Adinekoen zentroetara ere begira

Zahar etxeetan neurriak zorroztu behar direla esanda, greban diren langileen gutxieneko zerbitzuak handitu egin dituzte Gipuzkoan. 48 kasu zenbatu dituzte: hemezortzi, azken kontaketan

Irati Urdalleta Lete.
2020ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Koronabirusaren ondorioak gero eta agerikoagoak dira Euskal Herrian, eta gero eta alor gehiagotan antzematen dira, gainera. Gaitzak oldarkorrago erasaten die adinekoei, eta hainbat protokolo bideratu dituzte horietan zaintza handitze aldera; esate baterako, Eusko Jaurlaritzaren Lan Sailak jakinarazi du handitu egingo dituztela zahr etxeetako langileen grebako gutxieneko zerbitzuak —Gipuzkoan lan gatazka luzea dute—. Astelehenetik aurrera sartuko da indarrean neurria. Osasun arloko langileentzat %50etik %100era igoko da, eta %40tik %90era garbitzaileentzat eta garbitegietako langileentzat. Lan Sailak nabarmendu du beharrezkoa dela garbiketan arreta jartzea. «Zentro guztia desinfektatu beharko da; gutxienez, txanda bakoitzean behin».

Basurtuko (Bizkaia) ospitalean, berriz, kafetegia itxi zuten ostegunean. Orain, sindikatuek diotenez, bertako 25 langileei eragingo dien erregulazio espedientea aurkeztu du kafetegia kudeatzeaz arduratzen den enpresak.

Igoera etengabea

Kasuen igoerak ez du etenik. Hemezortzi koronabirus kasu gehiago hauteman dituzte Euskal Herrian azken orduetan; hamahiru Araban, eta bost Bizkaian. Aldiz, Lapurdin duela egun batzuk pertsona batek koronabirusa zuela esan zuten arren, ezezkoa eman du orain. Beraz, atzoko zenbaketaren arabera, guztira, 48 pertsonak eman dute positiboEuskal Herrian gaitza atzemateko testetan. Lurraldez lurralde, Araban atzeman dituzte kasu gehien. Hain zuzen, 33 pertsona daude koronabirusarekin. Hamahiru ospitalean daude, haietako bi zainketa intentsiboetako unitatean. Araban gaixotu direnetako bat ertzaina da, eta Txagorritxuko ospitalean presoak zaintzen aritu ostean izan du eritasuna. Bizkaian, berriz, hamar lagun daude birusarekin, haietako bost ospitalean.

Gainerako herrialdeetan, berririk ez. Gipuzkoan, bi pertsona daude erituta, haietako bat ospitalean, eta Nafarroan hiru kasu daude, guztiak ospitaleratuta. Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak eta Osakidetzak ziurtatu dute «esfortzua» egingo dutela kasuak azkar hautemateko eta horiei jarraipena egiteko. «Epidemiologiako taldea lan sakona egiten ari da infekzioa azkar atzematen».

Italiako datuak

Bitartean, eritasuna aurrez hedatu den beste herrialdeetako datuei adi egon beharra dago: zer ikasiko. Italian, esaterako, atzo 49 hildako gehiagoren berri eman zuten; denera 197 dira. OME Osasunerako Mundu Erakundeak egindako kalkuluen arabera, asteburu honetan birusa dutenen kopuruak langa bat gaindituko du: 100.000 pertsona izango dira mundu zabalean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.