Reala 3-2 Espanyol

Uhala lotzeak salbatu du Reala

Txuri-urdinek mendean hartu dute Espanyol, partida gorabeheratsu batean. Zazpigarren minuturako irabazten hasi arren, partida narrastu egin zaie. Merinok txartel gorria ikusi du

Realeko jokalariak, Mikel Merinoren gola ospatzen. Partidaren hondarrean jokalari nafarra kaleratu zuen epaileak. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2019ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Merinok (3. min.). 2-0: Willian Josek (7. min.). 2-1 Naldok (31.min.). 2-2 D. Llorentek, bere atean (45.min) 3-2 Willian Josek (63.min).Epailea. Del Cerro Grande. Txartel horiak: Realeko Merinori, Aritzi, Morenori, Illarramendiri, Willian Joseri, eta Rulliri; eta Espanyoleko David Lopezi, Darderri,eta Naldori. Txartel gorriak: Realeko Merinori (75.min). Bestelakoak. 17. 301 ikusle Anoetan.

Garaipen bitxia eskuratu zuen atzo Realak. Errusiar mendi baten traza izan zuen Espanyolen aurkako partidak, eta gorabehera horretan uhala estuen lotua zuenak lortu zuen bizirik irtetea. Aldarte askoko partida izan zen txuri-urdinentzat; barrez hasi, kopetilun eta ikaratuta gero, eta lasaituaren arnasaldia botatzen amaieran. Jolas parkeetako atrakzioetan bezalaxe.

Eginbeharrak gerorako uztea aje bihurtu daitekeela eta, Realak azkar batean lotu nahi izan zuen atzo Espanyolen aurkako neurketa. Zelairatu orduko kataluniarren arean sartu zen,eta ez zion zirkinik ere egiteko aukerarik utzi. Donostiarrek ezin hobeto ekin zioten neurketari, eta bi gol egin zituzten lehendabiziko hamar minutuetan. Alabaina, hasiera lasaiari bihurguneek hartu zioten lekukoa, eta lehen minutuetako segurtasun eta patxada guztia galdu zuten txuri-urdinek, harik eta Willian Josek hirugarren gola sartu zuen arte.

Hasi orduko, itxuraederra hartu zuen partidak donostiarrentzat. Berehalakoan azpiratu zuten Espanyol, lehendabiziko minutuetan. Imanol Alguacilek sasoi honetako bigarren neurketa zuen donostiarren aulkian, eta tinko eutsi zion bere estiloari. Oriotarrak esana du jokalari bakoitzak, aritzekotan, lehiatu egin beharko duela postua, eta izenak lekua ez dakarrela berretsi zuen atzo. Esaterako, aulkian utzi zuen orain arteko partida gehienetan hasieratik aritu den Mikel Oiartzabal.

Jokoari ere bere sinadura jarri zion hasieratik. Ehiztari zelairatu zen Reala, lehen minututik presioa eginez. Segituan lortu zuen lehendabiziko saria. Aldeko korner bat izan zuen bigarren minutuan, eta zutoinera errematatu zuen Willian Josek. Alderatzea Mikel Merinori iritsi zitzaion, eta nafarrak ez zuen barkatu. Hirugarren minuturako aurretik ziren txuri-urdinak.

Are itxura hobea hartu zuen partidak lau minutu geroago. Espanyoleko David Lopezek eskuz aldendu zuen baloia area barruan, eta Realaren aldeko penaltia adierazi zuen Del Cerro Grande epaileak. Willian Josek ez zuen hutsik egin, eta bi goleko aldearekin jarri ziren Alguacilenak. Errusiar mendiko bidaiak patxadatsua izateko traza zuen zazpigarren minutua bete zenerako.

Hala jarraitu zuen neurketak hurrengo minutuetan ere, harik eta bisitariek 30. minutuan Geronimo Rulliren atea zulatzea lortu zuten arte. Korner batetik etorri zen kataluniarren gola; huraxe izan zen beren lehendabiziko aukera, eta Naldok sareetara jaurti zuen. Hurrengo minutuetan erabat aldatu zen jokoaren gidoia. Espanyolek pauso bat aurrera eman zuen, eta Realak bere lekua aurkitu ezinik igaro zuen lehen zatiko azken ordu laurdena. Atsedenaldira heldu aurreko jokaldian berdinketaren gola egin zuen kanpoko taldeak. Langara bota zuen baloia Borja Iglesiasek, eta Diego Llorentek ez zuen aldentzen jakin eta bere atean sartu zuen baloia.

Atsedenaldiaren ostean nagusi izan zen Espanyol. Zoro zegoen partida, eta nornahiri txartela ateratzen hasi zen epailea kaleratu egin zuen Merino. Itxura beltzeko iluntzea begitantzen zitzaion Realari, Willian Josek Merinoren pase bat aprobetxatuzgaraipenaren gola egin zuen arte. Zoramenak zoramen, nagusi izan zen Reala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.