GEURE KONTU

Seinale handiko norgehiagoka

Kontsumorako elektronikaren CES azoka, Las Vegasen (AEB), joan den urtarrilaren 8an.
Kontsumorako elektronikaren CES azoka, Las Vegasen (AEB), joan den urtarrilaren 8an. LARRY W. SMITH / EFE

Jon Fernandez -

2019ko otsailak 3
A urpegi ugari ditu Ameriketako Estatu Batuen eta Txinaren arteko merkataritza gerrak. Azken bisaia Huaweirena da, Txinako telekomunikazioen erraldoiari AEBek egotzitako jokaera «kriminalarena». Washingtongo Justizia Departamentuak 23 kargu egotzi dizkio Huaweiri, hirutan laburbil daitezkeenak: lehenik, leporatu dio telekomunikazio konpainiei jabetza intelektuala eta teknologia lapurtu dizkiela; bigarrenik, Huaweik G5aren mundu mailako sareen osaketan parte hartzeak ateak zabaltzen dizkiela Txinako Gobernuari sareez jabetzeko; eta, hirugarrenik, Huaweik izkin egin diela AEBek Irani jarritako zigor ekonomikoei.

Zibersegurtasuna, espioitza teknologikoa, zegurtasun nazionala, diplomazia, munduko konpainia handienetakoen dozenaka milaka milioi euroren diru sarrerak... Osagarri guztiak ditu espioitza nobelarako. Oraingoz, akusazioek gehiago dute nobelatik errealitatetik baino, AEBak ez baitira gai izan froga bakar bat ere aurkezteko lehen bi akusazioak sinesgarri egiteko. Irangoari dagokionez, badaude helduleku batzuk, eta, hain zuzen, horregatik atxilotu zuten abenduan Meng Wanzhou, Huaweiko finantza zuzendaria eta konpainiaren sortzailearen alaba, Kanadan. Harrezkero, zaintzapean aske dago Vancouverren, AEBetara estraditatu ala ez erabaki bitartean. Iranen Skycom izeneko filial bat erabiltzen ei zuen, AEBetako zigorrak saihesteko. Jakina, Huaweik akusazio guztiak ukatu ditu, eta Pekinek Txinako enpresak itotzea egotzi dio Etxe Zuriari.

Txinaren gailentze geldiezina

Washingtonek Huaweiri egindako akusazioen atzean ur sakonetako interes handiak daude, Txinaren eta Mendebaldeko ekonomia nagusien arteko interes gurutzatuak. Asko dago jokoan, ekonomikoki eta politikoki. Beste industria askotan gertatzen ari den bezala, Txinako konpainia teknologikoak gailentzen ari zaizkie Mendebaldekoei telekomunikazioen arloan ere, bereziki AEBetako erraldoiei.

Iazko hirugarren hiruhilekoan Huaweik gain hartu zion Appleri: Txinakoak Estatu Batuetakoak baino sakelako telefono gehiago saldu zituen, eta munduko telefono saltzailerik handienen zerrendan bigarren postutik hirugarrenera bota zuen Huaweik Apple. Txinakoak munduko telefonoen salmenten %13,4 egin zituen, eta Estatu Batuetakoak, %11,8. Telefonoen arloko nagusia, alde handiarekin, Hego Koreako Samsung da, salmenten %18,9rekin.

Apple hirugarren postura jaitsi da, baina laugarrena ere gero eta gertuago dauka, salmenten %8,5ekin, eta hura ere Txinakoa da: Xiaomi.

Sakelako telefonoen negozioa gero eta helduagoa da —Applek iaz %4,5 apaldu zuen fakturazioa, batez ere iPhoneen salmenta %15 jaitsi zelako —, eta norgehiagoka handiena oraintxe teknologia berrienen konkistan dago. Washingtonek kosta ahala kosta galarazi nahi du Huaweiren esku geratzea G5 sare berrien instalazioaren gidaritza.

5G teknologia sare ultralaster bat da, 4Ga baino bizkorragoa eta seinale handiagokoa. G5aren azkartasunak Gauzen Internet (IoT) gehiago garatzea ekarriko du, eta garraioaren sektorean erabilgarritasun berriak sortzea. Mendebaldeko botere ekonomikoek eta politikoek «segurtasun nazionala» kolokan geratzeko arriskua ikusten dute, Txinako Gobernuak informazio guztia eskuratu dezakeelakoan Huaweiren bitartez.

AEBek debekatu egin dute Huawei erabiltzea G5 sare berriak jartzeko —Europako Ericsson eta Nokia ditu lehiakide nagusiak G5 sareetan—, eta gauza bera erabaki dute Australiak eta Zeelanda Berriak ere; Alemania, Erresuma Batua, Frantzia eta Kanada zer egin pentsatzen ari dira. Azken batean, Huawei beste presio bide handi bat bilakatu da Donald Trumpen eta Xi Jinpingen arteko beso borrokan. Hegemonia ekonomikoaren eta teknologikoaren norgehiagoka dago jokoan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna