GETAFE 2 EIBAR 0

Maleziarik eta golik ez

Bigarren jardunaldian ere galdu egin du Eibarrek, Getafen. Atzelarien biguntasuna eta aurrean asmatu ez izana ordaindu ditu

Eibarrek ezin izan zuen Getafe gainditu, eta txapelketako bigarren porrota jasan zuen. KIKO HUESCA / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2018ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Angelek (18. min.). 2-0: Molinak(90. min.). Epailea. Medie Jimenez. Txartel horiak: Getafeko Djene eta Alejori; eta Eibarreko Arbillari. Bestelakoak. 7.851 ikusle Alfonso Perez koliseoan, zelai belarrezko eta artifizialean. Partida geratu zuen epaileak 30. eta 75. minutuetan, jokalariek ura edan zezaten, beroagatik.

Bi jardunaldi eta punturik ez. Zero. Lau gol jasoak, eta bakarra sartua. Bi aurkari zuzenen aurka: Huesca eta Getafe. Azken postuetan. Kronika hau telegrama bidez idatzi beharko balitz, hortxe Eibarren jarduna zehatz asko azaldua Liga honetako lehen bi jardunaldietan.

Badira ere , ordea, luzexka azaldu beharreko egoerak, atzokoari dagokionez. Batetik, taldeak Huescaren aurka baino askoz hobeto jokatu zuen, egoera hau asko nabarmentzea komeni ez bada ere, ez baitzuen batere zaila lehen jardunaldiko jokoa hobetzea. Bigarrenik, jokoaren hobekuntza baloiarekin izan zuen, erasoan, eta horri esker, aukera onak sortu zituen, baina atera ez zuen jaurtiketa bakar bat ere egin. Horrekin lotuta dator hirugarren aldagaia ere: kalitate tekniko egokia behar da erakutsi baloia sarera botatzeko, edo gutxienik atera, eta atzo, Diopek eta Charlesek batez ere, oso aukera garbietan oso gaizki jo zioten baloiari.

Laugarrenik, erdiko atzelarien biguntasuna aipatu behar da. Bosgarrenarekin lotuta: Getafek bi jaurtiketa egin zituen atera 90 minutuetan, eta bietan sartu zuen gola. Aurrenekoa 18. minutuan, eta bigarrena 90.ean. Aurrenekoan, oso bigun aritu zen Oliveira, eta bigarrenean, Arbilla izan zen indar gutxirekin joan zena beste baloi luze baten bila.

Horrela laburtu daiteke atzoko partida, gertatutako egoera garrantzitsuenei tiraka. Jose Luis Mendilibarrek Bebe utzi zuen aulkian aurreko partidarekin alderatuta, eta Pere Milari eman zion aukera ezker hegalean aritzeko. Beste batean ere jokatzeko moduan dagoela erakutsi zion entrenatzaileari, lehen zatian hark izan zuelako aukera on bat, eta gainontzeko aukeretan parte- hartzaile eraginkorra izan zelako. Jordanek hartu zuen Orellana min hartuaren lekua beste hegalean, eta kataluniarra ez zen eroso ibili.

Lehen zatian, taldea onenean zegoenean sartu zion gola Getafek, Angelen bidez, baina on aritze hori erasoko kontua bakarrik izan zen, presioan eta defentsako lanean, bigunegi zebiltzalako jokalariak. Bigarrenaren aurreneko hamabost minutuetan estutu zuen Eibarrek partida baloirik gabeko lanean ere, eta orduan egin zituen minutu onenak. Gero, pixkanaka itzaliz joan zen, azken hamar minutuetan aukerak sortzen hasi zen arte. Baina Diopek eta Charlesek erakutsi zutena baino kalitate tekniko hobea erakutsi beharko dute hurrengoan golak sartu ahal izateko. Getafek, aldiz, gutxirekin berriz ere asko egin zuen partida bukatzear zela, bigarrena sartu eta puntuen altxorra ixteko, Molinaren golarekin. Ondorioa argia da Eibarrentzat: partidak irabazteko ez danahikoa bosteko nota ateratzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.