Sanferminak Iruñean

Zirrara hasieratik amaierara

Nuñez del Cuvillo etxeko zezenek entzierro azkarra eta arriskutsua egin dute. Korrikalari bat adarkadaz zauritu dute, eta beste lau kolpeengatik artatu dituzte. Banatuta egin dute ibilbidea

Zirrara hasieratik amaierara.
Ane Eslava.
2019ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Aurreko egunetako joera apurtu dute Cadizko (Espainia) Nuñez del Cuvillo ganadutegiko zezenek. Tentsio eta zirrara unez betetako entzierroa egin zuten atzo, eta korrikalari bat adarkadaz zauritu zuten lasterketa hasi bezain laster. Banatuta egin zuten ibilbidearen zati handi bat, eta korrikalariei haiengana gerturatzekoparada utzi. Hala ere, oso agudo burutu zuten eskortetatik plazarainoko ibilbidea: bi minutu eta 18 segundoan. Entzierrorik azkarrena izan zen asteartekoaren ondoren, eta zezenek euren errekorra gainditu egin zuten.

Goizeko zortzietan piztu zen seigarren entzierroari hasiera emateko suziria, eta modu berezian abiatu zen lasterketa. Zezenek eta joaldunek ziztu bizian igo zuten San Domingoko aldapa, egunero bezala, baina metro batzuk igaro ondoren, eskuin aldetik zihoan zezen bat bidean topatutako korrikalariak herrestan aurretik eramaten hasi zen, horietako bati adarkada sartu arte. Eskuineko hankan egin zion zauria, minutu batzuk lehenagokorrikalaria Entzun, arren, San Fermin kantua abesten aritu zen tokian: San Ferminen horma hobiaren azpian. San Domingoko aldapan lasterka egin ohi duen Cascanteko (Nafarroa) 57 urteko bizilagun bat da zauritua. Larrialdietakoak zauritua ibilbidetik ateratzen ari zirela, zezenak zoro moduan jarraitu zuen aurrera, alboetara begira, izua sortuz.

Atzean gelditutako zezena Udaletxe plazan elkartu zen taldearekin, eta guztiek elkarrekin jarraitu zuten aurrera. Azkenaldiko entzierro guztietan bezala, ongi hartu zuten animalia guztiek Estafetako bihurgunea. Une horretan, beix koloreko zezen batek eta beltz batek abiadura hartu, eta taldearen itxura aldatu zuten: joaldunetako bik aurrean jarraitu bazuten ere, gainontzeko guztiak samalda ixten geratu ziren, aurreko entzierroetan ez bezala. Estafeta kalean korrikalari asko zeuden, baina beste entzierro batzuetan baino tarte handiagoak ikusten ziren haien artean. Hala ere, erorketa asko egon ziren zezenen aurrean jartzeko lehian elkarri ematen zizkioten bultzadengatik, eta pilaketa batzuk sortu ziren.

Kalearen erdialdera, zezen beix bat eta beltz bat lurrera erori ziren, eta, azkar zutitu ziren arren, taldea banatu egin zuten. Bikoteka egin zuten handik aurrerako ibilbidea zezenek, aurreko eguneko entzierroan bezala, eta, ondorioz, korrikalariek aukera izan zuten haien adarretara gerturatu eta lasterketa ikusgarriak egiteko. Telefonicako zatian eta kailejoian ez zen aparteko ezustekorik egon, erorketa batzuk besterik ez, eta animalia guztiak zuzen-zuzen joan ziren zezen plazako ukuiluetaraino, arratsaldean plaza horretan bertan hilko zituztela jakin gabe.

Gaur, ganadutegi berria

Entzierroa amaitu dela iragartzen duen suziriaren ondoren, hiru lagun eraman zituzten Nafarroako Ospitalgunera, eta beste bat San Martin osasun zentrora; bosgarren bat ere eraman behar zuten, baina ez zuen nahi izan. San Domingon adarkada jaso zuen gizonari ebakuntza egin zioten goizean bertan; bestalde, jakinarazi zuten Telefonicatik eramandako korrikalari nafar batek kolpe handia jaso zuela bularraldean, eta pneumotoraxa izan zezakeela. Horiek ziren zauriturik larrienak; beste biek kolpeak zituzten.

Nuñez del Cuvilloko zezenek hamargarren aldiz egin zuten lasterka atzo Iruñean, festetako seigarren entzierroan. Gutxi falta da jada sanferminak amaitzeko, eta entzierroaren zaleei ere bi egun baizik ez zaizkie geratzen beren pasioaz gozatzeko. Gaurkoa jakin-minez betetako entzierroa izango da gainera, Iruñean inoiz izan ez den ganadutegi batek parte hartuko duelako: Cadizko (Espainia) La Palmosilla. Bihar, berriz, sanferminetan gehien parte hartu duten zezenek korrika egingo dute: Miura etxekoek. Klasiko bat dira, eta azken entzierroan parte hartzen dute urtero, festak amaitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.