Hogei urtez osasuna ikertzen

Osasun sistemak eta osasun zentroek eskaintzen duten zerbitzua hobetzea izan da Osakidetzaren Arabako Ikerketa Unitatearen iker lerroetako bat. 20 urte bete ditu, eta Felipe Aizpuru du zuzendari.

Lur Gil.
Gasteiz
2014ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Hogei urte igaro dira Osakidetzako Arabako Ikerketa Unitatea jaio zenetik. Garai hartan bakarrik zegoen Felipe Aizpuru Txagorritxu Ospitaleko laugarren solairuko bulegoan. Hogei urte igarota, ikerketak nabarmen egin du aurrera Araban; ikertzaile kopurua handitu egin da, eta ikerketen kalitatea ere bai. Aizpururen ikerketa Unitatearen eginbeharra ospitaleko beste alorretako langileei ikerketarako laguntza eskaintzea da, edozein sailek ikerketa bat hastean beharrezkoa duen laguntza logistikoa eskainiz, unitateak dituen matematikari, biologo eta estatistikoen bidez. Emaitzen argitaratze prozesuan ere laguntzen dute, ahalik eta aldizkari onenetan lekua lortu eta ikerketak praktikan ondorioak izan ditzan. Aizpururen esanetan, «edozein hobekuntza erabiltzea da helburua, eta ez okerragoa dela dakigun zerbait erabiltzen jarraitzea». Horretarako, baina, ikerketak zabalpena izan behar du.

Bere ikerketa propioak ere egiten ditu unitateak; osasun zerbitzua hobetzekoak, besteak beste. Potentzialki saihets litezkeen ospitaleratzeen inguruko ikerketak eragin handia izan du nazioartean, adibidez, eta argitaratzeko bidean da. Ikerketaren helburua da ospitaleratzeak adineko gaixoengan eragin ditzakeen arriskuei aurrea hartzea; izan ere, infekzioak izateko eta desorientatzeko arriskua dute gaixoek. Gainera, gaixoari eta familiari eragiten dizkieten eragozpenak eta arazoak murriztu eta, ohe kopuruaren arazoari irtenbidea emanez, ospitaleetako masifikazioa gutxitzea du helburu ikerketak.

Beste ikerketa bat ere egin zuten, ezaugarri bereko gaixoei tratamendu bakarra emateko, mediku eta ospitale aldaketa gorabehera. Dieta mediterraneoak, intxaur eta oliba olioarekin batera, osasunean daukan onura aztertzeko beste ikerketa garrantzitsu bat ere egin zuten. Praktikan ikus daiteke horren ondorioa, bihotzekoa edota bestelako arazo kardiobaskularren bat izan duen gaixoak ikerketa horren emaitza ikusten baitu orain bere errezetan.

Finantzaketa lortzeko lehia

Ikerketa proiektu bat egiteko, baina, finantzaketa lortzea da lanik handiena. Kanpotik lortu behar dute dirua, eta beste ikerketa taldeen proiektuekin lehiatu. Hala ere, hogei urte hauetan aurkeztutako 345 proiektuetatik 115 finantzatzea lortu dute —aurkeztutako proiektuen %33—, taldearen eta proiektuen kalitate handiaren erakusle, Aizpururen esanetan. Lau milioi euro baino gehiagoko diru laguntza lortu dute, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailetik, Espainiako Gobernutik eta bestelako erakunde pribatu zein publikoetatik.

Hala ere, Aizpuru kexu da diru sarreren ezegonkortasunaz: «Kirurgialari batek finantzaketarik lortu ez eta operatzeari utzi behar izango balio, zer irudituko litzaiguke? Bada guk lortzen ez badugu, jendea kanporatu beharra dago, eta ikerketa gelditu egiten da». Ikerketa osasun sistemaren beste edozein alor bezain garrantzitsua dela aldarrikatu du, jakintza berria sortzeko ikerketa «ezinbestekoa» baita.

Hogei urte beteta, kalitateagatik nabarmendu diren ikerketa lerroak garatzea dute helburu aurrerantzean. Ikerketa Unitatearen buruaren esanetan, «loaren arazoetan, psikiatrian eta osasun zerbitzuetan gara onak, eta gure kalitatea erakutsi behar dugu, Arabako ikerketaren azpiegiturak indartu eta berrikuntza sustatzearekin batera». Osasun arloko langile zein gaixoei ikerketaren garrantziaz jabetzeko eskatu die: «Denok gara ikerketaren kontsumitzaile».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.