Koronabirusa

Maskara eta testak Ipar Euskal Herriko haurrentzat

Atzotik indarrean dira Frantziako Gobernuak osasun egoerari aurre egiteko hartu dituen neurri berriak. Baionan, guraso batzuek «kezka» agertu dute haurrek egin behar duten test kopuruari buruz.

Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2022ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Herenegun iragarri zituen Olivier Veran Frantziako Osasun ministroak osasun krisiari aurre egiteko neurri berriak, eta atzo sartu ziren indarrean. Haurrei dagozkie horietako bat baino gehiago, hala nola maskararen erabilpen behartua eta kontaktu kasu izanez gero test gehiago egin beharra.

Orain arte, 11 urtetik gorakoek baizik ez zuten maskara eraman behar. Hemendik aitzina erabilpena baitezpadakoa da sei urtetik aitzinako haurrentzat. Ipar Euskal Herriko umeek sudurra eta ahoa tapatuta joan beharko dute, beraz, garraioetan, gune publikoetan eta hiri zentroetan, hala ezarrita baitago Pirinio Atlantikoetako Departamenduan.

Bigarren neurri esanguratsuena eskolei dagokie. Ikasgela batean COVID-19 kasu positibo bat detektatuz gero, ikasleek hiru test egin beharko dituzte lau egunean. Lehenengo test negatiboarekin ikasgelara itzuliko dira.

Atzo zuten Eguberrietako oporren ondorengo lehen klase eguna Baionako Jules Ferry eskola publikoan. Haurtzaindegia, ama eskola eta lehen maila batzen ditu ikastetxeak, bata bestearen ondoan diren hiru eraikin ezberdinetan. Bakoitzaren atean osasun egoerari aurre egiteko neurriak ikus daitezke; baita txertoen kontrako pegatina andana ere, besteak beste, maskarak eta txertoak haurren kontrako bortizkeriarekin lotzen dituztenak.

16:30ak heltzerako guraso talde bat bildua zen eraikin bakoitzaren aitzinean, haurren zain, gehientsuenak maskara jantzita zeramatela. Baina osasun egoeraz eta Frantziako Gobernuak ezarritzako neurriei buruz galdetuta, gehienek ez dute deus erran nahi. Elkarren artean mintzo diren bi gizonek onartu dute BERRIAri erantzutea. Batak aitortu du ez duela dena «entzun»; besteak, maskaragatik baino gehiago, «test kopuruagatik» agertu du kezka. «Positibo kasu bakoitzeko PCR edo antigeno bat egin beharko dugu, eta gero bi autotest ditugu. Baina, ikasgelara itzultzean beste positibo bat baldin bada, berriz egin behar dugu?», galdetu du.

Txirrinak jo duenerako korrika atera dira gurasoak beha dituzten haurrak. Ama eskolakoak, maskararik gabe; lehen mailakoak, maskatuak ia denak. «Guretzat ez da biziki zaila, eta haurrek ere ohitura hartu dute azken hilabeteetan», esplikatu du gizonetako batek. Haren hitzetan, haurrek inolako arazorik gabe ulertzen dute babes neurriena. «Baina haurrak dira, eta ezin diegu haien arteko kontaktua debekatu», ohartarazi du irribarre batekin, bi gizonen alabak elkarri besarkada bat ematen ari diren bitartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.