Azken oztopoa finalera bidean

Baskoniak ACB ligako finalerdia jokatuko du gaur, Valentziaren aurka (20:00). Aurkariaren erasoko jarioa geratzea funtsezkoa izango da

Shields erasoan, Abalderi ihes egin nahian, iazko abenduan. MANUEL BRUQUE / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2020ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Pauso batera dauka Kirolbet Baskoniak ACB ligako beste final bat jokatzeko aukera. Bederatzigarrena litzateke. Garaipen bat baino ez du behar horretarako, eta Valentziari irabazi beharko dio gaur (20:00, Vamos), aurkariaren etxean, ateak itxita eta ezohiko sistemarekin jokatzen ari diren azken fasean. 18. finalerdia izango da Baskoniarentzat.

Bigarrena izan da Dusko Ivanovicen taldea A multzoan, eta garaile atera da Valentzia B multzoan. Hangoen aldean, egun bat gehiago izan dute atseden hartzeko arabarrek, eta, gainera, osteguneko partidan, ez zuten jokatu Tornike Xengeliak eta Pierria Henryk. Beste jokalari batzuk ere ohi baino gutxiago aritu ziren. Etxeko taldeak, aldiz, herenegun sailkatu beharra zuen finalerdietarako. Bi taldeetan daude jokalari bat edo beste arazo fisikoekin, eta estuen dabiltzanak Baskoniako Jayson Granger joko antolatzailea eta Valentziako Alberto Abalde hegalekoa dira. Grangerren kasuan, osteguneko partidan, Joventuten aurka, ezkerreko orpazurdan min hartu zuen, baina ez du hausturarik. Ivanovicek atzo hitz egin zuen minbera dauden jokalariez: «Denek egon behar dute, eta hala izango da. Ez dago aitzakiarik».

Partida berdindua aurreikusten da. Hala ematen dute aditzera denboraldi honetako datuek. Ligan, azaroaren 24an jokatu zuten lehen itzuliko partida, Gasteizen, eta Baskoniak irabazi zuen (85-74). Hiruko jaurtiketetan egin zuen aldea orduan Velimir Perasovicek zuzentzen zuen taldeak. Bigarren itzuliko partida ez zen jokatu, COVID-19aren pandemiaren eraginez. Euroligan ere jarri dira parez pare denboraldi honetan, behin bakarrik, eta gaur finalerdia jokatuko duten leku berean, Fonteta pabiloian. Astindua eman zion etxeko taldeak Baskoniari (105-77). Perasovicen taldeak hamasei baloi galdu zituen, eta, gainera, etxekoak baino traketsago ibili ziren hirukoetan.

Erasoan, indartsu etxekoak

Gaurko partida aurrera atera nahi badu, Baskoniak zaintzako lan oso ona egin beharko du. Izan ere, erraz ari dira erasoan Valentziako jokalariak. Defentsako lanari eman dio garrantzia Ivanovicek: «Baloia oso ondo ari dira mugitzen erasoan, eta asko asmatzen kanpoko jaurtiketetan. Erasoko errebotean ere min egiten dabiltza. Ondo defendatu eta geratu beharko ditugu».

Barruko jokoan ere ondo ari da Valentzia, eta, batez ere, Mike Tobey ari da nabarmentzen. Bojan Dubljevicen ekarpena ere oso kontuan hartzekoa izaten da ia beti, eta esparruaren barruan Baskoniak zer baliabide erabiliko duen galdetu zioten atzo Xengeliari: «Gure jokalari garaiak kanpotik aritzea aukera bat izan daiteke, baina horrek kanpoko jaurtiketak sartzea eskatzen du, bestela erreboteak haiek hartuko dituzte eta».

Astearteko finalean ariko den beste taldea zein izango den ere gaur jakingo da: Burgos edo Bartzelona izango da (17:00).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.