Noiz sortua: 2020-03-12 00:30:00

Mikel Bizkarra. Euskadi Fundazioko txirrindularia

«Lasterketa gogorretan protagonista izan behar dut»

Denboraldia indartsu hasi du Bizkarrak, Valentziako eta Andaluziako itzulietan ondo sailkatuta. Euskal Herriko Itzulia korritzeko prestatzen ari da orain, Sierra Nevadan. «Taldearen helburu garrantzitsuena da, baita nirea ere».
EUSKADI FUNDAZIOA Tamaina handiagoan ikusi

Mikel Rodriguez -

2020ko martxoak 12
Hamargarren denboraldia du profesionaletan Mikel Bizkarrak (Mañaria, Bizkaia, 1989). Urterik gehienak Euskadi-Muriasen egin zituen; hain zuzen, proiektu hark iraun zuen urte denetan egon zen —2015etik 2019ra—. Aurten, debuta egin zueneko egitura berberera itzuli da: Euskadi Fundaziora. Sierra Nevadan kontzentratuta dago Mikel Iturria, Juan Jose Lobato eta Ruben Fernandez taldekideekin.

Sierra Nevadan zaudete orain. Nolakoak dira kontzentrazio horiek? Zein da egunerokoa?

Azkenean, entrenatu eta atseden hartzea izaten da. Goizean esnatu, ondo gosaldu, bakoitzak bere entrenamendua egiten du, eta, bazkaldu ondoren, ba siesta edo lasai egon. Eta gero, afaltzera eta lo egitera. Nahiko monotonoak dira egunak, baina Sierra Nevadan beste kiroletako jendea ere badago, eta askorekin elkartzen gara. Horrek errazago egiten du bertako egonaldia.

Koronabirusa dela eta, txirrindularitzaren egutegia nahasten ari da, eta, oro har, kirol profesional osoarena. Nola ikusten duzu egoera Sierra Nevadatik?

Guk ezin dugu beste ezer egin. Esperantza dugu gure hurrengo lasterketa, Kataluniako itzulia, egingo dela, eta, kontrakoa ez bada gertatzen, hori prestatu behar dugu; gurean zentratu entrenatzen, zaintzen eta gauzak ahalik eta hobekien egiten. Ea birusaren kontu hori ez doan txarrera, eta hor egon ahal garen. Gainera, gero etxeko lasterketa dator [Euskal Herriko Itzulia], eta pena izugarria eta oso txarra izango zen hori gabe geratzea, bai guretzat, bai zaleentzat, eta, azken finean, denentzat. Seinale izango zen egoera txarrera joan dela, eta hori inork ez du nahi.

Gauzak normal, beraz, Kataluniako Volta duzu hurrengo lasterketa.

Katalunia izango da lehenengoa, eta, gero, [Euskal Herriko] Itzulia, taldearen helburu garrantzitsuena, baita nirea ere. World Tourreko lasterketa bat da, eta, azkenean, hemen [Sierra Nevada] egiten dugun lana hori prestatzeko da.

Zuen taldea notizia izan berri da: Euskaltel babesletzat izanen du berriz, lau urterako. Nola hartu duzue hori txirrindulariek?

Oso albiste ona da. Lasaitasuna emate dio talde osoari, lau urterako segurtatuta edukitzea. Gainera, Euskaltel izatea oso pozgarria da: gu txikiak ginenean egon zen babesle berbera, zaleek harekin oso harreman estua eduki zuten, marea laranja hori...

Segurtasuna eta ilusioa, beraz.

Urte batzuk atzera egitearen modukoa da. Euskal Herrian Euskaltel beti hartu izan da bertako taldetzat, zale guztiak harekin identifikatuta sentitu dira, eta, orain, berriro bueltatzea eta talde horren parte izatea oso pozgarria da. Eta lasaitasunari dagokionez, ba noski, ez dira garai onak izan: taldeek ezin izan dituzte bermatu urte asko, ez da erraza izan urtetik urtera joatea, eta, orain, behintzat lau urterako aukera hor dugu.

Euskaltel sartuta, emaitzak lortzeko ardura edo behar handiagoa sentitzen duzue?

Ez, egoera ez da aldatu. Gu zentratzen gara ahalik eta ondoena prestatzen lasterketak, eta lana gogor egiten, gero ahalik eta emaitza onenak ateratzeko. Hori beti horrela izan da, eta orain ere horrela izango da. Uste dut denboraldia nahiko txukun hasi dugula, talde osoa maila onean, eta uste dut helburu horrekin gauzak ongi egiten baditu bakoitzak iritsiko direla garaipenak ere. Nahiko gertu egon gara orain arte, eta ea lortzen dugun.

Taldeko arduradunak, hain zuzen, kontent agertu dira zuen denboraldi hasierako lanarekin.

Lasterketa denetan ikusi da, maila polita eman dugu: Lobato irabaztear egon da, Ruben oso ondo airtu da, eta talde osoa, oro har. Protagonista izan gara lehiatu garen lasterketa ia denetan, eta hori da bidea. Gure artean oso harreman ona dugu, eta horrek gauzak errazten ditu. Gauzak ondo irteten ari dira.

Bereziki prestatu zarete indartsu hasteko? Espainiako Vueltako gonbidapena jokoan dagoenez...

Ideia ondo hastea zen, baina txirrindularitza asko aldatu da. Orain dela urte batzuk, txirrindulari indartsuenak lasai hasten ziren, eta besteentzat aukerak egoten ziren denboraldi hasieran, baina orain ikusten da denek indartsu hasi nahi dutela. Nik uste horrek meritu handiagoa ematen digula guri. Ikusi lasterketak nork irabazten dituen, txirrindulari onenak hor daude, eta haiengandik gertu eta borroka horretan egotea lortu dugu, nahiz eta indartsu hastea ez den erraza. Ea etorkizunean horrela jarraitzen dugun.

Orain, helburu handia, beraz, Euskal Herriko Itzulia duzue.

Bai, denboraldiko nagusia, etxeko lasterketa, maila handiko lasterketa, zaleekin, Euskaltelen albiste horrekin... oso-oso berezia izango da. Lehenengo etapa Arraten bukatuko da, eta igoera hori ziur nago dena laranja kolorez beteta egongo dela. Pentsatzeak bakarrik oilo ipurdia jartzen dit. Horretarako prestatzen ari gara.

Taldeko zaharrenak haur txikiak zineten orduan, baina badago antzekotasun bat 1994ko Itzuliarekin, Euskadi Fundazioak korritu zuen lehenbizikoarekin, orain berriz bueltatuko delako, zazpi urteren ondoren. Agustin Sagastik etapa bat irabazi zuen orduan, fundazioaren lehenbiziko garaipena. Historiaren errepikapen txiki baten protagonista zarete, orain.

Bai, eta nahiz eta oso zaila izan, oso polita izango litzateke horrelako emaitza bat lortzea. Badakigu oso zaila dela, baina helburua hori izango da, eta saiatuko gara gogotik, eta ahalik eta ondoena iritsita lasterketara, horrelako emaitza bat lortzen. Oso-oso berezia izango zen.

Zuk ongi hasi duzu denboraldia. Valentziako Itzulian hamaseigarren izan zinen, eta Andaluziakoan hamabortzgarren. Buruz buru ibili zara World Tourreko txirrindulariekin.

Nahiko ongi moldatu naiz, bai. Lasterketa politak izan dira, oso onak, eta buruz buru agian ez, baina haiengandik gertu egon naiz. Argi eta garbi ikusten da neguan egindako lana ona izan dela. Orain, ea egiten gabiltzan lanaren fruituak hurrengo lasterketetan ikusten diren. Behintzat, motibazio eta gogo aldetik ilusioz beteta nago.

Andaluziako Itzuliak irudi bitxia utzi du: Euskadi Fundazioko presidentea zuen lehiakide. Zer-nolako harremana duzue Mikel Landarekin errepidean?

Ona, baina, nire aldetik, lehendik ere bai. Nire edadekoa da, betidanik lehiatu izan naiz haren aurka. Kadeteak ginenetik harreman ona eduki dugu, urte asko dira, eta espero dut horrela jarraitzea.

Baina esprintean harekin lehiatu behar bada, erreparorik ez?

Hori da, batere ez [irri egin du]. Nik uste dut berak irabaziko zidala; bera ere ez da oso abila esprintean, baina nik ez daukat txinparta hori. Beste edonoren aurka bezala, garaipena inportantea da, eta inori ezin zaio aukera eman.

30 urte dituzu oraindik, baina taldeko beteranoenetako bat zara. Zer egiteko jarri dizute?

Egia da beteranoetako bat naizela, eta gazteei erakustea nire arduretako bat dela. Batez ere, lasterketa gogorretan protagonista izan behar dut, garaipenaren borroka horretan ibili, eta orain arte maila polita erakutsi dut. Hori mantentzea, erregularra izatea, eta borroka horretan ibiltzea.

Hain zuzen, Euskadi-Muriaseko azken bi urteetan ikusi zen aurrerapauso handi bat eman zenuela: Espainiako bi Vuelta korritu zenituen —batean hamazazpigarren bukatu zenuen sailkapenean, bertzean etapak irabazteko lehian ibili zinen—, eta esperientzia bat bildu duzu World Tourreko txirrindularien aurka lehiatzen.

Bai, egia da 30 urte ditudala, eta baten batek esango duela jada nahiko zaharra naizela, baina denboraldi asko Kontinental Mailan emanda, egutegi nahiko laburrekin, horrek egin du benetan gazteagoa naizela pentsatzea. Azkenean, benetako egutegi batekin eduki ditudanak azken bi urteak izan dira, eta horrekin nabaritu izan dut, lasterketa garrantzitsuak lehiatu ondoren, beste maila bat dudala. Egia da Espainiako itzuliak beste puntu bat ematen duela, eta azkeneko urteetan ematen du pausoak ematen ari naizela. Ea urte askotan pauso horiek jarraitzen duten, eta garapenak gora egiten duen. Nahiz eta urte dezente eduki, oraindik gazte sentitzen naiz.

Kuriositatez, badakizu Vueltan hamazazpigarren egin zenuenean zein utzi zenuen gibelean, hemezortzigarren postuan?

Ez, egia esan ez.

Richard Carapaz.

[Irri egin du] Begira, gero [Italiako] Giroa irabazi zuen. Carapaz izango zen, baina gogoan dut Movistarrek Valverde eta Nairo zeuzkala nagusirako, eta haientzako lanean ibili zela. Azkenean, anekdotikoa da hurrengo urtean Giroa irabazi zuen ziklista nire atzean izatea, horrek ez du esan nahi bere maila dudanik.

Albiste gehiago

Martxoaren 31n eguneratua, 14:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 8.647 gaixok eman dute positibo koronabirusaren proba eginda, administrazioen arabera. 441 hil dira. COVID-19 gaitza izandako 1.775 pertsonari eman diete alta. Grafikoak, albiste barruan.

Lantegiak itxita, Oñatin. ©Jagoba Manterola / Foku

Euskal presoak kontuan hartzeko eskatu dio Etxegaraik Parisi

Berria

«Esan dute birusak ez duela bereizten klaseen artean, eta hori gezur handia da», adierazi du LAB sindikatuko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk. Iñaki Garcinuño Cebek Bizkaiko enpresaburuen elkarteko presidenteak eskatu du EAEaren «berezitasunera» moldatzeko lan jarduera bertan behera uzteko erabakia: «Denontzako kafeak ez du balio».

Langile bat lanean, Basauriko Sidenorren, artxiboko irudi batean ©Luis Jauregialtzo (Foku)

Irekitzeko aukera eman die Madrilek enpresa batzuei

Jokin Sagarzazu - Irune Lasa

Espainiako Gobernuak salbuespen batzuk sartu ditu funtsezkotzat jotzen ez diren jardueren funtzionamenduan, bereziki inportazio eta esportazio jardueretan aritzen diren enpresentzako —haien jarduera edozein dela ere—, eta itxieraren ondorioz, merkatua galtzeko arriskuan dauden kasuetan.

Bilboko kale bat hutsik, konfinamendu egun batean ©marisol ramirez / foku

Euskal Herrian 441 pertsona hil dira koronabirusak jota, eta 8.647 daude gaixo

Irati Urdalleta Lete

Atzotik beste 39 pertsona hil dira, eta 422 gaixotu. Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak esan du «joera aldaketa bat» ikusten dela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Mikel Rodriguez

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna