Futbola. Espainiako Kopako finala

«Partida handiak ez ditu irabazi»

Hemendik Bartzelonari begiratzen bazaio, garbi dago ez dela iragan hurbilean bezain ahaltsua. Begirada zehatzena, ordea, hangoena da; eta handik, Roger Graells eta Toni Padilla kazetariek berretsi egin dute hemendik ikusten dena.

Leo Messi errematea egin nahian zutoin batetik gertu, sasoi honetako ligan. ENRIC FONTCUBERTA / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2021eko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Urte asko ez dela, Bartzelona final batera iristen zenean, ia jokatu aurretik izaten zen jakina zein izango zen irabazlea. Futbolaren historia luzeko talde loriatsuenetako bat eraiki zuen Pep Guardiolak. Handia bada orain ere Kataluniako kluba, baina orduan bazuen aparteko zerbait ere. Irabazlea zen. Oraingoari ezin zaio klubaren handitasuna ukatu, hori bere-berea duelako, baina ez da beste hura bezalakoa: ez du irabazten. Bi urte badira Bartzelonak azkeneko titulua lortu zuenetik: Espainiako Liga. Harrezkero, kale. Zero.

Irabazlea ez izatearena beste honegatik ere bada: denboraldi honetan jokatu izan ditu hainbat partida garrantzitsu, eta kale egin du ia guztietan. Adibide bat, oso ona Athleticentzat, Espainiako Superkopako finalekoa: zuri-gorriek menderatu zuten Ronald Koemanen taldea, luzapenean.

Datu hotzak dira, zehatzak. Hemendik hara begiratua botata azkar batean nabarmentzen dira, eta, jakina, hangoek ere ondo baino hobeto dakite horren berri. Bartzelona ondo ezagutzen dute Roger Graells (Sant Joan Despi, Katalunia, 1993) Vilaweb egunkari digitaleko kazetariak eta Toni Padilla (Sabadell, Katalunia, 1977) Ara egunkarikoak. Bat datoz biak: «Partida handiak ez ditu irabazten Bartzelonak».

Handia da ba etzikoa ere: Kopako finala. Bi ezagun zahar aurrez aurre: Athletic eta Bartzelona. Graellsen iritziz, «parekatua» izango da. Aurkari «deserosotzat» dauka Marcelino Garcia Toralen taldea: «Badakigu zer den Athletic. Partiden azkenera arte lehian sartuta egoten ondo daki, talde sendoa da, zaila». Garden asko azaldu du zer ari den pentsatzen oro har Bartzelonaren zalea: «Berriz ere hauen aurka jokatu behar dugu».

Padillak ez du ezkutatu zein doan aurretik finala jokatu aurretik: «Bartzelona da faboritoa». Baina azkar jarri ditu ezpainetan hainbat «baina»: «Kontuz Athletic aurreratzen bada markagailuan». Arlo psikologikoarekin lotu du, eta Bartzelona irabazlea ez izatearekin ere bai: «Athleticeko kideek onartu dute Realaren aurka finalean funtsezkoa izan zela buruko lana, ez ziotela aurre egin behar bezala, eta orain, presioa Bartzelonak dauka. Galtzen ari bada, mamu guztiak azalduko zaizkio, agian». Beste «baina» bat: «Badakigu Marcelinoren estiloa zein den, ez dauka sekreturik, eta, gainera, defendatzea gehiago toka dakiokenez taldeari, uste dut aurreko finalean baino erosoago ibiliko dela».

Beste aldagai bat ekarri du gogora Graellsek Bartzelonaren balizko ahulguneetan: «Partida gogorrak eta zailak kontrako eztarritik joan zaizkio sasoi honetan. Athletic gogorra da, zentzu onean, eta horrelako kontrarioei gaina hartzeko larri ibili da Koemanen taldea denboraldi honetan». Padillak mamuekin jarraitu du: «Bartzelonarentzat aukera bakarra izan daiteke final hau sasoi honetan titulu bat irabazteko. Gorriz nabarmendua du taldeak». Ligan, goian eta aukerak dituela ez zaio ahaztu, ez: «Bi puntura du Atletico Madril liderra, eta batera Real Madril; ezin zaio ukatu liga irabazteko aukerak dituela. Baina ematen du zail jarri zaiola, aurreko igandean Real Madrilen etxean galdu eta gero». Horregatik ematen dio aparteko garrantzia etzikoari.

Pizgarri izan daitekeela, alegia, Leo Messi eta gainerakoentzat. Lehenaz gain, ez bazuten nahikoa bizigarri, Superkopako finala gogoan. Errebantxa giroa eta gogoa badela kontatu dute bi kazetariek: «Jokalariei min eman zien final hura galtzeak, eta gogoa diote Athletici», azaldu du Padillak. «Ez da bakarrik final horretan gertatu zenagatik. Aurreko denboraldian, final-laurdenetan, Athleticek kanporatu zuen Bartzelona, eta 2015eko Superkopan, 4-0 irabazi zion San Mamesen. Bada errebantxarako gogoa», dio Graellsek.

Beren buruan hainbesteko konfiantza duten, ordea, ikusteko dagoela dio Padillak: «Real Madrilen aurka galdu eta gero, igandean, telebistan harrapatu egin zituzten hizketan Pique eta Jordi Alba. Piquek esaten zion egoteko lasai, Kopako finala irabaziko dutela. Albaren erantzuna argigarria izan zen, 'ikusiko dugu' erantzun baitzion». Padillak biribildu egin du solasaldi horrek aditzera eman ziona: «Bartzelonak garai batean bazekien finalak irabazi egingo zituela gaizki jokatuta ere, baina orain... partida handietan kale egiten du, eta hori badakite jokalariek, ez baita sasoi honetako kontua bakarrik. Begiratu besterik ez dago Txapeldunen Ligan nola galdu zituen kanporaketak Liverpoolen eta Erroman, duela denboraldi gutxi».

Finala, geroaren epaile

Bartzelonarentzat ez litzateke bakarrik tituluen lehortea bustitzeko modua izango etziko finala irabaztea. Hori bera garrantzitsua izanagatik eta beste aldagaia baino neurgarriagoa, oso kontuan hartu behar da beste egoera hori ere: krisian da kluba. Hauteskundeak egin berri dira, eta Joan Laporta itzuli da presidente kargura. Ez dira gozoak izan Josep Bartomeuren agintaldiko urteak, eta Padillak aipatu dituen zenbaki gordinek ederki azaltzen dute hori: «1.200 milioi euroko zorra du Bartzelonak, eta horietatik 400.000 berehala ordaindu behar ditu, gainera». Laportari Bartomeuk utzitako zulo guztiak tapatzea tokatuko zaiola nabarmendu du.

Hauteskundeen ondoren, klubaren inguruko giroa baretu egin dela dio: «Zaleen autoestimua hobetu da, Bertomeuk dena gaizki egiten zuelako: aspergarria zen, komunikatzaile txarra, erabaki gero eta okerragoak hartzen zituen... Laportak baikortasun giroa ekarri du, zama handia kendu dio klubari, nahiz eta Real Madrilen aurka galtzeak baikortasun hori lausotu egin duen». Hor sartzen da Kopako finala irabazteak zabalduko lukeen baikortasun giroa. Graellsek azaldu du zergatik: « Kopa irabazita, denbora irabaziko luke Laportak etorkizun hurbilera begira. Kirol egitasmoan, adibidez, gazteen apustua berresteko, Koemanen balizko jarraitutasunagatik eta abar. Titulu hau garrantzitsua izan daiteke».

Koemanen izena atera da, eta haren lanean argi eta itzal dabiltza hori aztertzen dutenak. Graellsek analisi hau egin du: « Lan zaila izan du, ez du talde orekatua izan, eta klubak ez zizkion fitxatu udan eskatu zituen jokalariak. Gero, Messiren auzia egon da, Luis Suarezen agurra, Ansu Fatiren lesioa...». Zerbait eraiki duela uste du: «Gazteen alde egin behar izan du, eta lortu du taldea haztea. Sendoagoa eta fidagarriagoa da, baina partida handietan ez du asmatu». Berriz ere kezka hori, eta ez alferrik: «Koemanek badaki kale edo bale egin behar duela etzi: Kopa irabazten badu, jarrai dezake datorren denboraldian. Inork ez daki Laportarekin entrenatzaile berria etorriko den edo ez, baina Koemanen geroa zalantzan bezala dago, eta emaitzek zehaztuko dute».

Padillaren ustez, Koeman izan daiteke bere garaian Frank Rijkaard izan zena Bartzelonarentzat: «Koemanek ez daki segituko duen, hasteko. Finala gakoa izan daiteke: galtzen badu... Baina erakusten badu merezi duela segitzea, pare bat denboralditan segi dezake. Rijkaard bat izan daiteke, nahi baduzu, ondo ateratzen bazaio finala, titulua irabazi eta ondo hasteko gero». Baina hortik aurrera, etorkizun luzeagoari begira jarrita, Padillak ez du Koeman ikusten: «Geroko aldi horretan Xavi moduko batek etorri behar du».

Bartzelonaren inguruan, geroko aldi horretaz hitz egiten den bakoitzean, bada galdera nagusi bat, entrenatzailearen izenaz askoz harago: bertan izango al da Messi? «Jakingo banu», erantzun du azkar Padillak. Aldarte «onean» ikusten ditu jokalaria eta Laporta: «Presidenteak jakin nahi du Messik segitu nahi duen edo ez, soldata handiena duelako, horren arabera beste dena egituratzeko. Messik, berriz, erantzun aurretik jakin nahi du klubak nolako taldea eraikiko duen, zein izango den entrenatzailea. Eta elkarri begira daude, pausoa nork emango». Padillak uste du finala irabazten bada eta ligan aukerekin segituz gero Messik taldean segi dezakeela. Bestela, ez.

Graellsek denboraldi honetako Messi aztertu du: «Taldea bezala dabil. Partida handietan ez da azaltzen, eta ez du laguntzarik, lehen zuen bezala. Bakarrik dago orain». Finalera begira, Athletic zalea kezkatzeko moduko hau bota du: «Azken titulua izan daiteke Bartzelonarekin, eta, gainera, aparteko gogoa du Superkopa finalean bere ibilbidean lehen aldiz kaleratu zutela-eta».

Padillaren egonezina

Batek daki zein izango den txapeldun. Padillak badaki, ordea, zer aldartetan egongo den ondorenean: «Poztu egingo naiz edozeinek irabazten badu, bi aldeetan ditudalako lagunak. Triste, berriz, galduko dutenak gogoan». Eta Athleticek galtzen badu, tristeago: «Sabadell da nire taldea, eta, gero, Athletic. Sabadellek San Mamesen jokatu zuen Lehen Mailako azkeneko partida, 1988an, eta han nintzen. Liluratuta itzuli nintzen, maila galdu arren, eta ordutik asko maite dut Athletic. Miretsi egiten dut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.