Zaldibarko luizia

Zaldibarko eredua «agortuta» dagoela salatu dute agiri batean

Erredakzioa
Bilbo
2020ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Esparru akademikoko eta kultur arloko 84 pertsona ezagunek Zaldibar argitu, ereduaren agortzea agerian izeneko agiria plazaratu dute. Idazkiarekin, mahai gainean jarri nahi izan dute Zaldibarko zabortegian jazotakoa ez dela inguruko herrietako biztanleei soilik eragiten dien kontua: «Geure gizartearen zein ingurumena kudeatzeko indarrean dagoen ereduaren agortzea agerian jarri du». Sinatzaile gehienak unibertsitateko irakasleak dira. Bestak beste, Enrique Zuazua, Ramon Zallo, Mari Luz Esteban, Jule Goikoetxea eta Margaret Louise Bullen ageri dira. Kultur arloko sinaduren artean, aldiz, Uxue Alberdi bertsolari eta idazlea, eta Ines Osinaga eta Maite Arroitajauregi musikariak ageri dira.

Agirian, sinatzaileek bat egin dute Zaldibar Argitu herri plataformak desagerturikoen senideei eta jazo den «hondamendi ekosozialak» zuzenean eragin dien auzotarrei elkartasuna adierazteko eginiko ekinbideekin. Era berean, haien ustez, «premiazkoa» da aldarrikatzea osasun publikoari eta herritarren bizi kalitateari eragiten dieten esparruak «kontrol publiko zorrotz eta arduratsuaren menpe» egon behar dutela. Sinatzaileen iritziz, komunitate zientifikoak «aho batez» onartua du jende aberatsen bizi ereduak ondorio kaltegarriak sortzen dituela ekosistema bizietan, eta hondakinen produkzio masiboa sintoma adierazgarrienetako bat dela adierazi dute.

Arazoari aurre egiteko, «trantsizio energetiko, ekologiko eta sozialaren» beharra aldarrikatu dute, eta trantsizio horri kolektiboki ekiteko eztabaida publikoa gauzatzeko une egokia dela iritzi diote. Bide horretan, gizarteko erakunde publiko nagusiei, ekimen pribatuko sektoreei eta gizarte zibilaren barruan dauden eragileei dei egin diete trantsizio horren inguruko eztabaida «zintzoa» egin dezaten: «Hondakinek behar duten trataera zuzen eta zentzuzkoa barne». Sinatzaileen ustez, naturak «abisua» jo du, eta egungo belaunaldien ardura da hurrengoei euskal lurralde «bizigarri bat» uztea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.