Grezia. Hauteskundeak. Panos Tsakloglu. Greziako Gobernuaren ordezkari ohia Eurotaldean

«Syrizak programa betetzen badu, Grezia eurotik atera daiteke»

Samarasen austeritate neurriak defendatzen ditu Tsaklogu ekonomista greziarrak, baina hazkunde neurriekin lagundu behar direla uste du. Igandeko bozak ikuspegi politikotik dira garrantzitsuak, haren iritziz.

DIEES.
Jon Fernandez.
Atenas
2015eko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
«Ez naiz aingeru bat», aitortu du Panos Tsakloglu (Tesalonika, Grezia, 1960) ekonomistak elkarrizketa hasi bezain laster. Bere herrialdearen egoera ekonomiko eta politikoari buruz berba egiterakoan ez dela inpartziala argi laga nahi izan du hasieratik Atenasko Ekonomia eta Enpresa Unibertsitateko irakasleak. 2009tik iazko ekainera bitartean Greziako Gobernuaren ordezkaria izan zen Eurotaldean.

Zeintzuk dira une honetan Greziak dituen arazo ekonomiko larrienak?

Inportanteena hazkundeari berriz ekitea da. Greziak azken lau urteetan krisiarekin bizi izan duen esperientzia ez du beste inork bizi izan herrialde garatuen artean. Ekonomia laurden bat uzkurtu da, langabezia tasa %28ra igo da eta herritarrek gastatzeko zuten diruaren ia herena galdu dute. Hazkundera itzultzeko arazo nagusia finantzazio falta da, likidezia falta. Lotuta dago Greziako finantza publikoen egoerari.

Egoera estuan daude.

Gobernuak superabit primarioa lortu zuen iaz, eta merkatuek albiste oso ontzat jo zuten, nahiz eta iazko apirilean merkatuetara itzuli ahal izateko lehenago zorraren barkamen handi bat izan. Kapital mugimendu handia egon zen Greziako ekonomiara, banku birkapitalizazioak izan ziren eta baita marka pribatuen bonu erosketak ere. Baina politikak guzti hori aldatu du, eta ondorioak kaltegarriak dira ekonomiarentzat.

Existitzen da Antonis Samarasek iaztik aldarrikatzen duen susperraldirik Grezian?

Uste dut susperraldirako baldintzak hor zeudela. Hala ere, Samarasek berak hartutako neurriek prozesua asko luzatu zuten. Gainera, NDFk negoziazioak eteteko hartutako alde bakarreko erabakiak ezegonkortasun handia sortu du merkatuetan. Beraz, egoera presidentetzarako hauteskundeak baino lehenago irauli zen.

Greziako zor publikoa jasangarria dela uste duzu?

Ez dago zalantzarik zorra oso handia dela, BPGren %175ekoa.Baina Greziako zorrak ezaugarri bereziak ditu: ordainketa epearen batez bestekoa hamazazpi urte ingurukoa da, %2tik beherakoa da interes tasen batez bestekoa, eta zorraren %80tik gora instituzio publikoen esku dago. Munduan ez dago ezaugarri horiek dituen zorra duen herrialderik. Handiegia da, eta behar du berregituraketaren bat. Eurotaldean eztabaidatu genuen, adibidez, ordaintze epearen luzapen handi batekin, interes tasa batzuk bi aldeen adostasunarekin murriztuz eta, aldi berean, benetan handiak diren superabit primarioen eskaerak murriztuta zorra jasangarria izan litekeela. Hala uste dut nik, jasangarria litzateke eta airea emango liguke Greziako ekonomia suspertzeko.

Beraz beharrezko ikusten duzu zor publikoa berregituratzea.

Uste dut ideia ona litzatekeela nolabait berregituratzea. Zorraren barkamen tradizionala ona litzateke Greziarentzat, baina oso zaila izango litzateke euroguneko parlamentuen onarpena lortzea.

Hirugarren erreskatea beharko du Greziak?

Zorra arintzeko laguntzaren bat bai, baina ohiko erreskate gehiagorik ez. Syrizak, adibidez, zorraren barkamen handi bat eskatzen du, eta bide horretan jarraitzen badu arazoak izango ditugu eurotaldeko kideekin.

Posible da Greziak eurogunetik alde egitea?

Espero dut ezetz eta uste dut ezetz. Halere, ez nuke arrisku horren aukera erabat baztertuko.

Zergatik?

Syrizaren hainbat aldarrikapenengatik. Dena den, gogoratu nahi nuke Greziako alderdien artean ohitura handia dagoela manifestuak sinatzeko, baina gobernura iristen direnean nabarmen aldatzen dute euren jarrera.

Ez da soilik Greziako ohitura.

Ez, Espainian ere gertatzen da. Kontua da Syirizak bere programa osorik betetzen badu gerta daitekeela Grezia eurotik irtetea.

Syrizak dio ez duela eurogunetik atera nahi.

Eta nik gaztea eta ederra izan nahi nuke baina... Ez dago aukera handirik hori gertatzeko, baina ez nuke baztertuko aukera hori, batez ere Syrizak bere programa beteko balu.

Syrizaren programa ekonomikoa bideragarria da?

Ez. Grezia krisian sartu zen ekonomistok defizit bikiak deitzen dugunarekin. Defizita genuen kanpoko balantzean eta barnekoan. Baina arazo nagusia kanpo balantzean zegoen, ez barrukoan, askok dioten bezala. Krisia baino urte bat lehenago gure kontu korronteak ia %15eko defizita zeukan. Arazo nagusia batez ere sektore publikoak finantzatutako kontsumoan oinarritutako eredua zen. Azken urteetan egin duguna da bi superabit primario sortzea: barnean eta kanpoan. Kanpo balantzean superabit primarioa daukagu 1948tik lehen aldiz. Syrizaren programak orain arteko prozesu hori zapuztu dezaketen neurriak ditu. Adibidez, gutxieneko soldata eta pentsioak igotzea. Datozen urteetan hazkunde sendo bat izan behar badugu, ez dugu norabide horretan joan behar.

Samarasen neurri ekonomikoak onak izan direla uste duzu?

Bai. Gainera, troikarekin negoziazioetan kolapsoa ez zen Samarasen aldetik izan. Uste dut troikaren aldetik etorri zela kolapsoa, baina troikaren azalean banengo seguruenik nik ere berdin egingo nuke. Ezin da itun bat sinatu eta egun batzuk geroago gobernua gauza gehiago eskatzen hasi.

Zeintzuk dira Samarasen erronkak irabazten baldin badu?

Irabazten badu azkar lortu behar du akordioa troikarekin erreskatearen azken zatia jasotzeko, badaezpadako mailegu lerro bat eskatu beharko du seguruenik, eta zorraren zama arintzeko eztabaida hasi beharko luke.

Zer gertatuko da orain EBZk zor publikoaren erosketa onartu duela?

Eragina izango luke Grezia QE Quantitave Easing programaren barruan sartzen badu EBZk, baina lehen epe batean ez da horrelakorik gertatuko. Bestetik, Greziaren drama da austeritate politika estuak ezarri direla baina aldi berean ez dela hazkunde politikarik ezarri, diru eta zerga politikak ere gogortu egin direla. Beraz, diru politika erlaxatuko balitz hazkundea ahalbidetuko litzateke euroguneko hainbat herrialdetan, eta horrek gure hazkunde prozesua ere erraztuko luke.

Europa osoa dago Atenasera begira. Zer garrantzia dute hauteskundeek EBrentzat?

2012tik hainbat pauso eman ditugu, baina oraindik badago Grexit gertatzeko aukeraren bat. Hori gertatuz gero, merkatuek ikusiko lukete eurogunea ez dela suntsiezina, eta bigarren katebegi ahulenaren kontra joango lirateke orduan: Portugalen kontra. Nire ustez, baina, benetako arazoa ez dago Portugalen, Italian baizik. Sekulako zorra dauka. Greziako bozak batez ere ikuspegi politikotik dira garrantzitsuak, Syrizak irabazten badu eta nahi duena lortzen badu keinu garbia litzateke laster hauteskundeak dituzten herrialdeentzako, adibidez Espainiarentzako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.