Eibar 2-1 Rayo

Helmugako marran

Mailari eusteko helburua ia lortu du Eibarrek, Rayoren aurka emaitza irauli eta gero. Pedro Leonek lortu du garaipenaren gola

Pedro Leon, aulkian daudenak agurtzen, 2-1ekoa sartu ondoren. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2019ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Golak. 0-1: Pozok (41. min.). 1-1: Charlesek (64. min.). 2-1: Pedro Leonek (73. min.). Epailea. Undiano Mallenco. Txartel horiak: Eibarreko Diop eta Peñari, eta Rayoko Alex Moreno eta Amati. Bestelakoak. 3.940 ikusle Ipuruan.

Justizia poetikoa edo dena delako hori egin zen atzo Ipuruan. Eibarrek ia eskura dauka mailari eusteko saria, eta ezin du inork esan merezia ez denik. Analisiak ondo zehaztuz gero, eta begia taldeak azken hilabetera arte egin duen jokoan jartzen bada, lehenxeago heldu behar zuen helmugara, baina atzo arte ez da iritsi marraren gainera. Zeharkatzea falta zaio orain, baina ez du lan zaila ematen, zortzi partida izango dituelako horretarako.

Atzo bezalako hasiera egiten badu partida horietan, azkargaindituko du 40 puntuen muga, oso ondo ekin ziolako partidari, bizi eta azkar jokatuz, eta Rayo preso zeukan areatik gertu. Partidaren garrantziari neurri bereko grinarekin erantzun zioten etxekoek, eta lehen bost minutuetan bi jaurtiketa egin zituzten: Peñarena gora joan zen, eta Cardonarena Dimitrievskik geratu zuen. 11. minutuan Ruben Peña saiatu zen berriz, eta lehengo lekutik joan zitzaion erdiraketa itxurako jaurtiketa.

Ondo ari zen Eibar Rayoren ezker hegaleko ahultasuna baliatzen, beste aldetik baloia bertara eramanez. Rayori presio ona egiten zion baloia azkar berreskuratzeko, eta etxekoek lortu zuten kanpotarren itxura eskasa izatea. Baina ordu laurdenetik aurrera, Jose Luis Mendilibarren jokalarien grina eta sua itzaltzen joan zen, baloia galdutakoan presioa ez zen hain eraginkorra, eta Rayok hiru kontraeraso kateatu zituen, zein baino zein arriskutsuagoak. Beberen jaurtiketa kornerrera urrundu zuen Dmitrovicek 22. minutuan, De Tomasek kanpora bota zuen baloia minutu berean, eta beste horrenbeste egin zuen sei minutu geroago.

Aldatu egin zen partida, eta Eibar ez zebilen eroso. Antzematen zen halako argitasun eta kalitate falta erasoko jokoan, eta horren adierazle da 32. minutura arte ez zuela beste jaurtiketarik egin, Orellanak kanpora bota zuena. Jokoa ez ezik, emaitza ere aldatu zen, 41. minutuan Pozok dotore amaitu zuelako Rayoren jokaldi on bat. Aurreko jokaldian, Kikek egin ez zuena egin zuen: asmatu gola sartzen. Eibarreko aurrelariak Dimitrievskiren oinetara bota zuen atetik oso gertu zela Ba, atzelariaren oparia jaso zuenean. 1-0ekoa behar zuenetik 0-1ekora igaro zen emaitza.

Joko pixka batekin, golak

Kezka zabaldu zen Ipuruan emaitza txar horrekin, eta Mendilibarrek gauzak zuzentze aldera Pedro Leon eta Jordan atera zituen bigarren zatian, Kike eta Sergio Alvarezen ordez. Jokoan ez zen hobekuntza handirik izan, baina pixka bat horrekin lortu zuen jokoan nagusitzea, eta golak ere heldu ziren. Charlesek berdindu zuen 64. minutuan, buruz, eta justizia poetikoarena berriz azaldu zen, Pedro Leonek sartu zuelako garaipenaren gola. Berragertu berri da, hamar hilabetez lesioz lesio ibili eta gero. Merezi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.