Gotorlekuko sinergiak

Aurreko sasoian etxean lortutako garaipen kopurua gainditu du jada Realak, eta bide horretan segitu nahi du gaur. Zazpigarrena luke jarraian: inoizko gehien.

Realeko jokalariak, aurreko jardunaldian, Adnan Januzajek sartutako gola ospatzen. Txuri-urdinek 3-0 irabazi zioten Valentziari. JON URBE / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2020ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Etxean bezala inon ez dela egoten dio esamoldeak, eta leloa bere eginda ari da Reala azkenaldian. Donostiarrak nagusi izan dira Anoetan jokatutako azken sei partidetan, eta, zazpirekin, inoizko markarik onena ezarriko dute gaur Valladolid menderatzen badute.

Amara auzoko estadioan lortutako egonkortasuna bere garai onaren ardatz bilakatu du Realak, estadioa gotorleku bihurtzeraino.Zenbait alderdiren sinergiak ahalbidetu du hori.

ATEAREN AURREAN, ONDO
Gol ugari


Sasoi hasieratik, etxean ondo ari da Reala. Anoeta eraberrituaren estreinakoan aise azpiratu zuen Atletico Madril (2-0), eta, bidean zenbait oker egin dituen arren —Getaferen, Leganesen eta Vila-realen aurka— , garaipenaren bidera itzuli da berandu baino lehen. Horretan zeresan nabarmena izan du Anoetan sartutako gol kopuruak; txuri-urdinek 26 gol egin dituzte beren estadioan jokatutako ligako hamabi partidetan. Donostiatik urrun aritu direnetan, berriz, hamar gol gutxiago sartu dituzte Imanolen jokalariek.

Alegia, ligako neurketa bakoitzeko bi goletik gora egin dituzte batez beste. Datua are adierazgarriagoa da partidak banan-banan aztertuz gero. Realak etxeko norgehiagoka guztietan lortu du aurkariaren atea zulatzea, emaitza izan dena izan dela ere.

Etxean gola sartzen dutenen zerrenda luzeagoa da Donostiatik urrun lortu dutenenarekin alderatuta. Nolanahi ere, aurrelariak daude zerrenda horren buruan. Bost egin ditu Willian Josek, lau Oiartzabalek, eta hiruna Alexander Isakek, Cristian Portuk eta Mikel Merinok. Aurkariaren atea birritan zulatu dute Natxo Monrealek eta Martin Odegaardek, eta behin Robin Le Normandek, Adnan Januzajek eta Ander Barrenetxeak.

Espainiako Kopan hiru neurketa jokatu dituzte txuri-urdinek etxean, eta, zazpi gol sartuta, ligakoaren tankerako batezbestekoak lortu dituzte: hiru gol sartu zizkion Osasunari, eta bina Espanyoli eta Mirandesi.

ATZELARIEN BERPIZTEA
Azken asteetan, txukun


Aurrean aise eta atzean ziur egotea da futbolean puntuak ateratzeko modurik azkarrena, eta azken asteetanhorixe jarri du praktikan Realak. Getaferen, Vila-realen eta Leganesen aurkako partidetan, itxura eskasa eman zuen, baina bere onera itzuli da talde txuri-urdina, eta azken jardunaldietan asmatu egin du bere atea ixten.

Hala, ligan eta Kopan jokatu dituenetxeko azken sei partidetatik hirutan atea hutsean mantendu dute txuri-urdinek, eta gainontzeko hiruretan gol bakarra sartu diete. Kopan, Alex Remiroren atea zulatzea lortu zuten Osasunak eta Mirandesek, eta Athleticek ligan. Aldeko golekin konpondu dute hori, eta sei norgehiagoka horiek aldeko izan ditu Realak.

ZALEEK ERE JOKATZEN DUTE
Inoiz baino gehiago


Taldearen jokoak eta Anoetaren eraberritzeak bat egin dute aurten, eta horrek zaleak erakarri ditu Anoetara. Hainbeste, ezen sasoi honetan zenbait aldiz gainditu baita Realak historian etxeko partida batean izandako ikusle kopurua. Egun, 36.689 ikusletan dago langa.

Halaber, batez beste 30.700 lagun joan ohi dira Anoetara, aurreko sasoian baino 8.300 gehiago, eta bazkide kopurua ere inoiz baino handiagoa da. Realak atzo bertan jakinarazi zuen 35.000 bazkideren langa gainditu duela. Azken asteetan, jai baten gisakoa bihurtu da Anoeta; taldeak zaleak elikatu ditu, baina alderantziz ere gertatu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.