Ez da izan ezustekorik

Nadalek eta Thiemek Del Potro eta Cecchinato kanporatu dituzte, eta elkarren aurka ariko dira bihar Roland Garroseko finalean

Dominic Thiem, Marco Cecchinatoren aurkako garaipena ospatzen, atzo, Parisen. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE.
Julen Etxeberria.
2018ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Rafa Nadalek eta Dominic Thiemek jokatuko dute bihar Parisen Roland Garroseko finala. Kataluniarrak eta austriarrak pronostikoak bete zituzten atzo finalerdietan, eta Juan Martin del Potro argentinarrari eta Marco Cecchinato italiarrari irabazi zieten. Nadalek 11. titulua eskuratu nahi duRoland Garrosen, hamazazpigarrena Grand Slam torneo guztiak kontuan hartuz gero. Thiemek, ordea, estreinako finala du torneo handi batean. Azken bi urteetan Parisko lur harrotuan finalerdietara iritsi izana zuen emaitzarik onena.

Austriarra izan zen lehena sailkatzen. Hiru setetan hartu zuen mendean Cecchinato: 7-5, 7-6 eta 6-1. Italiarra mugarriz mugarri zebilen, inoiz ez baitzuen partidarik irabazi Grand Slam batean. Haren jardunak goia jo zuen final-laurdenetan, Novak Djokovic kanporatuta. Atzo, ordea, ez zen gai izan Thiem ustekabean harrapatzeko. Lehen bi setetan oso estu hartu zuen austriarra, baina errematatzea falta izan zitzaion, eta garesti ordaindu zuen gero. Bigarren seta galtzearekin batera etsi zuen, eta hirugarrenean, Thiem nahieran aritu zen.

Gutxiago sufritu zuen Nadalek Del Potro kanporatzeko: 6-4, 6-1 eta 6-2. Argentinarra gogotsu zen aspaldiko partez torneo handi bateko azken txanpara iritsita, baina gogoa baino askoz gehiago behar da lur harrotuko inoizko jokalari onena mendean hartzeko. Aurreneko jokoetan, eta sakea aprobetxatuta, Del Potro gai izan zen eusteko, baina partidak aurrera egin ahala, Nadalen nagusitasuna handituz joan zen. Alde handia dago baten eta bestearen ahal fisikoan, eta hori berehala geratu zen agerian. Konturatu orduko erabakita zegoen partida. Atzokoarekin, 85 garaipen ditu Nadalek Parisen, 87 partidetan. Ikusgarria da.

Halep-Stephens, gaur

Gaur, berriz, Simona Halep errumaniarra eta Sloane Stephens estatubatuarra ariko dira finalean (15:00). Halep da faboritoa: lehenik, munduko lehena da WTAren sailkapenean, eta hamargarrena Stephens; bigarrenik, aurkaria baino hobeto moldatzen da lur harrotuan; eta, azkenik, nagusi da elkarren aurka jokatu dituzten neurketetan, bost aldiz gailendu baita, eta bitan Stephens.

Errumaniarrak behingoz eten nahi du Grand Slam torneoetan daraman bolada txarra. Bakar bat ere ez du irabazi. Atarian geratu da beti. Roland Garrosen, adibidez, bitan izan txapeldunorde: 2014an, Maria Xarapovak irabazi zion, eta iaz, Jelena Ostapenkok. Stephensek, aldiz, badauka torneo handi bat garaipen zerrendan, iazkoAEBetako Irekia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.