Hidrogeno berdeak dakartzan aukerak

2020ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Apustua nahiko garbia da: Alemaniak hidrogenoaren alde egin du, eta bide bera hartzen ari da Europako Batasun osoa, lehengai horretan oinarritutako teknologiek abantaila handiak dakartzatelako karbono neutraltasunerako bidean.

Adibidez, oso lagungarriak izan daitezke energia berriztagarrien kudeaketarako eta errentagarritasunerako; argindar garbiaren ekoizpena haizearen eta eguzkiaren mende dagoen heinean, ekoizpen handiko eta txikiko tarteak egon daitezke. Unean kontsumitu daitekeen baino argindar gehiago ekoitzitakoan, gutxieneko prezio bati eusteko modua emango luke argindar soberakina hidrogeno berdea produzitzeko erabiltzeak. Merkatuari egonkortasuna eta oreka emango lioke.

Haizerik gabeko gauetarako, hots, berriztagarrien ekoizpena nahikoa ez denerako, energia hori biltegiratuta egongo litzateke, berriz ere argindarra sortzeko. Denbora luzean gorde daiteke hidrogenoa edukiontzietan, eta, gainera, ioi-litiozko bateriek baino energia dentsitate handiagoa dute (arinagoak dira).

Hain zuzen, horregatik ikusi dute izan daitekeela ibilgailu handienetarako aukera bat ere. Kamioi, autobus eta ibilgailu handiak baterien bidez elikatzea oso zaila da, hain zuzen, bateriek eurek hartzen duten pisuarengatik. Hidrogeno gelak aukera arinagoak eta baliagarriagoak lirateke, eta errazagoak kargatzeko ere.

Elektrifikatu ezin daitezkeen —eta, beraz, deskarbonizatzeko zailak diren— sektoreak egongo dira: hegazkinak, itsasontziak, hainbat industria... Hidrogenoan oinarritutako erregai likido sintetikoak izan daitezke haientzako irtenbide bat, haiek errekuntzan atmosferara isuritako karbonoa nolabait konpentsatuko litzatekeelako erregai horiek egiteko erabilitako karbono dioxidoarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.