorkinak Irunera, Lapurdiko muga igarotzeko asmoz. Irungo Harrera Sareko kideek han egiten diete ongi etorria, eta bidaia ahalik eta modu seguruenean egiteko informazioa eskaintzen diete. Aurten, bi gazte hil dira muga Bidasoa ibaitik gurutzatu nahian.
 ©BERRIA

«Bidean sufritu eta gero, oso gogorra da itsasoan noraezean ibiltzea»

Lide Iraola

MSFren ontziak bederatzi egun egin zituen itsasoan, portu batean lehorreratzeko zain. Ostegunean porturatu ziren, eta, orain, migratzaileei emango zaien osasun arretak eta arta psikologikoak kezkatzen dute Font.
Lodosa Bizirik taldeko kideak, Lodosako kaleen izenak gazteleraz eta euskaraz jarri eta gero, plaka berriei eusten. ©BERRIA

Hutsune guztiak bete arte

Ane Etxandi

Euskara sustatzeko hainbat egitasmo gauzatzen ari dira Estellerriko Erriberan. Berriki, kale izenak ele bitan jarri dituzte, eta, orain, Porrusalda plataforma sortu berriaren bidez, euskarazko kultur jarduerak antolatu nahi dituzte.
Mugimendu feministak antolatutako elkarretaratzea, atzo arratsaldean. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Gasteizko jaietan jazotako eraso sexistak gaitzetsi ditu mugimendu feministak

Iñaut Matauko Rada

Sei ziztada, bi eraso homofobo eta ukituengatik hiru atxilotu egon dira jaietan. Autodefentsa feminista aldarrikatu dute erasoei aurre egiteko

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...