Sanferminak

Victoriano del Rio, ziztu bizian

Zazpigarren entzierroan ez da izan adarkaturik, baina zezenen abiadurak arrisku une franko eragin ditu. Bi minutu eta 14 segundoan egin zuten ibilbidea animaliek. Miurako zezenek ikusmin handia sortu dute gaurko

Victoriano del Rio, ziztu bizian.
Yasmine Khris.
2022ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
134 segundo nahikoa izan zitzaien atzoko zezenei ohiko ibilbidea zeharkatzeko. Esponentzialki egiten ari dira 2022ko zezenak: herenegungo entzierroak errekorra egin zuen, eta, atzo,Victoriano del Rio Madrilgo ganadutegiaren animaliek gainditu egin zuten. Bi minutu eta hamalau segundoan lotu zituzten San Domingoko ukuilua eta zezen plaza. Azkarrak izan arren, ez zuten adarkaturik utzi; halere, zazpi lagun eraman zituzten erietxera.

Korrikaldi politak ikusi zituzten goizean goiz hesira joan ziren ikusleek. Eguraldiak lagundu zuen atzo. Izan ere, eguzki izpiak goxo sartu ziren Iruñeko Alde Zaharreko eraikin koloretsu artean. Lekua hartu, eta lasterketaz gozatzeko prest ziren denak. Ahal den moduan, hau da, agudo. Izan ere, atzo aski bizkor ekin zioten entzierroari Madrilgo zezenek.

Suziria bota bezain laster zabaldu zituzten ukuiluko ateak, eta bizi-bizi atera ziren animaliak. Begiak kliskatzeko astirik ere ez.

San Domingoko aldapa elkarrekin igo zuten zezenek; taldean egin zuten bidea. Abiadura hartzen hasi ziren maldan gora, eta korrikalariak apartatu egin ziren karrikaren bi aldeetara. Udaletxe plazara heltzean, zezen batek ziztu bizian gurutzatu zuen plaza. Haren atzean, bertze batek korrikalari bat hartu zuen bidean. Ez zuen adarkatu, baina buruan kolpe handia hartu zuen, eta ospitalera eraman zuten.

Mercaderes karrikara sartu baino lehen, hesiaren ezkerreko zatira zalu batean joan zen animalia bat, eta korrikalari talde bat utzi zuen lurrean hesiaren ondoan. «Kontuz!», talde bat aditu zen emanaldian. Hain zuzen ere, abiadurak eragin zituen arriskuuneak. Minutu bat bete baino lehenago, sartuak ziren Victoriano del Riokoak Estafeta karrikan. Handik aitzinera, zaleek korrikaldi ederrak egin zituzten, animalien martxa segituz. Zezen taldeak trinko jarraitu zuen, eta tarte gutxi izan zen adarren artean korrika egiteko.

Karrikaren erdian, hiru korrikalari erori ziren aldi berean, eta ganadutegiko zezenek zapaldu egin zituzten. Bertze bat erori zen urrunago. Domino efektua bezala, bata bertzearen ondotik erori zen jendea. Bitartean, bultzakadak eta ukondoak ikusi ziren; estutasuna agerian zen.

Aitzinerantz egin zuten ondotik zezenek eta korrikalariek, Telefonica zatian. Bihurgunea aski ongi hartu zuten, zezen plazara heltzeko. Normalki pilaketak sortzen diren lekuan ez zen deus izan atzo. Behin hondar zelaira sartuta, berriz, irudi deigarri bat ikusi zen harmailetatik: korrikalari bat lurretik altxatu zen bi zezen ailegatu baino lehen, eta animaliek bortizki hartu zuten. Beldur handia sortu zuen, eta oihartzuna aditu zen zezen plazan. Osotara, zazpi lagun eraman zituzten ospitalera, denak kolpeak hartuta.

Azken suziria

Gaurko entzierroa jomugan dute korrikalari eta ikusleek: sanferminetako azkena da, bi urteko etenaldiaren ondoren. Ohi denez, gaur Lora del Rioko (Sevilla, Espainia) Miura ganadutegiko animaliak arituko dira Iruñeko karriketan. Azken aldiz botako dute suziria 08:00etan, eta jende anitz espero da.

Zortzigarren entzierroak bi baldintza bete ohi ditu: liluragarria eta azkarra izan ohi da. Ikusmin handia piztu du gaurkoak, sanferminetan gehien parte hartu duten zezenek korrika eginen baitute, klasikotzat hartzen dituzten Miurako ganadutegikoek, hain zuzen.

Duela hiru urte, hiru zauritu utzi zituzten, adarkadaz. Eguraldi ona eta beroa eman dute gaurko, korrikalariek eta zaleek euren pasioaz gozatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.