Bakoitzari bere hondakinak

Asia ekialdean gero eta oztopo gehiago jartzen zaizkie herrialde garatuen hondakinen inportazioei. Txinak merkatua hankaz gora jarri zuen iaz, hondakin plastikoenak debekatu zituenean.

Indonesiako aduana agente bat Australiatik iritsitako hondakinez betetako kontainerrak begiratzen. FULLY HANDOKO / EFE.
Irune Lasa.
2019ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Ekainaren 20an, Indonesiak itzuli egin zituen Australiatik jasotako zortzi hondakin kontainer. Teorian, Indonesiako lantegietan birziklatu beharreko papera zetorren haietan, baina, Asiako herrialdeko agintarien arabera, paperarekin nahastuta beste hainbat gauza zetozen: zabor elektronikoak, erabilitako potoak, plastikozko botilak, motorrentzako olio botila zaharrak, erabilitako pixoihalak, zapatak... Birziklatzeko kutsatuegiak zeuden 210 hondakin tonak atzera Australiara joan ziren, Indonesia halako «material toxiko eta arriskutsuetatik» babesteko ardura duen aduana bulegoaren aginduz.

Uztail honetan, arrazoi beragatik, Indonesiak beste 49 hondakin kontainer bidali ditu jatorriko herrialdera, oraingoan Frantziara. Eta Indonesia ez da izan hala moduzko hondakinak jatorrira itzularazi dituen Asiako lehen herrialdea. Maiatzean, Malaysiak gauza bera egin zuen birziklatzeko zikinegia zegoen 100 tona hondakinekin; Australiara joan ziren. «Ez gara munduaren zabortegia», esan zuen Yeo Bee Yin Malaysiako Ingurumen ministroak.

Izan ere, gauza bat da hondakinak jaso eta haiek birziklatuz negozioa egitea —besteak beste langileen baldintza kaxkarrez baliatuta—, eta beste gauza bat da herrialdea birziklatu ezin daitezkeen hondakinen zabortegi bihurtzea. Hori pentsatuko zuten Filipinetako agintariek joan den hilean, Kanadara bueltan bidali zituenean 69 kontainer zabor. Asiako herrialdeek nahikoa lan daukate eurek sortutako hondakinekin eta zaborrekin, besteenak jasotzen hasteko.

Nahikoa dela esaten ari dira Asia ekialdeko herrialdeak. Azken hemezortzi hilabeteetan hondakin eta zabor inportazioak izugarri hazi dira eremu horretan, Txinak 2018ko urtarrilean hartutako erabakiaren ondorioz: Pekinek nahikoa zela deliberatu zuen, eta debekatu egin zuen plastiko hondakinen inportazioa.

Horrek kaosa ekarri zuen munduko birziklatzearen merkatura, eta, orduz geroztik, herrialde garatuek arazo handia dute lehen kanpora bidaltzen zuten zaborrarekin.

Egoera horrek, dena den, AEB, Europa eta Japonia behartu ditzake hondakin propioen kudeaketa hobe bat lantzera, badutelako zertan hobetu. Bestela, lurralde berriak esploratzea izan liteke alternatiba bat. Ari dira; Afrika izan liteke. Han ere nahikoa dela erabakitzen duten arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.