Inboluzio kasuak

Elgorririk gabeko herrialdearen estatusa galdu dute hainbat herrialdek berriki; tartean, Txekia Erresuma Batua, Grezia eta Malta daude. Abisua eman du OMEk: «larria» da kasuen ugaritzea.

arantxa iraola
2019ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Igoera larria da». OME Osasunerako Mundu Erakundeak ez die larritasunik kendu nahi izan elgorri kasuak ugaritzearen harira berriki hedatu diren albisteei. Izan ere, gaitza hainbat herrialdetan oraindik erruz zabaltzen dela erakusten dute, eta inboluzioak ere badirela, gainera, Europan bertan; jakinarazi du, esaterako, elgorririk gabeko herrialdearen estatusa galdu zutela iaz Txekiak, Erresuma Batuak, Greziak eta Maltak. Horrek esan nahi du kanpoan kutsatutako pertsonen kasuak ez ezik gaitzaren kutsatze «autoktonoak» ere agertu direla herrialde horietan. Elgorri kasuen ugaritzearen harira nazioarteko erakundeen ohartarazpenak jasotzen ari den beste herrialdea Frantzia da; gaitzaren kontrako txertoa jaso ez duten herritarrak gora doazela eta, eritasuna zabaltzen ari da bertan urteotan. Nazio Batuen Erakundeko Haurren laguntzarako Funts Unicefen arabera, eritasuna hedatzearen «erantzuleetako» bat da Frantzia, eta osasun agintariei neurriak eskatu dizkie. Alemanian ere gaixotasuna endemikoa da gaur oraindik ere. Urte bakarrean lau herrialde zerrendatik atera beharra ez zitzaion inoiz geratu OMEri 2012. urtean datuen berrikusketa egiten hasi zenetik: hortik gaiaren inguruko kezka.

«Norabide okerrean goaz», ohartarazi zuen aldaketaren berri ematean erakundeko Txertoen Saileko zuzendari Kate O'Brienek. Eman zituzten datuak zinetan kezkagarriak dira: aurtengo lehen sei hilabeteetan, esaterako, 89.884 elgorri kasu atzeman dituzte Europan, iaz atzemandako kasuak baino gehiago. 37 pertsona hil dira iragan hilabeteotan eritasunaren ondorioz. Oro har, egoerarik gaitzena Europa ekialdeko hainbat herrialdetan dute. Kasuen %78 Kazkhstanen, Georgian, Errusian eta Ukrainan atzemandakoak dira. Inboluzioa izan duten herrialdeen kasuak bereziki kezkagarriak direla esan dute OMEko ordezkariek. «Ez dira bereziki osasun sistema ahulak dituzten herrialdeak; beraz, abisu bat da gertatu dena. Gogoratu behar da ez dela nahikoa txertaketa estaldura on bat lortzearekin bakarrik; komunitate bakoitzean egin behar da lan, familia bakoitzean». Izan ere, estaldura «homogeneoa» ez bada, gaitzak zirrikituak atzematen dituela diote adituek.

Albistearen harira, txertaketen inguruan hainbat taldetan zabaldu diren mesfidantzak baztertzera deitu du OMEk, arazoren motiboetako bat horiek direla argudiatuta. «Hedatzen dituzten gaixotasunak bezain kutsagarriak eta arriskutsuak dira txertoen inguruko albiste faltsuak», azaldu du OMEko zuzendari Tedros Ghebreyesusek. Haurrak txertatzea beharrezkoa ez dela dioten hainbat ideia zabaldu dira azkenaldian, usu, gainera, txertoak hainbat nahasmendurekin lotuta daudela esanez, eta horrek ezinegona sortu du osasun publikoaren arloko buruzagien artean.

Kasuen ugaritzearen kezkaorokorra da. AEB Ameriketako Estatu Batuetan, esaterako, elgorriak izan duen oldarraldiak parerik ez du izan igaro 25 urteotan.

Osasun arazoak

Kasurik gehienetan aparteko arazorik gabe osatzen bada ere, arazo iturri larria izan daiteke elgorria; horrek eraman du OME kezka mezuak ozentzera. AEBetan egindako ikerketa baten arabera, bost eritik batek erietxera joan behar izaten du osatzera, hogei umeren artean batek pneumonia izango du, eta milaren artean batek atzera bueltarik gabeko ondorio neurologikoak izango ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.