Dirk-Jan Van de Ven.
ARGI ALDIAN

Berdearen tonu ezberdinak

2022ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Presakoa da karbono gutxiko trantsizio bat Parisko 1,5 graduko helburu klimatikoak betetzeko. Hala ere, COVID-19aren pandemiak zama ekonomikoak ezarri eta orokortu ditu—tartean daude inbertsioak eta enplegua gutxitzea—, eta horrek oztopatu egin du sektore asko garatzea, energia garbiarena horien artean. Pandemiaren hasieratik agendan leku nabarmena izan du suspertze funts berde kontzeptuak. Zientziako eta politikako ordezkariek energia teknologia garbietan oinarritutako pizgarri berdeen alde egin dute, ekonomiaren suspertzea eta klimaren arintzea parean joateko. Jende askok espero zuen pandemiaren osteko suspertzea mugarria izango zela jendearen babesean krisi klimatikoaren kontra borroka egiteko.

Duela gutxiko esperientziek eta ikerketek erakusten dute benetan badagoela aukera suspertze ekonomikoa eta hazkunde berdearen helburua bateratzeko, teknologia berriztagarriek langile gehiago behar dituztelako, batez ere eraikuntzaren lehen fasean. Hala ere, oraindik ez dago garbi ea zer neurritan kudeatu daitezkeen inbertsioak, bai enpleguaren hazkundea, bai negutegi gasen isuria gutxitzea lortzeko, baldintza sozioekonomiko ezberdinen eraginez.

Duela gutxi egin dugun ikerketa batean arazo hori konpontzen saiatu gara, bost herrialderen —Ameriketako Estatu Batuak, India, Japonia, Kanada eta Txina— eta Europako Batasunaren estrategiak aztertuz. Guztiek iragarri dute COVID-19aren ondoren suspertzeko funts asko bideratuko dituztela teknologia berdeetara. Ekonomia energetikoaren hiru konputazio eredu erabili ditugu. Ikerketa honetan aintzat hartu ditugu pandemiaren aurretik zituzten energia eta klima politikak; beraz, suspertze funts horiek zer eratako gehigarria diren lehen indarrean zituzten politikak lortzen ari zirenarekiko.

Emaitzek erakusten dutenez, suspertzeko funtsetatik diru kopuru egokia bideratuz gero sektore elektrikoko teknologietara, nabarmen eragin dezakete isuriak 2030erako arintzeko helburuan Txinan eta Europako Batasunean. Era berean, lana ematen diote pandemiari lotutako langabe kopuru handiari. Hori guztia pandemiaren aurreko ahaleginekin alderatuta, suspertzerako gasturik gabe.

Europako Batasunak, suspertze gastu egokiak eginez gero, karbono dioxido isurien Fit-for-55 helburura %7-48 gerturatzea lortuko luke (CO2 isuriak gutxienez %55 murriztea 2030erako, 1990eko mailarekin alderatuta), isurien bilakaeraren hiru ereduen arabera. Aldi berean, pandemiarekin lotutako enplegu galera %9 gutxituko luke hamarkadaren amaierarako. Gainerako herrialdeetan suspertze funtsen eragina nahiko txikia edo lausoegia izan zen.

Emaitzek erakusten dute suspertze funts berdeak ez direla Grial Santua klima helburuak lortzeko, eta zalantzazkoa da COVID-19 pandemia mugarria izan denik ekintza klimatikorako jendearen babesa lortzeko, hasieran espero zen bezala. Emaitzen arabera, herrialde askok ez dute lortu suspertze berderako neurri esanguratsuak ezartzea, nahiz eta COVID-19aren pandemian suspertze ekonomikorako sekulako dirutzak iragarri zituzten.

Estimulu neurri berdeek eragin onuragarria —eta ez inflazionista— izateko baldintzetako bat da ekonomia atzeraldian egotea, langabezia tasa nahiko handiarekin. Beraz, prestakuntza politikoa funtsezkoa da krisi ekonomiko garaian estimulu berderako neurriak azkar bilatzeko, eta krisi horiek baliatzeko isuriak gutxitzeko beharrezkoak diren eraldaketa berdeak lortzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.