Tonban ehortzirik (III). Jon Mirande Aiphasoro

«Andimari galdegin nion nire poemen argitaratzea eragozteko»

Paris, 1953ko otsaila, Andima Ibinagabeitia bozkario eta sirats handian zen Frantziako hiriburuko Euskadi Irratian Jon Mirande Aiphasororekin solasean: 'Aurten, Jainkoak baletsa, euskal literaturak mendeak zehar ezagutu duen argitaldirik garaiena ezagutuko du'. Mirande poemak orrazten ari baitzen, 'lehenbailehen irarkolara igortzeko'. Asmo goi hura, haatik, ez zen zertu.

Jon Mirande Aiphasororen tonba, Pariseko Thiais hilerrian. EKAITZ SANTAZILIA.
Miel Anjel Elustondo
2021eko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
bihotza kargaturik
begiak bustirik
eta zure alaba
[harri zuri finezko]
tonban ehortzirik

1953ko otsailean poema liburua orrazten ari zinela jakinarazi zuen irratiz Andima Ibinagabeitiak. Laster argitaratzeko gogotan zinen.

Adiskide zenbaitek eskaturik ari nintzen. Ez nintzen hasiberria poemak euskaraz egiten, baina hastapenean nire euskera ez zen behar bezalakoa, ez nuen aski landua. Bestalde, 1953an nire poesia asmoak ere ez nituen hastapenekoak berak. Urteak iragan eta gure hizkera ederra sakonkiago ikasia nuen eta, ondorioz, baitezpadakoa zitzaidan poemen hizkera aldatzea eta, maiz, baita zuzentzea ere. Horretan nengoela etorri zitzaidan Andima etxera, irratiko elkarrizketan.

Andimaren iritziko, ez zenukeen aldaketa eta zuzenketa handirik egin behar. «Aberats eta ertz guztietatik borobil» zeritzen zure poemei.

Haatik, gauza anitz aldatu behar nituen, erritmoari zegozkionak, oroz gain. Eta aise da entelegatzea.Erritmoa hitzen gaindi dabil, hitzen aukerak erritmo jakin bat erantsi diezaioke poemari. Erritmo hori batzuetan ageria da; besteetan, aldiz, ez hain nabaria, hitzen arimari itsatsita baitabil. Nik erritmo agiria eta erritmo ezkutua bereziko nituzke nire poemetan. Atzerriko poesia ere bide berri horietatik ari zen garaian, eta nik ere horrelakorik egin nahi nuen euskaraz. Guztiarekin ere, ez nuen errima nire poemetatik zeharo baztertu. Are, poesia zenbait hoskidegoaren legean adelatu nituen. Baina, nirez, maiteago nuen poesia hitzen barne erritmoaren arabera eraiki.

Zu besterik ez ote zen bide berri horietan barna ari garaian euskaraz?

Baten batzuk ari ziren. Ez ziren anitz, baina baziren, baiki. Orixek, erratekotz, era horretara antolatu zituen zenbait poemaren itzulpenak. Behi itsua, Oilarite eta Zaldia, adibidez. Hoskidetasunik gabe, latinaren neurriari eta erritmoari jarraikiz, hein batean, baina ez bide berrietan maite genuen erritmo ageri edo ezkutu hari jarraikiz. Ordurako, hoskidetasunaren kalaka aspergarria bazter utzia bagenu, errazago sartuko ginatekeen erritmo berrietan, eta garaiko gure poetek bidearen erdia baino haboro egina zuketen.

Zuk, oroz gain, poesia egin nahi zenuen, garaiko bide berrien legeen araberakoa, euskaraz...

Gauza eder anitz egin baitzitezkeen euskaraz, poesian nahiz prosan. Eta are, egin zituzten zenbait idazlek. Mugaz haraindikoetan hantxe ziren Telesforo Monzon-Olaso, Emeterio Arrese, Jon Andoni Irazusta, Jokin Zaitegi... Zaitegik, adibidez, itzulpen ederrik egin zuen ingelesetik eta grekeratik euskarara. Mugaz honaindiko autoreetan ere bazen idazle onik: Bernat Etxepare, Oxobi, Iratzeder, Leon apeza, Piarres Lafitte… onak!

Zein duzu erran delako Leon apeza?

Leon Leon, 1896an Hazparnen sortua, 1962an Uztaritzen ilun-argiaz alde honetara jina. Lehen Mundu Gerran soldadu izan zen. Euskal-Esnalea-n eta Gure Herria aldizkarietan hainbat artikulu dituzu harenak. Maite ukan nuen haren euskara. 1947an Jesu-Kristo Gure Jaunaren Ebanjelio Saindua eman zuen argitara eta atseginez irakurri nuen. Oharrez hornitua zetorren eta, zinez diotsut, haietarik anitz bitxi bezain eder zitzaizkidan. Gogoan dut haietarik batean nola zioen: «Samariar emazteki bat harat ethorririk orduan ur-keta, Jesusek erran zion: 'Emadazu edaterat'». Eta Leon apezaren oharra: «Samariarra juduarentzat, gu eskualdunentzat kaskoina baino miletan gutiago zen oraino».

Poesiaz ari ginen...

Barka, otoi, digresioa... Euskara egin-egina da poesiarako. 1953ko otsailean hogeita zazpi urtetan nintzen, gazte, baina gazteagatik ere, zenbait hizkuntza ikasiak nituen, euskarari laguntzea xede bainuen. Irakurri nituen poetak beren hizkuntzan irakurri nituen. Eta, erraten ahal dut, hizkera guztiak ez zitzaizkidan poesiarako neurri berean eginak. Erran nahi baita, frantsesa, espainola eta alemana bera ere ez zitzaizkidala hain taiu onekoak iruditzen. Ene gardiz, ingelesa zen poesia hizkuntzarik taiuzkoena, ingelesezkoak dira poetarik garaienak. Ez dakit hizkuntzak egin dituen poeta, ala poetek egin duten hizkuntza. Ez nekien orduan, eta ez dakit oraingo egunean ere, baina ingelesak bezalako poetarik ez da gainerako hizkuntzetan sortu. Baliteke ustekizun hau guztiz nirea izatea, baina jakinaren gainean ari naiz, ez duzu inori ebatsitako uste edo iritzia. Bada, poesiaz den bezainbatean, euskararen baitan ingelesaren gaitasun bera aurkitu dudala. Hargatik nuen atsegin euskaraz poemak idaztea.

Garaian zioten euskara ez zela goi-mailako poesiarako hizkuntza. Unamunoren kontrako hitz gogorrak egin zenizkion irratsaio hartan Andimari, hark bilbotarraren erasia, berriketa eta marmarrak aipatu zizkizularik…

Unamunok ez baitzekien euskararik. Unamunoren erasiek ez zuten, eta ez dute egun, batere baliorik. Hura filosofo zen beharbada, inola ere ez hizkuntzalari edo linguista. Hark euskarari buruz erranak arbuiagarri dira guztiz, ez dute batere funtsik ez indarrik. Euskara gutxitan hartua zuten aintzat gure jakintsu eta eskolatuek, eta, horregatik, gure herri xeheak ere uste zuen euskara ez zela gai arruntenak erabiltzeko baizik. Eta, bestalde, gure poetek, guztiz gehienek, gai arruntenak besterik ez zituzten erabili ohi beren poemetan. Ikus garaiko Euzko-gogoa edo Egan aldizkariak, adibidez. Gure poeta haiek mundu zabaleko eta jakintza maila orotako gai den errankizunik ez zuten inoiz erabili poemarik ernarazteko. Gai arruntenak besterik ez. Eta horrek, ezbairik gabe, kalte handia ekarri zion gure aberri hizkuntzari.

Arestian erran dugunez, zerbait berri ekarri nahi zenuen zure poemetan.

Bai. Poesiaren muinari begiratuki, nire poemetan ez duzu aurkituko nireak baino lehen euskaraz idatzitakoen eraginik. Ez dizut ukatuko garaian ere poeta bikainak genituela: Orixe, Zaitegi, Iratzeder, Salbatore Mitxelena, Eusebio Erkiaga... Sasoi hartan bizirik zirenak aitatzen ari natzaizu, alegia. Guztiak ere poeta garaiak. Beharbada, gure artean Zaitegik urratu zituen bide berrienak. Besteak ere nortasunik aski erakutsi zuten. Baina nik ordu arte erabili ez ziren gaiak hartu nituen poesiarako. Harritzekoa ere ez da nik nerabiltzan gaiak nire aurretiko poetek ez erabiltzea, guztiz gehienak elizgizonak baitziren eta ezin baitzezaketen zenbait sujeta ukitu ere. Elizgizon izan ez ziren beste poeta anitz ere, herabe ibili ziren gure parnasoan, zenbait gai ukitzeko beldurrez, alegia. Ukitu zituzten kasuan ere, apaizak uki zitzakeen neurrian ukitu zituzten. Ongi dakit nire poemak gogorxko eta gordinxko ere aurkitu zituztela euskaldun gehienek.

Zuhaurek erran duzu, gehienek gogorxko eta gordinxko zeritzen zure poemei.

Bainekien askorentzat eskandalagarri izan zirela, eta oraingo egunean ere, eskandalagarri direla. Baina inoren erran-merranak direla-eta, ezin niezaiokeen nire barneari ukorik egin. Nik, sentitu bezala idatzi nituen poemak, momentu bakoitzean nire arimaren errainu bizi dituzu. Poemetan irauli nituen nire maitasun, maitakeria, sinesmen eta sineskeriak. Filosofiari buruz ere nireak oro jaulki nituen, nik entelegatu eta pentsatu bezala. Hantxe irauli nituen nire atsegin eta etsipenak ere. Etsipenak ugariago, ondikotz, gure bizialdia etsipenez oretua zela erran baitaiteke. Anitzi ezkorregi irudituko zaizkie nire poema gehienak, baina ezin zitekeen bestela izan, baikortasunak nire bihotzean artean ez baitzuen jo. Erran delako baikortasunak inoiz nire barne-bortan hots egin izan balu, nire poemetan gatzatuko nukeen, poemak nire barneko egia izan zitezen ahalegindu bainitzen beti. Hori, bederik, erdietsi nuen, zenbait eskandalizatu baziren ere.

27 poema izatekoak zituen zure liburuak...

Hogeita zazpi nahi bainituen, nire urteak bezainbeste, eta halaxe nuen ezarria izenburuan ere: 27 poema. Gehienak ondurik neuzkan, batzuk lehen ere argitaratuak izaki eta bertze batzuk, aldiz,argirat oraindik ilki gabeak. Bospasei poema berri ere idatzi nahi nituen nik amestu kopuru hartarat heltzeko. Ezbairik gabe, hantxe ageriko ziren orduan maiteen nituenak, dela Otso, Orziren ttunttuna, Zakhur hil bati eta Nil igitur mors est. Beste poema bat, Oianone, lehen idazkeran ez, baina orrazkera berrian atsegin ukan nuen. Baina ez dagokit niri nihauren poemak hautestea, irakurlearen lana duzu hori beti.

Urte hartan berean argitaratu nahi zenuen 27 poema.

Ahal nuen lasterren argitaratzeko prestik ninduzun, baina oztopo handiak izaten nituen nire bidean. Haatik, adiskide zenbaiten laguntasunarekin behaztopa guztiak goitituko nituela uste nuen, nire liburuttoa laster eskuartean erabili ahal izango zutela euskaltzale eta euskaldunek, baina ez zen halakorik gertatu. Badakizu, bizi hau urdekeria galanta dugu... Ez zaizu iruditzen? Aski adinik badukezu zuhauren burua engainatzerat ez uzteko...

Nire usteak hemen eta orain ez du balio, Mirande jauna. 27 poema ez zen argitaratu. Zergatik ez zuen zure lanak argia ikusi?

Behin, garaian, [Frantzisko] Miangolarra jaunak, nik deus eskatu gabe, poemak berehala ondu behar nituela erran zidan, argitaratu nahi zituela. Nik, hark galdegin bezala egin eta eman nizkion Parisen. Haiek hartu eta Caracasera joan zen hura, hantxe bizi baitzen beti. Eta, azkenekotz, ez zituen argitaratu, sekula niri ezer erran gabe. Isiltasuna. Handik hiru urtera, Andima ordurako joana Ameriketara, lehenengo Jokin Zaitegiren ondora Guatemalara eta gero Venezuelara, gutun batean erran zidan Miangolarra ikusi zuela Caracasen, eta nire poemak argitaratzera zihoala. Berri hark, haatik, ez zidan atsegin handirik eman. Zio anitzengatik nahiago nuen zorigaitzeko poemok argitaratzeke egon zitezen.

Zein zenituen ziook, jakin baliteke?

Den gutien jendetarzunik ukan balu Miangolarrak, lehenago idatziko zidan gauzak nola zeuden erraiteko. Ez zitzaidan batere zaldun baten jokaera. Lehenik, nire poemak argitaratu nahi zituela, baina, urteak iragan eta, sekulan niri ezer jakinarazi gabe, ez zituen argitaratu. Eta, bat-batean, nihaurek ez nekiela, nire poemak irarkolara emaitera zihoala jakin nuen Andimaren bidez. Banekien idazlearen erdeinu hori ohiko zera zela euskaldunen artean. Hala ere, nik nekez eramaiten ahal nuen horrelako axolagabekeria. Beldur nintzen deus ezin egin nezakeela, eta gai horri buruz nire erranak Miangolarrari idazten banizkion, lettre morte egonen zirela. Hargatik, Andimari galdegin nion jaun haren gainean influentzia pittin bat baldin bazuen, otoi eginahala egin zezan poemen argitaratzea eragozteko.

Eta Andimak zure mezua Miangolarrari helarazi, eta ez genuen 27 poema libururik inoiz izan…

Andimak idatzi zidan erranez nihaurek agintzen nuela nire sorkarietan, nire nahi gorena zintzo beteko zutela «Nik, behintzat, zintzo beteko dut», idatzi zidan Andimak, eta Miangolarrak ez zuela nire poemarik argitaratuko. Eta ez zuen argitaratu... Engoitik, erran dizut nire partea, orai errazu zuk zuhaurena, dakikezuna, eta utzi ni atsedeten ondoko aldi bat artino...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.