Sanferminak

Itzulera: azkarra eta zirraragarria

Nuñez del Cuvillo ganadutegiko zezenek eman diete hasiera aurtengo sanferminetako entzierroei. Entzierro azkar eta garbia izan da, adarkaturik gabekoa. Bi minutu eta 35 segundo iraun du, eta sei lagun eraman dituzte ospitalera

Itzulera: azkarra eta zirraragarria.
Yasmine Khris.
2022ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
1089 egun. 1089 igaro dira azkeneko entzierrotik, 2019ko uztailaren 14tik, eta ikusmin handia zegoen. Atzo goizean, zezenek eta korrikalariek aurtengo lehen lasterketa egin zuten. Bizi-bizi atera ziren Nuñez del Cuvillo (Cadiz, Espainia) ganadutegiaren zezenak, eta korrikalariak gogoz ere bai. Izan ere, 2019an zezenketarik hoberenagatik irabazitako saria defendatzera etorri zen Joaquin Nuñez Iruñera. Lasterketa arina osatu zuten zezenek, azkarra: bi minutu eta 35 segundo. Sei pertsona eraman zituzten ospitalera, kolpeen ondorioz.

Korrika garbia egin zuten Cadizetik iritsitako sei zezenek: 539 kilokoak batez beste. 11. aldiz parte hartu zuten entzierroan. Aurreko eguneko eguraldia zela eta, euriak heze utzi zuen zorua. Suziria 08:00etan puntuan lehertu zen, eta erasokor ekin zioten lasterketari. Ohi baino korrikalari gutxiago ikusi ziren ibilbidean, baina bizkor ekin zioten.

Ukuilutik irten eta San Domingoko malda goitu ahala, samalda nabaritu zen, batez ere Udaletxe plazara heldu bitartean. Berehala, abiadura hartu zuten joaldunek, eta arrisku guneak sortu zituzten. Izan ere, eskuinetik hartu zuten bihurgunea, eta korrikalariren bat baino gehiago estu ibili zen. Aldapa gatazkatsuaren ondotik, erorialdi franko ikusi ziren, eta Mercaderes karrikan, zezen bat erori zen.

Estafetako bihurgune makurretik, zezen batek hesiaren kontra jo zuen zuzen-zuzenean, baina ez zen erori. Berehala, nekea nabaritu zen, eta zezenak sakabanatzen hasi ziren. Ondorioz, korrika egiteko aukera hor izan zuten korrikalariek.

Jakina da Estafeta karrikan masifikazioak baldintzatzen duela korrikaldia. Eta, zezen taldeak abiadura handia izan arren, korrikalariek lasterketarik onenak egin zituzten. Hain zuzen ere, lau zezenen aurrean eta talde tenkatu batean, hutsuneak aurkitu zituzten adarren aurrean.

Kalearen bigarren zatian eta zezen plazarako jaitsieran ere, eskuinerantz egin zuten idiek, eta hor ere buru batek itxitura alderantz egin zuen. Korrikalari bat jo zuten, Espoz y Mina inguruan.

Zirraraz beterik heldu zen taldea Telefonica aldetik, lekurik zabalenera. Zezenetako batek eskuinaldeko hesiaren kontra jo zuen. Jende anitz zegoen zezen eta korrikalariei so, hesiaren bertzaldetik.

Zezen plazarako sarrera izan zen unerik arriskutsuena. Jendea pilatu zen, eta tentsioa nabaritu zen, baina, zorionez, ez ikusiarena egin zuten zezenek. Hondamendia izan zitekeen momentu horrek ez zuen okerrera egin. Hala, Nuñez de Cuvilloko animaliak plazara sartzen hasi ziren, giro zaratatsuan.

Arratsaldez, Pablo Hermoso de Mendoza, Morante de la Puebla, El Juli eta Roca Rey toreatzaileek hil zituzten zezenak. Zortzi entzierroetatik lehenbiziko entzierroari ekin zioten atzo, eta espektatibak bete zituzten.

Eguerdi partean, jakinarazi zuten sei pertsona eraman zituztela ospitalera: San Domingoko aldapan zauritu zen bat; bertze zaurituetako bat adingabea da, Udaletxe plazan erori zen, eta besoan hartu zuen min. Estafeta kalean hankan zapaldu zuten gizon bat, Espoz y Mina aldetik. Buruan kolpe bat hartu zuen beste korrikalari bat artatu zuten, Xabier karrikan. Azkenik, beste bi artatu zituzten zezen plazan.

2019an baino mantsoago

2019an, uztailaren 12ko entzierroan, Nuñez de Cuvilloko zezenek parte hartu zuten, seigarren entzierroan. Orduan, azkarrago egin zuten lasterketa: bi minutu eta 20 segundoan. Pertsona bat adarkatu zuten egun hartan.

Gaur, berriz, Fuente Ymbro ganadutegiaren (Cadiz, Espainia) txanda izanen da. Aspaldi aritzen dira Iruñeko karriketan Fuente Ymbroko animaliak, eta lasterketa garbiak osatzen dituzte zezenek normalki, lasaiak.

Aurtengo bigarrena izanen da gaurkoa, bi urteko etenaldiaren ondoren. Atzo bezala, jende anitz espero da ibilbidearen zoko-moko guzietatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.