Eurokopa. Danimarka 1-2 Belgika

Artelan lapurtu bat

Danimarkak galdu egin du Belgikaren aurka (1-2), sekulako jokoa egin arren. Historia errepikatu da: ikusgarri bai, baina irabazi ezin

Wass eta Thorgan Hazard jauzi betean, bietako nork joko baloia buruz, atzoko partidan. WOLFGANG RATTAY / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2021eko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Poulsenek (2 min.). 1-1: Torgen Hazardek (55. min.). 1-2: De Bruynek (70. min.).

Futbolaren kontakizunak ez du bihotzik Danimarkarekin. Inoiz zitalkeriaren bat egin eta etengabe ordaintzen ari balitzaio bezala. Atzo ere kolpea eman zion, non eta etxean, Kopenhagen. Ostu egin zion loria: ikusgarri jokatuz garaipen handi bat lortzea. Artelana osatu zuten Belgikaren aurka lehen zatian etxekoek, baina, eraginkortasuna gaiztoa denez, bidera azaldu eta artelana kendu zion artistari. Orain, auskalo non galduko den atzoko erakustaldia. Danimarkaren beste asko bezala txapelketa handietan: jokatu, inork baino hobeto askotan, baina irabazi ezin. 1992ko Eurokopan garaipena lortzea salbuespena izan zen. Kontakizunetan irabazleak soilik agertzea krudela da.

Presaka bizi beharraren bizi beharraz, ez da patxadaz aztertuko atzo etxeko selekzioak egin zuena. Hurrengo partida etorri zen segituan, eta gaur, beste hiru. Ahaztu egingo du futbolaren munduak atzokoa. Emaitzen diktadura. Eta hor, nagusi hitz hauek: joa, eraginkortasuna, kalitatea eta abar. Belgikan izenak jartzen hasita, De Bruyne, Eden Hazard eta Lukaku. Nahikoa hamabost minutu elkar ondo uztartu eta Danimarkaren musika zoragarria isiltzeko. Futbola bai, futbola hori ere, eta, nola kontakizunak irabazleak soilik goratzen dituen, atzokotik emaitza geratuko da: Danimarkak 1, Belgikak 2. Eta hamargarren minutuan, jokoa geratu eta Erikseni txaloak jotzea jokalariek, epaileek, aulkikoek eta zaleek.

Bidea eta emaitza ez zitzaizkion bat etorri atzo ere Danimarkari. Galdu egin zuen emaitzan, baina beste guztian, irabazi. Puntuek balio dute, ordea, eta alerik gabe geratu da B multzoan. Sei dauzka Belgikak; hiruna Errusiak eta Finlandiak. Badu aukerarik, hala ere, final-zortzirenetara iristeko.

Behar luke egin aurrera. Berriz ere atzokoa egiteko. Presioa goi-goian, Belgika itotzeko; eta aurkariaren hutsa baliatuz gola sartzeko Poulsenek bigarren minutuan; irabazten hasi arren, atzera ez egiteko, eta nahi beste baloi lapurtzeaz gain, sekulako trebeziarekin eta zehaztasunarekin erabiltzeko: ukitu bat behar zenean, batekin; bi behar zirenean, birekin; hirugarren jokalaria kontzeptu taktikoa bikain landuz; erritmo bizian jokatzeko, aurkariei baloia lapurtzeko aukera apurrena ere uxatuz. Bikain. Gauza bakarra falta. Emaitzen diktaduraren kutuna: gola. Aukerak bai, baina asmatu ez. Bizirik utzi zuen aulkian De Bruyne eta Hazard utzita atera zen Belgika, eta bizi-bizi zebilena ito zuena gero hura izan zen.

Bigarren zatian, De Bruyne jarri zen Lukakuren atzetik, eta Eden Hazard ere azaldu zen. Hiruren elkar hartzearekin, bi gol sartu zituen Belgikak hamabost minutuan; 55.ean, Thorgan Hazardek, eta 70.ean, De Bruynek. Baina suspertu egin zen Danimarka, eta akaberan ere sortu zituen aukerak. Asmatzeak, ba, hurrengo batean beharko du. Horixe du patu historikoa.

Ingalaterra-Eskozia gaur

C multzoan, atzo, Ukrainak 2-1 irabazi zion Ipar Mazedoniari, eta hiru punturekin jarri da; aurkariak ez du batere.

Gaur partida handia eta historikoa dator: Ingalaterra-Eskozia, Wembleyn (21:00). D multzoan ere, Kroazia-Txekiako Errepublika dago (18:00). Ingelesek eta txekiarrek hiruna puntu dituzte; besteek, alerik ez. E multzoan, Suedia-Eslovakia (15:00) dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.