Izatezko bikoteen lehenengo udal araudia. Jose Angel Cuerda. Gasteizko alkate ohia

«Udalbatzan onartzea zen egokiena, baina ez zen aho batez onartuko»

Izatezko bikoteen erregistroa «kontu handiz» lantzekoa zela gogorarazi du Cuerdak, eta bere kabuz prestatu zuen dekretua, inorekin hitz egin gabe. «Ez nuen inor konprometitu nahi». Ikasleei egin zien kontsulta.

RAUL BOGAJO / FOKU.
Jon Rejado.
Gasteiz
2019ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Kutxa gorri bat jarri du Jose Angel Cuerdak (Gasteiz, 1934) mahai gainean, hitz egiten hasi aurretik. «Hemen dut gordea izatezko bikoteekin lotutako dokumentazioa: aurretik bildu nuena, gerora heldu zitzaizkidan eskutitzak, prentsan agertutako artikuluak eta iritziak...». Bulegoan ekarri du gogora duela 25 urte gertatutakoa. Liburuz eta agiri kutxaz beteta dago gela. Apaletan, argazkien artean, Cogam LGTBI elkarteak 1994an emandako Hiruki saria dago, baita Gehituk 1999an eman ziona ere.

Zergatik egin zenuen dekretu hura?

Ordurako hogei urte neramatzan Gizarte Laneko eskolan lan egiten. Bertan, besteak beste, giza eskubideak ikertzen genituen. Kezka nuen dekretuan arautzen den gaiaren gainean, eta ikasgelara ere eramaten nuen. Nire pentsatzeko eta sentitzeko moduaren isla baino ez zen izan. Pentsatu nuen alkate moduan behar hori neukala. Gizarte politikak izan ziren nire obsesio nagusia, eta, oraindik, kezka horrekin nabil.

Aurreikusi zenuen dekretuak gerora ekarriko zuen guztia?

Jakin banekien kolperen bat edo beste emango zidatela. Arazoa honako hau zen: nola onartu araudi hori. Udalbatzara eramateko aukera zegoen. Bertan alderdi bakoitzak bere hausnarketa egingo zuen, eta aterako zen, edo ez. Baina ez nuen hori gustuko. Eztabaida ezatseginak sortuko ziren. Beraz, bigarren aukeraren alde egitea izan zen nire apustua: alkatetza dekretua.

Horrek kritikak eragin zituen.

Egia da hartu nuen bide hura ez zetorrela bat pentsatzen dudanarekin. Erabakia hartu nuen inori kontsulta egin gabe: ez alderdiari [EAJ], ez beste inori. Pentsatu nuen horrela egin behar nuela. Alderdi batzuek bat egin zuten edukiarekin, baina ez onartzeko moduarekin. Gerora luze hitz egin genuen horri buruz, eta arrazoia ere eman nien. Udalbatzan onartzea izango zen egokiena, baina banekien ez zela aho batez aterako. Horregatik erabaki nuen neure kabuz egitea.

Dekretua prestatzeko prozesuan ez zenuen beste inorekin hitz egin?

[Irribarre egin, eta ahapeka hitz egin du] Ez dut gogoratzen beste inorekin eztabaidatu nuenik. Neure kabuz prestatu, eta egun batean eraman nuen, tramita zezaten. Kontu handiz lantzeko gaia zen. Duela 25 urte sexu bereko kideen arteko harremanak arautzeko ideia... Ez nuen inor konprometitu nahi. Dekretua idatzi, idazkariari pasatu, eta aurrera eramateko eskatu nion. Hori izan zen dena. Dena den... Tira, bai, leku batean bai, aipatu nuen.

Non?

Gizarte Laneko eskolan, ikasleekin. Nire ezinegona helarazi nien: zer asmo nuen, arriskuak izan zitezkeela... eta galdetu nien zer egin behar nuen. Aho batez erantzun zuten: baietz, aurrera egiteko. Urteen joanarekin ikasgelan gertatutakoaz hitz egin dut ikasle horiekin, topo egitean.

Nolakoak izan ziren erantzunak?

Denetarik entzun behar izan nuen; udaletxe barruan, besteak beste. Gasteizko gotzainak ere idatzi zidan, oso modu adeitsuan, hedabideetara bidalitako ohar bat helaraziz. Lagun batzuek, alderdikide batzuek ez zuten bereziki ondo hartu. Aldeko asko ere jaso nituen: EAEko Arartekoa, Kriminologiaren Euskal Institutua, elkarteak, gizabanakoak...

Dekretuak eztabaida bete-betean txertatu zuen maila politikoan: alderdietan, administrazio publikoetan…

Bai, bai. Guk dekretua onartu eta gutxira hainbat udalerrik bide horri ekin zioten. Adibidez, Bartzelonako Udaletik idatzi zidaten, informazioa eskatzeko, haiek ere araudi hori garatu nahi zutelako. Bitxiena da nazioarte mailako oihartzuna ere izan zuela. Albistea Argentinara heldu zen, Portugalera, Txinara...

Nola ikusten duzu gaia dekretuaren 25. urteurrenean?

Gai horretan aurreratu dela ikusteak asko pozten nau. Oso garrantzitsua da niretzat. Garai horretan egoki ikusten nuena egin nuelako, eta horrek zerbaitetan hobetzeko balio izan bazuen, pozten naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.