BESTEEN HITZETAN

2016ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Aitor Murua Euskal selekzioko hautatzaile ohia

«Oso gaztetatik erakutsi ditu kalitatea eta burua. Oso gazterik hasi zen eski alpinoan lehiatzen, eta jaitsieretan ez dago nork eutsi. Azkar ez, oso azkar jaisteko gai da, eta seguru. Oso gutxitan ikusi dut erortzen. Jaisten jakinda, asko irabazia zuen mendiko eskian. Emaitzak hasi eta segituan etorri ziren. Hamabost urterekin hasi zen gurekin, eta, garapen garaia denez, fisikoki indartsu jartzea kostatu zaio, baina aurtengoak, gorputza sendotu ondoren, bere urtea behar du. Zorte pixka batekin, emaitza bikainak lortuko ditu mundu mailan, hau da, Europako lehiakideekin lehiatzeko moduan ikusiko dugu. Selekzioko harribitxia da, eta eredu bat gazteentzat.

Pertsona gisa, taldeko mutila da. Umoretsua, toki guztietan ongi etorria... Hori bai, ia beti ahazten zaio zerbait, besteren batena hartzen du... baina hori, familiatik datorkio. Aita eta hiru seme-alabak berdinak dira».

Iñigo Lariz Euskal selekzioko hautazailea

«Zer esan handia emango duen mutila da. Izugarrizko kalitatea du kirolari moduan. Benetako talentua da. Mendi eskiatzaile gisa, inor baino gehiago da jaitsieratan. Erraztasun berezia du, haurra zela eski alpinoan ibili eta gero. Fisikoki, gorakada handia izan du azken urtean. Igotzen maila bikaina du, eta, teknikoki, oso ona da irristatzeko prozesuan eta aldaketak egiterakoan. Kirolari aparta, emaitzek itsutzen ez dutena, eta, eskiaz gain, surfa eta beste kirolak egiten dituena, oso maila onean, gainera».

Antonio Alcalde Espainiako selekzioko kidea

«Duela lau urte ezagutzen dugu elkar, eta oso lagun ona da. Pertsona gisa ere oso ona da, beti laguntzeko prest dago. Berarekin oso ondo pasatzen dut. Kirolari gisa, teknikoki, maila izugarria dauka, besteok behar dugunaren erdiarekin nahikoa izaten du gure mailan jartzeko. Ez du inoiz lasterketa bat galdutzat ematen, eta, are gutxiago, amaiera maldan behera izaten bada. Ez zara inoiz mendiko eskiatzaile bat izango, noizbait Iñigok maldan behera ziztu bizian eta algaraka aurreratzen ez bazaitu, kar-kar».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.