Zerua berriz pizteko dei bat

'Itzali argia, piztu izarrak' leloarekin egiten da Starlight gaua, toki askotan; ostiralean estreinakoz egin zuten Donostian: udaletxeko terrazan hainbat teleskopio jarri zituzten, eta azalpenak eman zituzten astroak ikusten irakasteko.

Argi bakan batzuk itzalita; gainerakoak, ohiko eran, piztuta, Starlight gauean. JON URBE / EFE.
arantxa iraola
Donostia
2018ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Orain 40-50 urteko zerua du gogoan Juan Antonio Aldunzinek. «Aski zen hiri eta herrietako kaskoetatik 2-3 kilometro urruntzea, zerura begiratu eta izarrak ikusteko: Esne Bidea bera, hortxe ageri zen». Egun, ezinezkoa da. Argiz bete dira hiri eta herriak, eta horrek dakarren kutsaduraren ondorioz, bakanak dira zerura begiratu eta lehen begiratuan ikus daitezkeen astroak. «Esaterako, Pirinioetara egin behar da, mendi aldera», azaldu du Aldunzinek. Nafarroako Erriberara ere usu jotzen dute astronomia zaleek. Baina hiri guneetatik urrun beti. «Izan ere, pixka bat urrunduta ere, distira hain da indartsua!» Arazoaren gainean ohartarazteko, ostiral gauean Starlight gaua egin zuten Donostian, Aranzadi elkarteko astronomia taldeak antolatuta. Mundu mailako egitasmo bat da, eta estreinakoz egin zuten Donostian. Teleskopioak eraman zituzten Donostiako Udaletxeko terrazara, eta nahi izan zuen orori modua eman zioten astroak ikusteko, eta horiei buruzko argibideak jasotzeko.

Esperientzia hobetzen laguntzeko, udalak udaletxeko fatxadako argiak itzali zituen —ekitaldia hasi eta tarte batera—; terrazakoak ere bai. Eskertu zuten antolatzaileek, izan ere, argiak itzali ahala, piztu egiten da zerua: edertu, antzaldatuta.«Esaterako, Alderdi Ederreko argi guztiak [hantxe parean dago, udaletxe aurrean] itzaliko balituzte, asko igarriko litzateke: izar gehiago ikusiko lirateke», nabarmendu zuen Aranzadiko ordezkari Virgina Garciak. Hain justu, gogora ekarri zuen zein den Starlight egitasmoaren leloa, xedea: «Itzali argia, izarrak pizteko».

21:00etatik 23:00tara ipini zituzten teleskopioak. Ilara luzeak sortu ziren horietatik begiratu ahal izateko. «Izugarria!». Harridura hitzak sorrarazi zituen esperientziak kasurik gehienetan. Mendebaldera begira jarri zituzten hasieran teleskopioak, Ilargia eta Artizarra ikusteko, bereziki. Gauak aurrera egin ahala, beste zeru pusketa batzuk arakatzeko era eman zuten. Terrazako arkupeetan, berriz, zerua ikusten ikasteko gakoak eman zituen Virginia Garciak Stellarium programaren bidez, pantaila bat baliatuta. Konstelazio nagusiak zein diren adierazi zuen, eta horiek nola aurki daitezkeen. Eta nola identifikatu. Oinarrizko azalpenak ziren asko, eta entzuleek biziki estimatu zituzten: «Izarrek, adibidez, ñir-ñir egiten dute; planetek, ez: haietan ez da atzematen kliskarik». Jendeak egindako galderak ere erantzun zituzten. Opakutasuna kendu zioten zeruari, eta hura beste era batean ikusteko jakingarriak izan ziren guztiak.

Argi kutsadura

Hiri eta herriak argiztatzean «gehiegikeriak» egiten direla esan du Aldunzinek, eta kritikatu egin behar direla argi kutsadura areagotzea dakarten neurri desegokiak. «Egunak argia du; gaua, izadian, iluntasunerako tartea da. Gauak ahalik eta ilunena behar luke. Aldiz, gero eta argi gehiago dago. 'Gero eta argi gehiago, hobeto', esaten da sarri». Onartzen du hiri eta herriak argiztatu beharra, baina neurriz kanpoko argiztatzeak kaltea besterik ez dakarrela pentsatzen du. «Gaueko ingurumena hondatzen ari gara». Faunari, florari eta giza atsedenari egiten dio kalte horrek: behar ez den diru eta energia «xahuketa» ere badakar kasurik gehienetan.

Argiztatzeko erabiltzen diren argi klaseei ere erreparatu behar zaiela esan du: argi horien orientazioari ere bai. «Lurrera begira jarri behar dira argiak, potentzian pasatu gabe, eta garrantzitsua da kolorea ere. Orain LED argiak ari dira nagusitzen, abantaila handiak dituzte: foku jakin batera doaz, eta errazagoa da argiak lurrera begira ipintzea. Hori lortzen da ari da LED argiei esker. Alde horretatik, oso onak dira. Aldiz, gehienak oso zuriak dira, eta aholkatzen dira tonu horiagoak, doratuagoak. Nafarroako herriren batean ikusi ditut, baina ez daude orokortuta halakoak».

Cel fosc elkarteko kidea da Aldunzin, eta argi kutsaduraren kontra dihardute bertan. Hiri eta herrietan eragiten saiatzen dira. Eremu pribatuan ere ari dira sarri; izan ere, gehiegikeriak ikusten dituzte, saltoki handietan, kartel erraldoietan eta antzekoetan. Gehiegizko argia, kliskan ari diren izarrak ikusteko eragozpen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.