Sukaldetik platerera

Aitor Elizegi Athleticeko presidente berriaren lantaldeari hauteskunde kanpainan agindutakoa betetzea dagokio Ibaiganera ailegatu berritan. Lehen taldearen egoera iraultzeko neurriak hartzeak dauka lehentasuna.

Aitor Elizegi Athleticeko presidentea Lezamako kirol instalazioetan, joan den larunbatean, gizonezkoen lehen taldearen entrenamendu saio bat ikusten. M. T. / EFE.
haritz gallastegi
Bilbo
2019ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Aitor Elizegik ilusioz ekin dio Athleticeko presidente lanari. Hauteskunde kanpainan transmititutako indarrak konbentzitu egin ditu bazkideak. Inoizko lehiarik estuenaren ostean, aro berri bati ekiteko unea iritsi da. Sukaldari bilbotarrak arlo askotan agindu ditu berritasunak: Lezaman, komunikazioan, arlo sozialean... baina hori guztia bigarren mailan geratzen da talde nagusiaren egoera larria aintzat hartuta. Lehoiak eskas aritu dira denboraldiaren lehen zatian, eta, egun, mailari eusteko borrokan daude murgilduta. Ez da erraza izango zulotik irtetea. Pazientzia asko eta sufritzeko gaitasun handia eskatzen du egoerak. Bidea luzea eta arantzaz betetakoa izango denez, indarrak metatzea komeni da. Athleticen taldeak eta jarraitzaileek bat egiten dute gauzak okertzen direnean, baina zelaian jokalariena da ardura. Gaizka Garitanoren ardura da daudenei euren onena ateratzea eta, halaber, Rafa Alkortarena eta Andoni Aiartzarena bulegoetatik kirol kudeaketa egokia egitea. Jose Mari Amorrortuk eman berri die lekukoa. Orain erabakiak hartzea egokitzen zaie, eta batzuk garrantzi handikoak izango dira.

IBAI ETA LLORENTE, TALDEA INDARTZEKO

Klubeko agintari berriak taldea indartzen ahaleginduko dira abian den neguko merkatuan, etaIbai Gomez eta Fernando Llorente dituzte begiz joak. Athleticen merkatu txikian taldea hobetu dezaketen futbolarien artean, elastiko zuri-gorria janzteko prest egon daitezkeen bakarrak dira. Futbolari onak dira, eta haien ezaugarriak oso baliagarriak izan daitezke Garitanoren jokamoldean. Entrenatzaileak garrantzi handia ematen die hegalei eta geldikako jokaldiei. Alde horretatik, asko eman dezake Ibaik, Alavesen bere kirol maila gorena lortu duen jokalariak; izan ere, 29 urteko erdilari bilbotar horrek bi hegaletan joka lezake, eta maisua da baloia jokoan dagoenean eta geldikako jokaldietan erdiraketak egiten. Sasoi amaieran amaitzen zaio kontratua Gasteizko taldearekin, eta berritzeko eskaintza jaso du. Dena den, une egokia izan daiteke horrenbeste eman dion klubean diru apur bat utzita bueltatzeko etxera. Hamar milioi euroko etete klausula dauka, eta, antza, Alaves gertu dago erdia jarrita jokalariari ateak zabaltzeko.

Fernando Llorente ere gertu omen dago atzeko atetik utzi zuen taldera bueltatzeko. Josu Urrutiarekin, itxiak zituen klubeko ate guztiak. Presidente ohiak ez dio barkatu taldearen ikurra izateko merkatuz kanpoko eskaintzari uko egin izana. Elizegirekin, egoera aldatu egin da. Athleticentzat jokalari garrantzitsua izan daiteke. Tottenhamen gutxi ari da jokatzen. Bestalde, adinean aurrera doa —34 beteko ditu otsailean—, baina Aritz Aduriz bakar-bakarrik dago erdiko aurrelari postuan, eta, partidek eskatzen duten erritmoa hartuz gero,asko eman diezaioke taldeari. Jarraitzaile askok ez dute begi onez ikusten errioxarra itzultzea, baina, aurrelariak ondo jokatzen badu, aitaren batean baretuko dira. Hori esanda, Athleticen gaitz nagusia zelai erdian dago. Sormena falta zaio. Gabezia hori konpontzea izan beharko litzateke lehentasuna, baina, gaur-gaurkoz, ezinezkoa dirudi. Ander Herrera izango litzateke horretarako futbolari aproposa, baina ez dirudi aukerarik dagoenik futbolari aragoiarra bueltatzeko.

BATZUK ETORTZEKO, BESTE BATZUEK IRTEN BEHAR

Athleticek taldearen jokoa hobetu eta, bide batez, ilusioa ekarriko duten futbolariak fitxatzeko premia dauka. Baina, sarrerako atea zabaltzeaz gain, irteerakoa ere parez pare ireki beharko du. Egun, hogeita sei jokalarirekin ari da lanean Garitano. Ibai eta Llorente fitxatuz gero, leku barik geratuko dira aldagelan. Hortaz, jokatzen ez dutenei bi aldeentzat onuragarria den irtenbide bat aurkitu beharko dio kirol zuzendaritza berriak: Ganea, Guruzeta, Nolaskoain, Lekue edota Unai Lopezekin zer egin erabaki beharko du. Gehienak gazteak dira, eta jokatzea komeni zaie. Harmailan egoteak ez die onurarik egingo.

EPE ERTAINERA, NEGOZIAZIO GARRANTZITSUAK

Alkortak eta Aiartzak nahikoa lan izango dute urtarrilean irteerak eta, batez ere, fitxaketak lotzen. Taldearen ibilbide txarrak erabaki garrantzitsuak hartzea eskatzen du. Baina, era berean, sasoia amaitu aurretik azken hamarkadan pisu handia izan duten futbolarien etorkizuna argitu beharko dute. Markel Susaeta kapitaina asko ari da jokatzen, eta, okerrik ezean, berritu egingo du kontratua. Aritz Adurizi ere ekainean amaitzen zaio kontratua. Athleticen aro modernoko golegile onenak makal ekin zion denboraldiari, baina azken asteotan nabarmen hobetu du. Sasoia amaitzen denerako, 38 urte beteak izango ditu. Hala ere, oraindik balekoa da, eta, eman duen guztiagatik, berak erabaki beharko luke zer egin. Ander Iturraspe ere edozein talderekin negoziatzeko aukeran dago. Euskarriak pisua galdu du taldean; azken lau teknikariekin, ez du jokatu, eta egoera zailean dago. Mikel Ricori, Sabin Merinori eta Xabi Etxeitari ere kontratua amaitzen zaie. Azken bi horiek utzita daude. Eta Alex Remiro ere antzeko egoeran dago. Urrutiaketen egin zituen negoziazioak atezainarekin. Bada, Elizegik azken ahalegina egingo du. Atezaina ere prest dago taldearekin biltzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.