Tom Brady

Zazpikoaren jabe egin den zazpikia

Superbowleko garaikurra zazpigarren aldiz eskuratu du Tom Bradyk. Halako gehien lortu duena da; talderik ere ez da horrenbeste dituenik. Tampa Bay Bucaneersekin izan da garaile, Patriots utziz geroztik jokatu duen estreinakoan.

ERIK S. LESSER.
Jon Ander De la Hoz.
2021eko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Futbol amerikarreko izarra da Tom Brady. Haren garaipen zerrendak agerian uzten du hori: Superbowleko final nagusia zazpigarren aldiz irabazi zuen herenegun. Beste inork baino gehiagotan lortu du garaikur hori; gehien irabazi duten taldeek ere sei dituzte, gehienera ere. Pittsburgh Steelers eta New England Patriots dira talde horiek. Patriotsek Brady zelaian zela lortu zituen garaipen horiek. Beste bat batu du jokalariak. Oraingoan, Floridako Tampa Bay Bucaneersen elastikoa soinean zuela.

Inork ez du hark adina eskuratu futbol amerikarrean. Garaipena begitartean duten kirolarien sailekoa da, onerako eta txarrerako, eta horrek ez du epelkeriarako tarterik uzten: batzuek maite duten eran gorroto dute besteek. Harekiko sentipenak ageriko geratu ziren igandean, AEBetako kiroleko garaikur entzutetsua zazpigarren aldiz zakuratu zuenean. Tampa Bay Buccaneersekin lortu du oraingoan, beren estadioan, Kansas City Chiefsi irabazita (31-9). Bere zelaian Superbowla irabazi duen lehen taldea da Bucaneers.

Horra Bradyren beste lorpen bat. Haren inguruan hitz egiteko beste arrazoi bat. Zuri-beltzeko kirolaria baita, nahiz jokorik koloretsuena egiteko gai izan. Zalerik porrokatuenentzat, huraxe da adoretsuena, grina handiena duena, teknikoki onentsuena: futbol amerikarrak bizi duen atleta. Kontrario zorrotzenarentzat, berriz, amarruzaleena da, edozelan bada ere irabazle behar duena, aurkariari koska bat atera arteko bakerik ez duena. Zazpiki bat, alegia. Zazpikoaren jabe egin den zazpikia.

New England Patriots entzutetsuarekin irabazi zituen estreinako seiak. Behe mailetan Michigan Wolverinesekin aritu ostean, Patriotsek beraiekin aritzeko hautatu zuten, eta, lehendabiziko urtean jokalari beteranoenen itzalean aritu bazen ere, segituan egin zen quarterback postuaren jabe. Taldearen gidaria izan zen orduz geroztik, Superbowlaren loria nagusia sei bider dastatzeraino. Garaikur gorenaz gain, AEBetako konferentziaren bederatzi sari lortu ditu, eta hamaseitan nagusitu da Ekialdeko Konferentzian, aurreko urratsean.

Ume-umetako grina

Bradyri haurtzaroan piztu zitzaion futbol amerikarrerako zaletasuna. San Francisco inguruan jaioa izaki, aitak sarri eraman ohi zuen San Francisco 49ers taldearen neurketak ikustera. Joe Montana jokalari ospetsua ikusten hazi zen Brady, eta haren postuan jokatzeari ekin zion gero. Sarritan adierazi duenez, Montana izan da bere erreferente nagusia.

Hura ikusiz ikasitakoei segituz heldu zen gorengo koskara, aurrez unibertsitate mailako lehiaketetan aritu ondotik. 2000. urtean aritu zen estreinakoz New England Patriotsekin, hautaketa aldiko seigarren fasean aukeratua izan ostean. Nahi, San Francisco 49ersen aritu nahi zuen Bradyk, baina taldeak ez zion eskaintzarik egin.

Patuak Patriotsera eraman zuen, ordea, eta hantxe egin zen goi mailako jokalari. Hogei urtez aritu zen bertan, ligan nagusi izanez, harik eta iaz Tampa Bay Bucaneersera jauzi egitea hobetsi zuen arte.

Argi-ilunak

Desiratua bezain arbuiatua, Bradyren garaipen zerrenda oparoak badu bere kontrako bilduma ere: xextrarena. Behin baino gehiagotan egon da jokoaren inguruko polemiketan murgilduta. 2007an, Patriotseko jokalari zela, Spygateauzia sortu zen taldearen jiran. Itxuraz,aurkariek defentsan egiten zituzten keinuak filmatu zituzten New Englandekoek, horretarako baimenik izan gabe. NFLerakundeak —AEBetako liga antolatzen duenak— ez zien zigor handirik ezarri.

Handik urte batzuetara, ordea, Brady protagonista izan zuen beste auzi bat abiatu zen: Deflagate-a, Indianapolis Coltsen aurkako partida baten atarian baloiei airea kentzea leporatuta. Patriotsek 45-7 irabazi zuen norgehiagoka hura, eta handik hilabete batzuetara zigortu zuten Brady. Lau partida egin zituen jokatu gabe.

Aldaketa, irabazteko

Baloi hutsen auzia igarota, taldea utzi aurretik beste Superbowl bat irabazteko astia izan zuen Bradyk (2018). Hurrengo urtean utzi zuen bere kirol bizitzako talde nagusia, etaTampa Bay Bucaneersek fitxatu zuen gero. Iazko martxoan eman zuen hautu horren berri, eta irailean jokatu zuen lehendabiziko partida.

Bucaneersekin bi urterako sinatu zuen Bradyk, eta lehen urtean lortu du Superbowla irabaztea, taldearen historiako bigarrena. Herenegun izan zen, zenbait mugarri ezarri zituen neurketan: Bradyren garaikur zerrenda norbanakoen eta taldeen gainetik ezarri zuen, eta finaleko jokalari onena izendatu zuten, bosgarrenez. Superbowl batean gehien aritu den pertsona da Brady, hamar aldiz aritu baita.

Sarah Thomasek, berriz, estreinako aldia izan zuen: AEBetako kirol ekitaldi entzutetsu horretan emakumezko epaile batek parte hartzen zuen lehena izan zen. Han zen Brady: futbol amerikarraren aldaketak bere larruan bizi ditu, 43 urterekin. Kirol horren historia bizia den seinale.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.